Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak beren txartel gorriekin

Ikasleak beren txartel gorriekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Generoan Aditua titulu berekiko ikasleek bat egin dute “Atera txartel gorria tratu txarrak ematen dituenari” kanpainarekin. Berdintasunerako Ministerioaren ekimen horren helburua da ahalik eta atxikimendu gehien biltzea genero indarkeriaren aurka. Kanpainak beste urrats bat eman nahi du genero indarkeria desagertarazteko erronkan, lankidetza bilatuz pertsona ezagunen artean, arlo profesionalean, alderdi politikoetan, sindikatuetan eta gizarte erakundeetan. Pertsona horiek prest daude telebistan iragarki bat egiteko edo argazki batean agertzeko, tratu txarrak ematen dituztenei txartel gorria erakusten dietela, gizartearen gaitzespena erakusteko.

NUPek eskaintzen duen titulu bereki horretako ikasleak, gehienak emakumeak baitira, ikasturtearen bukaerako ekitaldiaz baliatu dira ekintza sinboliko horrekin bat egiteko eta argazki batean agertu dira, txartel gorria erakusten dutela genero indarkeriari gaitzespena adierazteko. Argazki hori Berdintasunerako Ministeriora bidali da, aipatu mugimenduari atxikitzeko. Horren jarraipena www.sacatarjetaroja.es webgunearen bidez egin daiteke.

Generoaren gaineko espezialitate modulua orain dela hiru urte ematen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Gizarte Laneko Sailak zortzi urtetan zehar generoaren arloan sustatutako programen irakaskuntza finkatuz. Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin izeneko Unibertsitate Masterrean ematen da Genero Modulua eta, orain dela bi urte, titulu berekia da. Modulua Blanca Fernández irakasleak zuzentzen du, eta Instituto para la Promoción de Estudios Sociales–IPES Elkartearen lankidetza du. Berdintasunerako Ministerioaren, Berdintasunerako Nafar Institutuaren eta Iruñeko Udalaren diru-laguntza du.


Berdintasun arloko profesionalak prestatzea


Ikasketa hauek, ezaugarri horiekin Nafarroan ematen diren bakarrak, prestakuntzarako tresna baliagarri gisa finkatu dira, genero profesionalak, berdintasunerako eragileak eta berdintasunerako politiketan adituak prestatzeko. Lanbide horietan izan den gorakada emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzeko 3/2007 Lege Organikoarekin lotuta iritsi da, eta hainbat ekimen abiarazi ditu, genero ikuspegia dutenak eta botere publiko guztien eta eragile sozialen parte hartzea eskatzen dutenak. Generoaren gaineko espezializazio modulo honetako ikasle asko abokatuak, erakunde edo enpresetako berdintasun eragileak edo gobernutik kanpoko erakundeetako teknikariak dira, beren jarduera profesionalean genero ikuspegia sartu behar dutenak, edo politika publikoen bidez hura bermatu behar dutenak.

Programaren edukien artean genero desberdintasunen analisiaren gaia dugu, eta lanean, hezkuntzan, osasunean, familian, parte hartze politiko eta sozialean eta indarkerian nola islatzen diren azaltzeko gaia. Halaber, ikasleek emakumeen egoera soziala ezagutzen dute, eta esku-hartze soziala genero ikuspegiaz burutzeko praktikak aztertzen dituzte. Lantzen den beste alderdi garrantzitsu bat da esku-hartze sozialerako programa eta proiektu zehatzak planifikatu, garatu eta ebaluatzea.

NUPek genero programetan duen ibilbideari eta Genero Ikerketarako Taldearen bidez egindako lanei esker moduluak lehen mailako hogeita hamar bat aditu izan ditu gonbidaturik ikasturtean zehar, ezagutzen trukea ahalbidetu dutenak.