Umorearen eta irribarrearen ahalmena, Santiagoko Bidea, biodibertsitatea, haur eskolak edo enpresa-etika dira Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin sustatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dituen udako ikastaroetarako hautatutako gaietako batzuk, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen X. edizioaren barruan. Egitaraua Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin (NAPI) batera antolatutako hitzaldi ziklo batekin osatzen da. Zikloaren izenburua da “XXI. mendeko gakoak, gatazkak eta erronkak”.
Iruñeko Kondestablearen jauregian egingo diren udako ikastaroen xedea da unibertsitateko bizitza nafar gizartearengana hurbiltzea hiritar guztiei zuzendutako jarduera kultural eta zientifikoen bidez. Ikastaroak heldu den ekainaren 16an hasiko dira, eta irailaren 28an bukatuko dira. Inskripzioa eta matrikula zabalik daude, eta NUPen (www.unavarra.es) webgunearen bidez egin daiteke. Bertan ikastaro bakoitzaren egitarau osoak ere ikus daitezke. Uda honetan eskainiko diren ikastaroak honako hauek dira:
- Umorearen eta irribarrearen ahalmena osasun tresna gisa (ekainaren 16tik 18ra): umorea aztertuko da, bizitzari modu sortzaileagoan, atseginagoan eta estres gutxiagorekin aurre egiteko tresna gisa. Nupeko Esperientziaren Gelako ikasleei eta ikasle ohiei zuzenduta dago.
- Bidearen zaporeak (ekainaren 21etik 25era): egun horietan Foru Erkidegoan Santiagoko Bidea egiten ari diren erromesei zuzenduta dago. Nafarroako Santiagoko Bidearen Adiskideen Elkartearekin lankidetzan antolatutako ikastaroak Nafarroako zaporeenganako hurbilketa eskaintzen du, dastaketen bidez eta bisitak eginez Zangotzara eta Elizondora.
- Min miofaszialaren tratamentu instrumentala. Kakotze teknika (ekainaren 22tik 25era): Fisioterapian diplomadunei eta Diplomaturaren azken ikasmailako ikasleei zuzenduta dago. Ezagutza teorikoak ematen ditu teknika honi buruz, eta modu praktikoan garatzen ditu haztatzeko trebetasuna eta abilezia horretarako behar den tresneriarekin.
- Biodibertsitatea eta natura-guneen kudeaketa (ekainaren 28tik 29ra): nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako jarduerek ekosistemen iraunkortasunean duten eragina eta horiek errealitate bihurtzeko proposatu diren irtenbideak aztertuko dira. Ikastaroa nekazaritzako erakundeetako eta sindikatuetako kideei, biologoei, ikasleei, basozainei eta jende guztiari zuzenduta dago.
- Enpresa-etika eta jokabide kodeak (ekainaren 30ean, uztailaren 1 eta 2an): helburua da aztertzea jokabide kodeen eduki materiala, arauen eraginkortasuna, nola sartzen den hori Espainiako ordenamendu juridikoan, eta praktikan jartzeak dakartzan arazoak. Ikastaroa giza baliabideen eta antolamenduaren arduradunei, abokatuei, gizarte graduatuei, lan arloko aholkulariei, sindikatuei eta enpresa erakundeei zuzenduta dago.
- Bi itsasertzetako gaztelania (uztailaren 1, 2 eta 3an): Amado Alonso (1896-1952) nafar filologoaren eta bere lanaren omenez antolatutako ikastaro honek nabarmendu nahi du, haren hizkuntzalaritzako ekarpenen gaurkotasuna gaztelaniari dagokionez, izan ere, 450 milioi hiztun dituen den hizkuntza baita. Gaztelania lan tresna gisa erabiltzen dutenei zuzenduta dago: Gaztelania eta Literatura irakasleei, kazetariei, publizistei edo abokatuei.
- Giza eskubideak, giza garapena eta hiritartasuna. Mundu bakarra, begiratu askotarikoak (uztailaren 27, 28 eta 29an): ekonomia sistemaren krisiak ondorioak izan ditu herrialde txiroenetako populazioaren giza eskubideetan, beren garapenean gabezia eta atzerakada larriak jasan baitituzte. Ikastaro honetan errealitate horri buruzko hausnarketa egingo da eta, begiratu askotarikoetatik, pizgarriak ekarriko dira pobreziaren aurkako borrokara, lankidetzara eta hiritartasunaren garapenera. NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak antolatu du.
- Haur eskolak eztabaidagai: umeak hazteko testuinguruak eta aldaketa faktoreak eskaeren erantzun sozialean (abuztuaren 9, 10, 11, 12 eta 13an): ikastaro honek hausnarketarako, topaketarako eta eztabaidarako foro bat izan nahi du, Haur Hezkuntzak gizartean duen pertzepzioari buruz, bere garrantziari buruz, eta harrerarako eta hezkuntzarako gure herrialdean eta inguruko herrialdeetan dauden egiturei buruz. Lehen haurtzaroari erantzuten dioten sektoreetan jarduten duten profesionalei, beren familiei, ikasleei, elkarteei eta erabiltzaileei zuzenduta dago.
- Santiagoko Bidearen inguruko aztarnak (irailaren 14, 15 eta 16an): Ateneo Navarro/Nafar Ateneoarekin batera antolatuta eta jende guztiari zuzenduta dagoen ikastaro honek Santiagoko Bidera hurbilketa egin nahi du, honako gaia hauek aztertuko dituzten hitzaldien bidez: aztarna klunitarrak, Iruñeko Ziudadela, edo Santiagoko Bideko zubiak.
- XXI. mendeko gakoak, gatazkak eta erronkak (irailaren 20, 21 eta 28an): hirugarren edizioa beteko duen hitzaldi ziklo hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin lankidetzan antolatuta dago, eta jende orori zuzenduta. Lau hitzaldiren bidez, ziklo honen helburua da ekarpenak egitea eta erantzunak ematea mende honetako erronkei eta gatazkei.