Joan eduki nagusira

zoom Antonio Humberto Closas Martínez

Antonio Humberto Closas Martínez

Ikaskuntza estrategiak oso alderdi garrantzitsua dira unibertsitateko ikasleen errendimendu matematikoan, azken emaitzan eragiten duten aldagai ugari, norberarenak zein testuinguruarenak, badiren arren. Hauxe da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Antonio Humberto Closas Martínezek egin duen tesiaren ondorioetako bat. Tesiak Bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Closas Martínez Argentinako Universidad Nacional del Nordesteko Ekonomia Zientzien Fakultateko irakasleak doktoretza erdietsi du NUPen Modelización estadística del rendimiento matemático con variables psicoeducativas en estudiantes universitarios izeneko tesiarekin. María Dolores Ugarte Martínez Estatistika eta Ikerketa Operatibo Saileko irakasleak eta María Luisa Sanz de Acedo Lizarraga Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak zuzendu dute tesia.

Bere ikerketaren helburua zen prestatzea norberaren eta testuinguruko faktoreen artean sortzen diren erlazioen eredu adierazgarri bat, azaltzen duena matematikako errendimenduan faktore horiek nola eragiten duten. Horretarako, Argentinako Universidad Nacional del Nordesteko Ekonomia Zientzien Fakultateko 441 ikasleko lagin bat erabili zuen eta, bere ustez, matematikako errendimendua azaltzen eta nabarmen modulatzen duten aldagaiak identifikatu zituen. Norberaren faktoreen artean honako hauek jarri zituen: gaitasuna (adimen orokorra eta arrazonamendua), autokontzeptua (akademikoa eta soziala), ikaskuntza estrategiak (jabetzea, kodifikatzea, berreskuratzea eta sendotzea), ezaugarri kognitiboak eta motibazionalak eta eragiteko ahalmenak; eta testuinguruko faktoreen artean jarri zituen alderdi sozio-familiarrak eta akademikoak (irakaskuntza/ikaskuntza prozesua eta ikasgelako giroa).

Hautaketa horretan oinarrituz, eredu teoriko integrala prestatu zuen matematikako errendimendua azaltzeko. Izatez, matematikaren hezkuntza errealitatean gertatzen diren erlazioen adierazpen hierarkiko eta lineala da. Hainbat azterketa estatistikoren ondoren ateratzen den azken ereduan parte hartzen duten aldagai pertsonal guztiak, bai eta testuinguruko faktoreen hainbat ezaugarri ere, hezkuntzako esku-hartzean gertagarriak dira.

“Egia da irakaskuntza/ikaskuntza prozesua eta ikasgelako giroa bezalako alderdiak kontuan hartu behar direla, baina matematikaren errendimenduan eragin handiena duena, bai zuzenean bai zeharka, ikaskuntza estrategiak modu egokian erabiltzea da” azaltzen du Antonio Humberto Closasek. Bere ustez, “behar diren aldaketetako batzuei Unibertsitatetik bertatik aurre egin ahal zaie honakoen bidez: ikasleen mailakatze, jarraipen eta euspen politiken bidez, eta bideratu daitezkeen aldaketak ikastaroak, tutoretzak, aholkularitza psikopedagogikoa eta abar ezartzearen bidez”. Ereduaren arabera, ikasleen generoak ez du eragin handirik matematikaren emaitzetan, zeren gizonezkoz eta emakumezkoz osatutako laginetarako ebaluazio enpirikoan erdietsitako emaitzak antzekoak izan baitziren.

Azkenik, ereduak iradokizun multzo bat aurkezten ditu aplikatzeko bai matematikaren errendimendu baxua diagnostikatzen denean bai hura prebenitzeko. Testuinguru horretan, gaitasunak eskuratzean oinarritzen den ikaskuntza metodologia erabiltzearen garrantzia ere nabarmendu zuen, “eta horrek hezkuntza politikak, erakundeak eta hezkuntza prozesuan parte hartzen duten eragile guztien jokaerak erruz aldatzea dakar”.