Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Jesús Irurre, Alberto Catalán, Julio Lafuente, Mario Rubiralta eta José Manuel Pastor.

Ezkerretik eskuinera, Jesús Irurre, Alberto Catalán, Julio Lafuente, Mario Rubiralta eta José Manuel Pastor.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakaskuntza eta ikerketa jarduerak funtsezko faktoreak dira produkzio egituren eraldaketan, eta ezinbestekoak dira ekonomiaren lehiakortasun maila handitzeko eta hiritarren bizi maila areagotzeko. Gainera, Unibertsitateak gizarteari 1,7 euro itzultzen dio bere finatzabidean inbertitutako euro bakoitzeko, eta azken hamarkadan Nafarroak izan duen batez besteko hazkunde osoaren % 16,3 Nafarroako Unibertsitate Publikoari esker izan dela esan ahal da.

Hauexek dira Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas (IVIE) erakundeak egindako “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ekarpen sozioekonomikoa” izeneko txostenean azaltzen diren ondorio orokorretako batzuk. Txostena gaur arratsaldean aurkeztu da Fernando Remacha aretoan Nafarroako erakunde nagusietako eta ekonomia eta gizarte eragile nagusietako ordezkarien aurrean.

zoom Aretoaren irudia txostenaren aurkezpenean.

Aretoaren irudia txostenaren aurkezpenean.

Azterlan honekin, NUPen helburua da erantzun objektiboak ematea Unibertsitateak Nafarroako ekonomiari eta hiritarrei emandako ekarpen sozialari buruzko galderei. Erakunde publikoa den heinean, Unibertsitateak garrantzitsutzat jotzen du prestakuntza eta ikerketa lanetan duen eraginkortasun maila ezagutzea, haien gizarte-errentagarritasuna ebaluatzea eta, bereziki, Nafarroako Foru Erkidegoaren garapenean eta ongizatean duen eragina neurtzea.

Mota honetako azterlanak ohikoak izaten dira beste herrialde batzuetako unibertsitateetan, bereziki Estatu Batuetan; hala ere, azterlan horietan, input/output metodologia edo arlo arteko taulak erabiliz, epe laburrean sorrarazten dituen eraginak zenbatzen dira funtsean. NUPen azterlanaren kasuan, IVIEk garatutako proposamen metodologikoak dakarren berrikuntzetako bat da ekonomia eta gizarte eraginak hartzen dituela kontuan epe laburrean zein luzean, hain zuzen ere.

NUPen jardueraren ondorioak aldagai multzo oso anitzaren gainean ebaluatu dira, hala ere, guztiak dira oso garrantzitsuak Nafarroarentzat: goi mailako ikasketen eskaintza eta tituludunak ateratzea, patenteak sortzea, enplegua, ekoizpena, errenta, produktibitatea eta lansariak, giza kapitala, kapital teknologikoa, langabezia tasa eta jarduera tasa, ekonomiaren hazkundea, per capita errenta eta zerga-bilketa, besteak beste.


Ohiko jardueraren eragina


Azterlanaren arabera, Unibertsitateak sortzen duen jarduera ekonomikoa bere aurrekontuetan eta plantillan islatzen dena baino askoz handiagoa da, beste sektore eta jarduera askotan eskaria eta enplegua dakarten motor gisa jarduten baitu. Eskariaren aldetik, Unibertsitatearen eragin globala ateratzen da, bere jarduera produktiboari lotutako jardueren eragin osoa gehituz; hau da, gastua sorrarazten duten lau eragile motek sortutakoa (Unibertsitatea bera, ikasleek, familiek, eta jardunaldi eta biltzarretan parte hartzen dutenek).

zoom Julio Lafuente Errektorea ekitaldiaren une batean.

Julio Lafuente Errektorea ekitaldiaren une batean.

