Joan eduki nagusira

zoom Kaleak oinezkoentzat jartzeak kutsadura akustikoa murrizten laguntzen du

Kaleak oinezkoentzat jartzeak kutsadura akustikoa murrizten laguntzen du

Kutsadura akustikoa % 41 murriztu da Iruñean hogei urtean, eta Madrilen, berriz, % 17, bost urteko epean. Kutsadura akustikoak denboran zehar bi hirietan izan duen bilakaeraren emaitzetako batzuk dira hauek. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisika Saileko Akustika Taldeak egin ditu, eta Journal of the Acoustical Society of America (JASA) Akustikaren Amerikar Elkartearen aldizkari entzutetsuak argitaratu ditu.

Kutsadura akustikoak Iruñean eta Madrilen izan duen bilakaerari buruzko emaitzak erakusten ditu artikuluak, “Kutsadura akustikoa gutxiagotzen ari da hiri eremuetan?” izenekoak, eta ondorioztatzen du, bi kasuetan, gutxiagotu egin dela denborarekin. Ikerketaren garrantzia, Miguel Arana Burgui taldeko ikertzaile arduradunaren arabera, honetan datza: aztertutako denbora-tarteetan metodologia bera erabili da, eta ondorioztatu da emaitzak estatistikoki esanguratsuak direla. “Orain arte, azterketa eta mapa akustikoak egin ziren hiri askotan, baina arazoa zen ez zirela metodologia berekin egin eta ezin zirela datu erabakigarriak eskaini”.

Egia bada ere bi hirietan soinu kutsadura jaitsi egin dela, ezin da esan non jaitsi den gehien, denbora-tarte ezberdinak aztertu baitira. Alabaina, bost urteko epea (Madril) 20 urtera estrapolatzen bada, murrizketa handiagoa litzateke hiri honetan.

Iruñeari dagokionez, mapa akustikoak 1988, 1998 eta 2008. urteetan egin ziren (162 neurri-estaziotatik abiatuz) eta hiri osoan zarata ia 2 dezibel jaitsi dela erakutsi dute. Madrilen (20 neurri-estazio), murrizketa 0,7 dezibel ingurukoa da bost urteko epean, 1999tik 2003ra. Arana irakaslearen iritzian, bildutako datuen espazio eta denbora tarte zabala dela eta, esan daiteke zarata murrizketak guztiz esanguratsuak direla.

Kutsadura eta ibilgailuen trafikoa

Ibilgailuen trafikoa da kutsadura akustikoaren iturri nagusia hirietan. Soinu kutsaduraren mailen eta ibilgailuen trafikoaren aldagaien arteko harremanaren analisitik ondorioztatu zen zarata mailaren murrizketa, nagusiki, iturri mugikorren soinu-igorpen txikiagoari zor zaiola; hau da, trafikoa areagotu bada ere, soinu kutsadura murriztu egin da. Datuen analisitik nabarmen daitekeen alderdietako baten arabera (igorritako gehienezko balioekin lotutako pertzentil-mailen bilakaera aztertuz), badirudi gidariak gidatzeko ohitura hobeak dituztela, eta, aldagai horiek bakarrik Iruñean neurtu baziren ere, “pentsatzekoa da alderdi hori beste hiri batzuetara estrapola daitekeela”, adierazi du Aranak. Iruñeari dagokionez, nabarmendu zuen kutsadura akustikoa jaitsi egin dela aztertutako barruti batean oinezkoentzako eremuak ezartzearen ondorioz.