Boliviako goi-lautadan bizi diren hogei bat familiak elektrizitatea dute beren etxebizitzetan proiektu bati esker, eta proiektu horretan parte hartu du Pablo Paz Sagüés Nafarroako Unibertsitate Publikoko industria ingeniari teknikoak (Elektrizitatea espezialitatean) eta Energia Berriztagarrietan Masterra duenak. Mugarik gabeko Ingeniaritza GKEk sustatu du ekimena, Ekuador, Peru eta Boliviako Landa Elektrifikaziorako Andeetako Proiektuaren barnean dago, eta alderdi horietan bizi diren komunitateen bizi kalitatea hobetu nahi du energia berriztagarrien bidez (eguzki-energia eta energia eolikoa).
Kasu honetan, mikro aerosorgailuak jarri dira, hiru foku eta bi entxuferentzat behar beste argi egiteko gai direnak. Mugarik gabeko Ingeniaritza GKErekin eta Universidad Mayor de San Simónekin (Cochabamba-Bolivia) sinatutako hitzarmenaren bidez parte hartu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak proiektu honetan.
Garapenerako lankidetzaren esperientzia horretaz baliatuz, Pablo Pazek Master Amaierako Lana egin du eta Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa izeneko ikasketak bukatu ditu, zeinak Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen baititu. Mugarik gabeko Ingeniaritzak erakundeak Perun abiarazitako proiektua Boliviako goi-lautadako baldintzetara egokitu zuen Pablo Pazek.
Lana bi fasetan
Lehenengo fasea joan den urteko uztaila eta iraila bitartean garatu zen, eta, denbora tarte horretan, Pablo Pazek saiakuntza eta simulazioak egin zituen NUPeko instalazioetan, Boliviako goi-lautadan hiri guneetatik bakanduta bizi diren landa komunitateetako etxebizitzak argiz horni ditzateketen aerosorgailu txikiak instalatzeko aukera teknikoak ezagutzeko. Horretarako, Esteban de Paz NUPen titulua jaso zuen Nekazaritza Ingeniari eta Mugarik gabeko Ingeniaritza erakundeko kideak 2008an lekuan bertan egindako baliabide eolikoari buruzko balioespenaz baliatu zen.
Proiektuaren bigarren fasea Bolivian garatu zen. Pablo Paz 2009ko iraila eta abendua bitartean egon zen han, mikro aerosorgailuak instalatzeko. Osotara, 24 errota instalatu zituen beste hainbeste familien etxebizitzetan. Aerosorgailuek 100 watteko indarra dute, eta haiei esker familiek kontsumo txikiko hiru foku eta bi entxufe dituzte.
Ezaugarri horiek dituen errota batek, osotara, 1.300 dolar balio du. Baina komunitate horietako familiek 1.200 dolar inguruko diru-laguntza jasotzen dute Boliviako toki eta probintzia erakundeetatik, Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziatik edo Nafarroa eta Kataluniako gobernuetatik.