Joan eduki nagusira

zoom Laura Arnedo Ajona

Laura Arnedo Ajona

Laura Arnedo Ajonak, NUPen Ekonomian lizentziadunak, porrot egoeran dauden enpresetako kontabilitate manipulazioa aztertu du bere doktoretza tesian. Enron edo Worldcom bezalako enpresetan izan diren mundu mailako finantza-aferak direla medio, azken urteetan nabarmen areagotu da arlo horrekiko interesa. Bere ikerketaren emaitzek erakutsi dute “kontu-ikuskariek manipulazio kasu ugari aurkitzen dituztela”, behar-beharrezkoak badira ere “Espaniako ikuskaritza txostenaren egungo ereduaren erabilgarritasunari buruzko eztabaida sakona, eta ikuskapen eta kontrol handiagoak”.

Fermín Lizarraga Dallo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleak zuzendu du bere doktoretza tesia, “Kontabilitate manipulazioa eta kontu ikuskariaren jokabidea. Espainian porrot egoeran dauden enpresei buruzko analisi enpirikoa” izenekoa. Laura Arnedo Ajonak Nafarroako Estatistika Institutuan lan egiten du egun.

533 enpresako lagina erabili zuen bere ikerketa-lanean, eta osorik aztertu zuen enpresek porrot egin aurreko bost urteetan aurkeztutako ikuskaritza txostenen edukia. Enpresek egindako kontabilitate manipulazioaren garrantzia aztertu zuen lehenengo, kontu-ikuskariak ikuskaritza txostenetan jasotzen duen bezala. Hori egiteko, ezaugarri orokorrak eta ezaugarri espezifikoak aztertu dira, enpresen kontuetan aurkitutako akats ohikoenen izaera, kopuru eta arrazoiei buruzkoak. Emaitzek frogatu dute “kontu-ikuskariek manipulazio kasu ugari aurkitzen dituztela, zeinek sortu diren ingurunearekin zerikusia baitute hein handi batean”.

Azterketaren bigarren fase batean, Espainiako kontu-ikuskarien kalitatea aztertu zen, “akats transmisioaren efizientzian arreta jarriz; helburu horrekin, kalitate neurri berri bat proposatu genuen, bereziki egokia Espainiakoa bezalako ingurune legezale batentzat”. Emaitzek kalitate maila apala erakusten dute, eta kontu-ikuskariari igartzen zaio, halaber, “beharrezkoak diren salbuespenek baino arrisku maila txikiagoko salbuespenen aldeko hautua egiten duela, anbiguotasunez idazteko hautua, eta behar baino doiketa gutxiago proposatzearen aldeko hautua”, laburbildu du Laura Arnedok. Testuinguru honetan ohartu zen, halaber, kontu-ikuskari handiak efizienteagoak direla akatsen transmisioan eta ikuskaritza merkatuaren esperientzia eta porrot egunaren hurbiltasunak eragin positiboa dutela txostenaren kalitatean.

Bere ikerketan emandako hurrengo urratsa izan zen literaturan lehen aldiz alderatzea kontabilitate manipulazioaren mailak kontu-ikuskariaren erabakietan duen eragina funtzionamenduan dagoen enpresa printzipioa salbuespenarekin. “Aurretiaz argitaratutako literaturari erreparatuz gero, autore gehienak bat datoz esatean enpresak okerrera nabarmen egitean bakarrik hartzen duela kontu-ikuskariak kudeaketa jarraituagatiko salbuespena sartzeko erabakia. Alabaina, ez du kontuan hartzen kontabilitate manipulazioak narriadura horiek estal ditzakeela”. Emaitzek agerian utzi zuten kontu-ikuskarien ehuneko esanguratsu batek baldintzaz betetako mintzaira gehiegi erabili eta era anbiguoan transmititzen dutela, salbuespen hori ematea arautzen duen araudi espezifikoa badago ere, eta multinazional handiek salbuespen hori emateko joera handiagoa badute ere.

Azkenik, kontu-ikuskariaren jokabidearen eta enpresaren benetako manipulazio mailaren arteko lotura aztertu zuen doktoretza tesiak. Espainian ez da lotura hori ikertu, eta, Laura Arnedoren iritzian, herrialde anglosaxoietan antzeman ezin diren ñabardurak aztertzea ahalbidetzen du. Hala, frogatu da ikuskaritzaren kalitatearekin zerikusia dutela ez bakarrik erakunde-faktoreek, bezeroaren negozio-arriskuaren mailak ere bai.

“Herri anglosaxoietan ez bezala, badirudi Espainian ikuskaritza txostena kontabilitate manipulazioari emandako erantzun argia dela”, esaten da ikerketa-lanean. Emaitzek agerian uzten dute doiketa diskrezionalek (manipulazio maila neurtzeko erabili ohi dira) lotura negatiboa dutela bai kontu-ikuskariaren tamainarekin eta bai kudeaketa jarraituaren bidez kalifikatutako txostenekin ere. Lotura hori “Espainian ez dator finantza-arazoak dituzten enpresen “likidazio-efektu” batetik, ezpada kontu-ikuskariaren jokabide kontserbatzaileago batetik, zeina, doiketa diskrezionalen maila apalagoan eta kudeaketa jarraituagatiko salbuespenarekin batera doazen printzipioak ez betetzeagatik, salbuespen gogorragoetan agertzen baita”.