Joan eduki nagusira

zoom Isabel Rodrigo Rincón doktorea

Isabel Rodrigo Rincón doktorea

Bederatzi milatik gorako elkarrizketa izan dira ikerketa lan horren oinarria. Egilea, Isabel Rodrigo Rincón, aurrezaintzako medikuntzako eta osasun publikoko sendagile espezialista da, eta berriki doktoretza tesia irakurri du NUPen. Tesian aztertu du gaixoak pozik ote dauden Osasunbideak emandako arretarekin, eta ondorioztatu duenez “puntuazioak, orokorrean, oso altuak dira, baina aldaketak agertzen dira norbanako faktore batzuen arabera, esaterako, gaixoaren adina, generoa, eta abar. Adibidez, 65 urtetik gorakoek puntuazio altuagoak eman zituzten, eta gauza bera egin zuten ebakuntza izan zutenek eta sarrera programatua izan zuten gaixoek”.

Bere tesia, “Influencia de las unidades clínicas y de las especialidades médicas en la satisfacción de los pacientes” izenekoa, Osasun Zientzien Saileko José Javier Viñes Rueda eta Francisco Guillén Grima irakasleek zuzendu dute eta Bikain cum laude kalifikazioa lortu du. Isabel Rodrigo Rincón gaur egun Nafarroako Ospitalean ari da lanean, sendagile espezialista gisa, Aurreneurrien Medikuntza eta Kalitatearen Kudeaketarako Zerbitzuan. Irakasle gisa esperientzia luzea du kudeaketa klinikoan eta osasun laguntzaren kalitatean, eta Europako Aditua da osasun zerbitzuen kalitatearen kudeaketan, eta, halaber, EFQM ereduaren ebaluatzaile ziurtatua.

Gogobetetasun inkestak balioesteko azterketa estatistiko bat egin zen, hiru maila kontuan hartuz: gaixoak, unitate klinikoa eta medikuntza espezialitatea. Unitate kliniko bat da antolamendu-unitate bat, bere giza baliabideek eta baliabide materialek osatzen dutena, osasun zentro batean medikuntza espezialitate bateko gaixoei arreta ematen diena, adibidez, traumatologian halako ospital batean. Medikuntza espezialitatea da espezialitate bateko gaixoei tratamendua ematen dieten unitate kliniko guztiak biltzen dituena, adibidez, Traumatologia.

Eragiten duten faktoreak

Bere ikerketan, Isabel Rodrigok aztertu zituen telefonozko 9.173 inkestek jasotako erantzunak, Osasunbideko arreta espezializaturako egituretan egondako gaixoek 2005. urtean emanak. Bi galdetegi prestatu ziren: bat laguntza anbulatorioa izan zuten gaixoen pertzepzioa aztertzeko, eta beste bat ospitaleratu zituztenentzat.

Gaixoen gogobetetasunean eragin handiena duten elementuak ezaugarri pertsonalak dira, alegia, norberaren esperientziak, ikuspegiak, balioak, osasun egoera, adina, generoa, maila sozioekonomikoa, eta abar. Hain zuzen, alderdi horietan datza puntuazioen aldaketetatik % 81etik % 99ra artekoen arrazoia.

Egileak azaltzen duenez “gogobetetasunean eragin dezaketen alderdiak bilatu genituen. Oro har, 65 urtetik gorakoek puntuazio altuagoak eman zituzten. Badirudi osasun sistemek kalitate txarragoa zuten garaian bizi izan direlako edo bizitzari begira jarrera estoikoagoa dutelako izaten dituztela eskakizun apalagoak eta, oro har, oso balioespen altuak egiten dituztela”.

Kontsulta anbulatorioen ebaluazioan, puntuazio baxuenak lehen kontsultan hartutako gaixoek eman zituzten. Ospitalaren tamainak eragina du ere bai; 100etik 200era bitarteko ohe dituzten ospitaletan egondako gaixoak eskuzabalagoak izan ziren puntuazioa ematerakoan. Azterlanak, halaber, erakutsi zuen gaixoek alde nabarmenagoak atzematen dituztela arreta anbulatorioan izandako jokabidean, ospitalekoan baino.

Medikutza espezialitateari dagokionez, puntuazioetan ez da aldeka esaguratsurik agertzen. Alderantziz gertatzen da, ordea, unitate klinikoei dagokienez: horien osaera eta funtzionamendu motak eragina dute gaixoaren gogobetetasunaren emaitzetan, eta puntuazioen % 1etik % 9ra artekoen arrazoia dira. Era berean, aldeak ikusi ziren unitate klinikoen artean, bestelako kontu batzuetan, esate baterako, gaixoek itxaron-zerrendan eman behar duten denboraren, altako edo kontsulltako txostena jaso arte iragaten diren egunen edo espezialistak emandako arretaren pertzepzioan.

Metodoaren baliagarritasuna

Maila anitzeko analisia ez da oraindik asko erabiltzen, halako kasu batzuetan kalkulu konplexuak eskatzen dituelako, baina agerian dago bere baliagarritasun praktikoa. Alde batetik, bidea ematen du ezagutzeko unitate klinikoetan funtzionamendu heterogeneoagoa duten elementuak. “Hori oso baliagarria da kudeaketarako, bidea ematen duelako ezagutzeko antolamendu osoan ezarri behar diren hobekuntzak, bakarrik unitate gutxi batzuetan hobetu behar diren alderdiak eta ahalegin gehiagorik eskatzen ez duten alderdiak, horietan emaitzak, jadanik, onak direlako” dio Rodrigo doktoreak. Beste alde batetik, bidea ematen du identifikatzeko unitate kliniko bikainak eta hobetu ahal diren alderdiak dituztenak. “Hori garrantzitsua da, ahalbidetuko lukeelako pizgarriak edo zehapenak ezartzea unitate klinikoen egitekoaren mailaren arabera, aukera emango luke antolamendu unitateen artean praktika egokiak alderatzeko, alegia, balioespen hobea lortzen dutenak identifikatzeko eta bikainetatik irakaspenak ateratzeko”.