Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Jorge Oteiza Katedrak “Zer da gaur arte garaikidea?” izeneko nazioarteko sinposioa inauguratuko zuen atzo, asteartea, maiatzak 4, Nafarroako Museoan. Sinposioan, 70etik gora pertsonak parte hartuko dute. Hasiera-ekitaldia 18:30ean izan zen Museoko Ekitaldi Aretoan, eta Alexander Alberro zikloaren zuzendariak egin zuen irekitze hitzaldia. Alexander Alberro Artearen Historiarako Virginia Bloedel Wright izenekoaren irakaslea da Columbiako Unibertsitateko Barnard Collegen, eta arteari buruzko argitalpen ugariren egilea. Nafarroako Gobernuaren finantzabidearekin, Ankaria Fundazioaren babesarekin eta Nafarroako Museoaren lankidetzarekin egingo da sinposioa.
Terry Smithek eman zuen lehen hitzaldia, “Arte garaikidea: bermodernitatea, trantsizioak, itzulpena” izenburukoa, 19:30etik aurrera. Terry Smithek Arte Garaikidearen Historia eta Teoriaren Andrew W. Mellon katedra betetzen du Pittsburgheko Unibertsitateko Artearen eta Arkitekturaren Historia Sailean, eta irakasle bisitaria da Sydneyko Unibertsitatean. Azken horretan Arte Garaikidearen Power katedra bete zuen 1994tik 2001era bitartean, eta Power Institutua zuzendu zuen.
Gaur, asteazkena, Pamela Leek irekiko du 10:00etan jardunaldia. Stanfordeko (Kalifornia) Unibertsitateko Artea eta Artearen Historia Saileko katedraduna da, eta han arte modernoaren eta garaikidearen historia, teoria eta kritika irakasten du. Pamela Leek “Joko berriak” izeneko hitzaldia emango du.
Juliane Rebentisch, Frankfurteko Johann Wolfgang Goethe Unibertsitateko filosofiako irakaslea, eta unibertsitate bereko “The Formation of Normative Orders” Bikaintasun Klaustroko kidea, izango da sinposioko hirugarren hizlaria. Bere hitzaldia, “Aurrerabidea eta autonomia arte garaikidean” izenburukoa, 12:15ean hasiko da. Andrea Giuntak amaiera emango dio zikloari 16:30etik aurrera “Agiritegien xarma” izenburuko hitzaldiarekin. Andrea Giunta Latinoamerikako arteko irakaslea da Texasko Unibertsitatean (Austin). Bertan Latinoamerikako Artearen Mintegi Iraunkorra (PSLA) eta Latinoamerikako Ikusizko Ikasketen Zentroa (CLAVIS) zuzentzen ditu. Hitzaldi bakoitzaren ondoren, solasaldia izango da, eta Alexander Alberro sinposioaren zuzendariak ondorioen berri emango du amaieran.