Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bideo bat editatu du, zeinean erakusten baitira unibertsitateak azken urteetan egin dituen ekimenak ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsala lortzeko, bere instalazioetako hesi arkitektonikoak kenduz eta kolektibo hartako kideei arreta pertsonalizatua emanez. Bideoa sei minutu pasatxokoa da, gaztelania, euskara eta ingelesez editatua eta Unibertsitateak arlo ezberdinetan garatutako jarduerak azaltzen ditu, bai eta klasera joateko egunero campusean dabiltzan ikasle ezgaituen testigantzen berri eman ere.

Camino Oslé Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak, Gizarte Ekintzarako Unitateko teknikariek –unitate horri baitagokio jarduera hauek koordinatzeko ardura–, ikasleek eta irakasleek ere parte hartu dute lan honetan. Bideoak azpitituluak ditu gorrentzat eta idazkera berezia itsuentzat, irudietan ikusten dena kontatzeko. Ikus-entzunezko lan hau YouTube kanaletik jaits daiteke, zeinera Unibertsitatearen web-orrialdetik sar baitaiteke (www.unavarra.es).

Berriki, Nafarroako Merkataritza Ganberaren “Sin Barreras 2009” saria jaso zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak kategoria honetan: “Irisgarritasun orokorra lantokietan. Enpresa publikoa modalitatea”. Sariko epaimahaiak balioetsi zuen Unibertsitateak erakutsitako kontzientziazioa campuseko hesiak kentzeko eta ezgaitasuna duten pertsonak bertan erraz eta oztoporik gabe ibil daitezen, bai eta ezgaitasuna duen ikasle bakoitzari emandako banakako tratua ere.

Irisgarritasun plana, orientabide pertsonalizatua eta ikerketa

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekimen ugari garatu ditu ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsala lortzeko. Hala, Irisgarritasun Orokorrerako Plana dauka. Hesi fisiko eta komunikaziozkoak kentzea aurreikusten du plan horrek. ONCE Fundazioarekin eta Imsersorekin sinatutako bi hitzarmenen bidez, irisgarritasuna lortzeko lanak egin ditu unibertsitateak. Beste gauza batzuen artean, honako hauek: NUPeko errotulu guztiak braillez jarri ditu; hesi arkitektonikoak kendu ditu; plano bat egin du braillez idatzita eta erliebean, orientabidea errazteko; eta kantoreak jarri ditu eraikinen atarietan, letraz eta braillez irakurtzen ahal diren errotuluak dituztenak.

Horretaz gainera, Unibertsitateak hainbat ikerketa talde ditu domotikari, telelaguntzari eta beste aplikazio batzuei buruz ikertzen, eta beren lanekin bizimodu autonomoaren alde egiten dute eta gaitasun-maila funtzional ezberdineko pertsonak onartzearen alde. Bizi Kalitaterako Berrikuntza Gune bat sortzea izan da abiarazi den azken ekimenetako bat. Retina Navarra elkarteak sortu du aipatu berrikuntza gunea. Gune honen helburua da herritarren ongizate, ezgaitasun, zahartze, osasun, bizi kalitate edo gizarte-erantzukizunarekin lotura duten ikerketa lerroak garatzea. Luis Serrano Unibertsitateko Seinalearen Teoria eta Komunikazioak arloko irakasle titularrak eta gunearen sustatzaileak ere parte hartu du bideoan.

NUPen beste jardueretako bat Ezgaitasuna duten Ikasleentzako Arreta Programa da. Harrera egiteko plan pertsonalizatuak, informazioa, aholkularitza, laguntza teknikoak eta pedagogia baliabide egokituak aurreikusten ditu ezgaitasuna duten ikasleak unibertsitate bizimoduan normaltasunez moldatu ahal izateko. Hori guztia osatzeko, ikaspostuak gordetzen dira titulazio guztietan, unibertsitatean sartzeko probak egokitzen dira, edo sentsibilizazio eta prestakuntza jarduerak sustatu eta garatzen dira unibertsitate komunitateko kideentzat.