Nafarroako Unibertsitate Publikoko lau ikasle parte hartzen ari dira MOOT Madrid izenekoan, Madrilgo Carlos III Unibertsitateak eta Nazioarteko Merkataritza Zuzenbiderako Nazio Batuen Batzordeak antolatutako Arbitrajeari eta Nazioarteko Merkataritza Zuzenbideri buruzko lehiaketa batean (CNUDMI/UNCITRAL). Lehiaketa honetan parte hartzen duen NUPeko lehen talde hau Zuzenbidea eta EAZL lizentziatura bikoitzeko 5. mailako ikasleek osatzen dute. Gonzalo de las Heras Zúñiga, Andrea Díez de Ure Loinaz, Lucía Garcés Galdeano eta Amaia Muruzábal Fernández dira taldeko kideak.
Lehiaketan hainbat fase daude, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek dagoeneko gainditu dituzte horietako bi. Urtarriletik garatu den lehen fase honetan, antolatzaileek parte hartu duten talde guztiei planteatu dieten nazioarteko arbitraje kasu konplexu bat ebatzi behar izan dute. Antolatzaileek planteatutako kasuarekin lotutako auzi eske bat idaztean oinarritu da lana, izan ere, antolatzaileek beste talde baten idazki bat igorri diete, horretan oinarrituta, hari erantzuteko idazki bat presta dezaten. Horretarako, Zientzia Juridikoen eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateetako irakasleen lankidetza izan dute. Bi ikastegi hauek, gainera, torneo honetan parte hartu duten ikasleen inskripzioa ordaintzeaz arduratu dira.
Hirugarren eta azken fasea Madrilen egingo da modu presentzialean, ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean. Parte hartzen duten taldeek eztabaida-ligaren antzeko modalitate batean lehiatuko dira eta beren aurkariekin aurrez aurre jarri beharko dituzte beren lanetan azaldutako argudioak, ahozko epaiketa bat bailitzan. Fase honetan zehar, talde bakoitza lau aldiz lehiatuko da txanda orokorretan beste lau talderen aurka, salatzailearen eta salatuaren jarrerak tartekatuz. Antolatzaileek sariak emango dizkiete ahozko faseko talde hoberenari, hizlari hoberenari, idatzitako auzi eske hoberenari eta auzi eskeari erantzuteko idazki hoberenari.
(MOOT) Arbitrajeari eta Nazioarteko Merkataritza Zuzenbideri buruzko lehiaketaren xede nagusia da Zuzenbideko ikasleak prestatzea Nazioarteko Merkataritza Zuzenbide Estandarrari buruzko gaietan eta Nazioarteko Merkataritza Arbitrajearen bidez ebaztea. Lehiaketa honen helburua da, bihar edo etziko abokatuen prestakuntzaren bidez, sustatzea honako hauekin lotutako lege-testuen ezagutza eta erabilera: merkantzien nazioarteko salerosketa, merkantzien nazioarteko garraioa, nazioarteko kaudimengabezia, merkataritza elektronikoa, nazioarteko kontratazioa, merkataritza bermeak edo inbertsioak. Era berean, eta lehiaketaren egituragatik eta funtzionamenduagatik beragatik, nazioarteko merkataritza arbitrajearen baliabidea sustatu nahi da nazioarteko merkataritza kontratazioetan gertatzen diren desadostasunak ebazteko ohiko tresna bezala, eta gaztelaniaren erabilera ere sustatu nahi da nazioarteko transakzioetan.