Joan eduki nagusira

Titular edo katedradunei dagokien egiaztapena eskatu duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen % 70 baino gehiagok eskuratu dute Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketetan parte-hartzea ahalbidetzen dien kalitate-egiaztagiria irakaskuntzan eta ikerketan. Ehuneko honek hamar puntu baino gehiagotan gainditzen du Espainiako unibertsitateek lortutako egiaztagirien batez bestekoa eta egiaztagiri gehien eskuratu dutenen artean jartzen du NUP.

Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala (ANECA) da egiaztagiri hauek emateko ardura duen erakundea, eta balioespena egitean kontuan hartzen ditu eskatzaileen irakaskuntza eta ikerketa jarduera, prestakuntza akademikoa eta irakaskuntza kudeaketan duten esperientzia. Kalifikazioaren % 90ean irakaskuntza eta ikerketa aztertzen dira. Doktore titulua izatearekin batera, egiaztagiri hau eskuratzea ezinbesteko baldintza da irakasleek unibertsitateko irakasle titular eta katedradun lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartu ahal izateko.

Anecak emandako datuen arabera, 2009ko urtarrilaren 1etik azaroaren 13ra bitartean, unibertsitateko irakasleen egiaztatze nazionala egiteko 5.436 eskaera ebaluatu ziren eta horietatik 3.274 aldekoak izan ziren (% 60). Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kasuan, egiaztatzea lortu dute katedradun izateko 33 irakasle titularrek (aurkeztutakoen % 75) eta titular izateko beste 27k (% 70).

Gainera, kontuan hartu behar da egiaztatze hau lortu dezaketen NUPeko 300 irakasleen ia heren batek eskaera aurkeztu duela, izan ere, batez bestekoaren gainetik dagoen ehunekoa da. Zehazki, irakasle kontratatu doktoreen % 66k eskatu dute titularrei dagokien egiaztapena eta titularren % 18k eskatu dute katedradunei dagokien egiaztapena. Aurkeztutako eskaera guztien artetik, zazpi ebatzi gabe daude oraindik.


Betebeharrak eta balioespena


Egiaztatze sistema berria 1312/2007 Errege Dekretuan oinarrituta dago. Arau honek aldaketa substantziala ekarri zuen aurreko gaitze prozedurarekin alderatuta, egiaztagiri kopurua lehiaketan ateratzen ziren lanpostu kopuru zehatzekin lotzen baitzuen aurrekoak. Sistema berriarekin, baldintzak betetzen dituzten irakasle guztiek eskura dezakete egiaztapena, unibertsitate bakoitzak lehiaketara ateratzen dituen lanpostu kopurua edozein izanik ere.

Egiaztatze nazionalaren prozeduraren helburua da eskuratzea ziurtagiri bat, zeina, doktore tituluarekin batera, lehiaketa publikoetan parte-hartzeko ezinbesteko baldintza baita. Izangaien merezimenduen eta gaitasunen aldez aurreko balioespen honek kalitatea bermatuko du, geroago unibertsitateek egin beharrreko hautaketari begira, eraginkortasun, gardentasun eta objektibotasun baldintza hoberenetan egin behar baita, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoan ezartzen den bezala.

Izangaien balioespena Unibertsitateen Kontseiluak, Anecak proposatuta, izendatzen dituen egiaztapen batzordeen bidez egiten da. Batzorde hauetako bakoitza osatzen dute zazpi kidek gutxienez, irakaskuntzan eta ikerkuntzan entzutea dutenak, irakaskidegoetako funtzionarioak, ikerketa zentroetako kideak edo nazioartean entzute handia duten adituak.