Aurreko irizpideak kontuan hartuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduerak, esaterako, Foru Erkidegoarentzat 345,3 milioi euroko gehigarria dakar output-etan (salmentak), izan ere, 94,4 milioi beraren jarduera produktiboarenak eta 250,9 milioi bere jarduerak gainerako sektoreetan dituen ondorio zuzenak, zeharkakoak eta eragindakoak: hezkuntza, higiezinak eta enpresa zerbitzuak, merkatarizta eta konponketa, ostalaritza, garraioa eta komunikazioak eta eraikuntza, gehienbat.

Bestalde, errentari dagokionez, bere jarduerak 171,6 milioi euro gehitzen ditu: 55,9 milioi bere jarduerari dagozkionak, eta 115,7 milioi lotutako jardueren ondorioz, hasierako eragina hirukoiztu egiten delarik. Era berean, NUPek 3.677 lanpostu sortzen ditu Nafarroan: 1.335 Unibertsitatearen beraren jarduerak sortutakoak, eta 2.342 lotutako jarduerak sortutakoak. Unibertsitatearen beraren jarduera eta lotutako jarduera Nafarroaren Barne Produktu Gordinaren % 0,93 eta enpleguaren % 1,09 da.


Hiritarren ongizatean laguntzen du


IVIEren azterlanean ziurtatzen da eskariaren bidezko epe laburreko eraginaz gain, Unibertsitatearen ekarpenen emaitza gehienak epe luzera sortzen direla, giza baliabideak eta beren irakaskuntza eta ikerketa jardueretan sortutako ezagutza heltzen direnean.

Horrela, eskaintzaren bidez, Unibertsitateak errenta eta hazkunde ekonomikoa sortzen laguntzen du, giza baliabideen eta teknologia baliabideen hazkundearen bidez. Horrekin nabarmen areagotzen du Nafarroako ongizate ekonomiko eta soziala.

Unibertsitateak ekarpen handiak egiten ditu giza kapitalaren eta kapital teknologiko ekintzailearen metaketan. Unibertsitateak langile kualifikatuak prestatzen ditu, eta horrekin Foru Erkidegoaren jarduera tasaren indizea 0,7 puntutan handitzen eta langabezi-tasa % 1 murrizten laguntzen du. Zenbaki absolutuetan, azterlanaren arabera, horrek esan nahi du bere ekarpenik gabe, Nafarroan ia mila landun langile gutxiago egongo liratekeela.

Bestalde, eskura dauden produkzio baliabideen bolumena handitzen du. 1995. urtetik I+Gn egindako gastuek 120 milioi euroko kapital teknologikoa sorrarazi zuten 2008an, izan ere, Nafarroako azpiegitura publikoetako kapital stock osoaren % 1,7 dena.

Era berean, Unibertsitateak jarduera ekintzaileak eta enpresekiko elkarreragina dinamizatzen ditu. Enpresak Sustatzeko Tokiaren eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez, 38 enpresen proiektu lagundu dira eta, horietatik, gutxienez 20 eduki teknologiko eta berritzaile handiko enpresa eratu ziren.

Unibertsitateak hazkunde ekonomikoan eta Foru Erkidegoaren per capita errenta handitzen ere laguntzen du. Azterlanaren arabera, 1995. eta 2008. urteen artean Nafarroako hazkunde tasaren indizea 0,6 puntutan handitzen lagundu zuen. Bestela esanda, Nafarroako ekonomiaren azken hamar urteotako batez besteko hazkunde osoaren % 16,3 zuzenean eta zeharkakoa ere Unibertsitateari eskertu behar zaiola esan ahal da. Unibertsitateak 1995. urtetik egindako ekarpenik gabe, Foru Erkidegoaren per capita errenta gaur egungoa baino 1.935 euro gutxiago (% 6,3 txikiagoa) izango litzateke.


Zerga onurak


Azterlanaren beste ondorioetako bat da Nafarroako gizarteak NUPen inbertitzen duena baino % 70 gehiago eskuratzen duela. Txostenean azaltzen da goi mailako hezkuntzan inbertitzetik eratortzen diren zerga onurak Nafarroako Ogasunerako (tituludunek zerga handiagoak ordaintzen dituzte eta langabeziako prestazio gutxiago jasotzen) arlo honetan egindako gastu publikoa erraz berreskuratzeko bidea ematen dutela.

