Joan eduki nagusira

zoom Jesús Mª Pintor Irakaskuntzako errektoreordea, Iruñeko Irubide BHIn hitzaldi bat ematen

Jesús Mª Pintor Irakaskuntzako errektoreordea, Iruñeko Irubide BHIn hitzaldi bat ematen

Guztira, Foru Komunitateko bigarren hezkuntzako 33 ikastetxek hartu dute parte, orain arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoretza taldeak bultzatutako kanpainan, unibertsitateko irakaskuntzak izango dituen aldaketak azaltzeko, Europako Unibertsitate Eremua (EUE) abian jartzen denean. Ekimen horren barnean hitzaldiak eman dira Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan, eta haietara 1.700 inguru lagun agertu dira, ikasleak, irakasleak eta gurasoak.

Hitzaldiak azaroan hasi ziren ematen eta, oraingoz, hogeita hamar ikastetxetik gora interesatu dira kanpaina honekin eta, heldu den apirilera arte luzatuko da, hasiera batean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa gutunen bidez harremanean jarri da Nafarroan Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe guztiekin, hitzaldi horiek eskaintzeko. Hitzaldiak errektoretza taldeko kideek ematen dituzte. Ikastetxeen ahalmenen arabera, hitzaldiak eskola-orduetan ematen dira, edo arratsaldez, ikasleen gurasoei ere aukera emateko hitzaldira ager daitezen.

Oraingoz, 34 hitzaldi hitzartu dira Nafarroako 33 hezkuntza ikastegitan. Horietatik, 27 publikoak dira eta gainerako 6ak pribatu itunpekoak. EUEri buruz hitzaldiak emateko eskaeretako erdia baino gehiago, Iruñeko eta Iruñerriko ikastetxeetakoak dira (19), eta gainerako hamalauak Foru Erkidegoko hainbat ikastetxetakoak. Ekimen honetan interesa duten ikastetxeetatik, zortzik D ereduan ematen dute irakaskuntza, eta hitzaldiak euskaraz emango dira.

Datorren ikasturteko titulazio berriak

zoom Irubideko BHIko hitzaldira agertutakoen irudia

Irubideko BHIko hitzaldira agertutakoen irudia

Ekimen honen bigarren edizioa da, joan den ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoak antzeko kanpaina bultzatu baitzuen goi mailako prestakuntzako aldaketak ezagutarazteko. Hain zuzen ere, Espainiako unibertsitate guztiek, 2010-11 ikasturtetik aurrera, Europako Unibertsitate Eremura egokituriko Gradu titulazio berriak eskaini beharko dituzte. Hezkuntza-esparru berri horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakaskuntzen eskaintza doitu behar izan du, eta hor sartuko dira, irailetik aurrera, Graduko 17 titulazio, Bolognako Prozesu deitutako horretara egokituak. Oraingoz, ikasturte honetarako, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako graduak ezarri dira, gehi 25 master ofizial.

Erronka handia da aldaketa dakarrelako ez soilik titulazioen egitura berriaren ikuspegitik, baizik eta aplikatzen diren irakaskuntza-metodologien birplanteamenduagatik.