Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu kontseiluak, gaur, otsailaren 12an, Honoris Causa Doktore izendatu du Montxo Armendáriz Barrios zinemagile nafarra, Arteen arloan merezimendu narbarmenak izateagatik. Erabakia aho batez hartu da, Julio Lafuente López, Unibertsitateko errektoreak, proposatuta. Inbestitzeko ekitaldia heldu den apirilaren 23an egingo da, Unibertsitatearen Egunaren ospakizunean.
Erabakia hartzek, Gobernu Kontseiluak kontuan hartu du Montxo Armendáriz azken 25 urteetako zinemagileen artean ezinbestez aipatu beharrekoa dela. Bere lanek balio handiagoa dute produktu ongi eginak eta publiko handiarentzako erakargarri izatearenak baino. Bere istorioak hurbiltasunean eta egunerokotasunean kokatzen dira, eta egileak ematen dien esanahi bereziak aukera ematen dio gizarteari bere burua aurkitzeko pertsonaia horien bidez, eta tokiko interesa edo herri usadioen ukitua, bere lanetan maisutza handiz ezartzen duena, goragoko maila bateraino eramaten du, gizakiaren interes unibertsaleraino, alegia. Armendarizek, bere film hoberenetariko batzuen istorio, pertsonai eta paisaien bidez, Nafarroaren erretratu fidela egiten du, modu erraz baina sendoan, bere lurrarekiko maitasun sakon eta zintzoa erakutsiz.
Montxo Armendarizen biografia
Montxo Armendáriz Barrios Oletan (Nafarroa) jaio zen. Berrogeita hamarreko hamarkadan bere familia Iruñera joan zen. Han Armendarizek elektronikako ikasketak hasi zituen, Salestarren ikastetxean. Hirurogeita hamarreko hamarkadan eta laurogeikoaren hasieran, Lanbide Heziketako institutuetan elektronikako irakasle ari zen bitartean, zinemarekiko zaletasunari ekin zion, eta hori film labur batzuetan gauzatu zuen. Horietatik lehena “Barregarriaren dantza” (1979) izan zen; izaera sinboliko lan horrek estrukturalismoaren eragina erakusten du eta, “Ikusmena” (1980) lanak bezala, bere karrera osoan zehar dagoen konstante bat dauka, gizakiaren manipulazioarekiko kezka. Bere lehen bi film laburrei esker, Montxo Armendarizek sari izendunak eskuratu zituen, Kultura Ministerioaren Kalitatearen Sari Berezia edo Bilboko Zinemaldiko Euskal Zinemaren Lehen Saria, esate baterako.
Vianako Printzea Erakundeak , 1981ean, diruz lagundu zion “Nafarroako Ikazkinak” proiektua eta horren emaitza “ariketa dokumental distiratsu” bat izan zen, lanbide zail horretan aritu zirenetik gelditzen ziren azken lekukoei buruzkoa. . Lan hori bere karreraren giltza da, sormen iturria baita “Tasio” (1984) bere lehen film luzerako. Film horrek zirrara sortarazi zuen, edukiaren zorroztasun eta zintzotasunagatik, eta era berean zinemaren baliabideei, elipsiari eta eremutik kanpokoari, adibidez, ateratzen dien onura miragarriagatik. Publikoak eman zion erantzun garrantzitsuari nazioko eta nazioarteko hamarren bat sari gehitu zitzaizkion . Ondotik “27 ordu” (1986) etorri zen, irudiaren eta begiraden ahalmenean eraikitako film ederra. Honek ere, hainbat sari eskuratu zituen. “Alouren gutunak” (1990) filmarekin Urrezko Maskorra eskuratu zuen Donostiako Zinemaldian. Filmak bete-betean ukitzen du arrazismoaren arazoa, egileak berezkoa duen estilo soil eta apalaren erradikalizazioarekin.
“Kronenen istorioak” (1994) lanarekin erregistro aldaketa dator, madrildar lagun talde baten istorioa kontatzeko. Lan hori izan zen, ordura arte, zinema-sarreretan arrakastatsuena. Halaber, kritikaren eta profesionalen aitorpena eskuratu zion egileari, gidoilari gisa bigarren Goya eman baitzioten.
“Bihotzaren sekretuak” (1997) filmarekin bere hasierako zinemara itzuli eta istorio erraz eta ederra burutu zuen, haurtzarotik heldutasunera arteko igarobideari buruzkoa. Filmak Europako Film Onenaren Aingeru Urdina saria eskuratu zuen, besteak beste. Halaber, Espainiko Akademiak hautatu egin zuen Oskar sarirako hautagai, Atzerriko Film Onenaren atalean. Une horretan bere karreraren aitorpenak eta omenaldiak jasotzen hasi zen, horien artean 1998. urteko Vianako Printzea saria edo Espainiako Zinema Saria.
Bere karrerako hurrengo lanak izan ziren “Isiltasun hautsia” (2002), “Agertoki mugikorra” (2003) dokumentala eta “Obaba” (2004). Azken hori Bernardo Atxagaren “Obabakoak” nobelan oinarritu zen, eta berriro bihurtu zuen Oscar sarirako hautagai, ingelesez besteko filmaren atalean. Halaber, New Yorkeko Association of Entertainment Critics elkarteak Film Onenaren sario eman zion, eta Pilar López de Ayalak aktoresa onenaren saria eskuratu zuen film horretan antzeszu zuen paperagatik.
2008an Montxo Armendarizen karreraren aitorpena hainbat saritan islatu zen: Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Sario eman zion eta Fundación de Ayuda contra la Drogadicción delakoak, Zinema Akademiarekin batera, Zinearen eta gizarte balioen saria eman zion “bere konpromiso, independentzia eta originaltasunagatik eta bere erregistro aniztasunagatik errealitatea interpretatzeko eta giza eta gizarte egoerak eta arazoak islatzeko”.
Zortzigarren Honoris Causa doktorea
Montxo Armendariz da Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendaturiko zortzigarren Honoris Causa doktorea. Beste zazpiak honako hauek dira: Manuel Losada Villasante (1997), Ángel G. Jordán Goñi (2000), Joseph D. Novak (2001), Enrique Sánchez-Monje y Perallada (2004), Rafael Moneo Vallés (2007), Pedro Miguel Etxenike (2008) eta Richard Serra (2009).