Gehitzen du Nafarroan Unibertsitatetik ateratzen direnek urtero laguntzen dutela PFEZaren eta BEZaren zerga bilketan 105 milioi euro gehiago jasotzen, (83,2 milioi PFEZagatik eta 21,9 milioi BEZagatik), alegia, 105 milioi euro gehiago jasotzen direla, pertsona horien errentak bigarren hezkuntza soilik duten zergadunen mailakoak izanez gero, jasoko litzatekeenaren aldean.

Bide honetatik egiten den bilketa gehigarria Nafarroan Foru Ogasunean PFEZaren eta BEZaren bidez biltzen den kopuru osoaren % 5,5 da, eta Unibertsitateak 2008. urterako duen aurrekontua baino % 16,4 handiagoa da.

Zerga onura guztiak (zuzeneko eta zeharkako zerga handiagoak eta tituludunek langabeziako prestazio gutxiago jasotzen dituztela) alderatuz gero goi mailako hezkuntzan inbertitzeko kostuarekin, ikusten da gizarteak NUPen inbertitzen duen euro bakoitzeko 1,7 euro jasotzen dituela.


Unibertsitatea zenbakitan


Azkenik, azterlanean Unibertsitate Publikoaren argazki bat biltzen da jarduera-zenbaki nagusien bidez. Horrela, txiki-ertain motako unibertsitate gisa definitzen du, bertan 8.000 ikaslek ikasten dute (7.400 graduetan eta aurreko titulazioetan eta 730 graduondoko ikasketetan), eta horietatik, % 90 nafarrak dira. Irakaskuntza eskaintza bi jakintza arlotan biltzen da: Gizarte Zientziak eta Juridikoak, eta Ingeniaritzak, matrikula osoaren % 93 egiten dutenak. Osasun Zientzien adarrak biltzen du gainerako % 7a.

I+G jarduerari dagokionez, 2008an Unibertsitate Publikoan 891 ikertzaile zeuden 101 taldetan sartuta, nazio mailako 104 proiektu eta nazioarteko 7 proiektu garatzen (14 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin).

Produkzio zientifikoa gutxi gorabehera % 160 hazi da azken hamaika urteotan, Espainiako batez bestekoa % 118 den artean. Irakasle bakoitzeko ratioak hogeita laugarren lekuan jarri du NUP Espainiako 71 unibertsitate publiko eta pribaturen arteko sailkapenean. Ikerketagatik dauden finantza sarrera pribatuen eta unibertsitate bakoitzean lanaldi osoz jarduten duten irakasleen arteko zatiketaren araberako hurrenkeran 6. lekua hartzen du.

Giza baliabideen kapituluan, Unibertsitateak 911 irakasle eta ikertzaile ditu eta % 21 hazi da azken zortzi ikasturteotan. Hala ere, hazkunde hori deskonpentsatua izan da: lanaldi partzialeko irakasle elkartuen indizea nazioko batez bestekotik 14 puntu gorago dago. Izan ere, irakasle funtzionarioak % 41 dira, nazioko batez bestekoa % 53 den artean.

Bestalde, irakaskuntza eta ikerketa lanetan laguntzeko eta kudeaketarako eta administraziorako plantillan dauden langileak 426 ziren 2008. urtean.

Azkenik, urte horretan Unibertsitateak 90,2 milioi euro gastatu zituen; horietatik, Nafarroako Gobernuak transferentzia arruntetan 60,6 milioi eman zizkion eta inbertsioetarako 10 milioi (8,6 milioi Tuterako campuserako). Gainerakoa, matrikulen bidez, zerbitzuak ematearen bidez eta bestelako kontzeptuen bidez jasotako diru-sarrerekin ordaindu zen.