![zoom](http://www.unavarra.es/img/bt.zoom.png)
![Ezkerretik eskuniera, Angel Gastón, José María Roig, Camino Oslé eta Joaquín Sevilla, sistemaren aurkezpenean.](http://www2.unavarra.es/filestore/9/2/5/1/2/92512_126458_100000foto-dispositivo-localizacion0.jpg)
Ezkerretik eskuniera, Angel Gastón, José María Roig, Camino Oslé eta Joaquín Sevilla, sistemaren aurkezpenean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Elkarkide Enplegu Zentro Bereziak lan ibiltarietan aritzen direnen kokapena aurkitzeko sistema berri bat aurkeztu dute gaur. Ezgaitasuna dutenentzat sortu dute sistema hori. Proiektua NUPeko diziplina anitzeko talde batek, ezgaitasunaren inguruko gaietan lan egiten duenak, garatu eta ezarri du. Helburua da pertsona horiei egokitzapen errazagoa eskaintzea merkataritzako postariaren lanpostuan aritzeko.
Aurreko abendutik aurrera Elkarkideko 50 langile inguruk erabiltzen dute gailu hori beren lanean, modua ematen duena langilearen koordenadak jakiteko, GPS sistema baten bidez. Sistemak oinarrizko estazioari bidaltzen dion informazioaren datuak interneten bidez ere kontsulta daitezke.
Kokapen-sistema berria gaur, urtarrilaren 22an, ostiralean, aurkeztu da, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Aurkezpenean ondoko hauek hartu dute parte: Joaquín Sevilla, Unibertsitateko Teknologia Elektronikoa Arloko irakasle titularra, Ángel Gastón, Elkarkideko zuzendari kudeatzailea, Camino Oslé, Unibertsitateko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea eta José María Roig, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria.
Ekitaldi horretara gonbidatuak izan dira Nafarroako enplegu zentro berezietako ordezkariak eta kokapen-sistemaren erakustaldi praktikoa egin da. Job Accommodation enpresako Patxi Fabok eta Ion Esandik egin dute erakustaldia. Biok Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasitako Telekomunikazio ingeniariak dira eta proiektuaren garapenean parte hartu izan dute Joaquín Sevilla irakaslearekin batera. Enpresa hau sortu duten bi tituludun hauek badute esperientzia enpegu zentro bereziekin lan egiteko eta sistema berri honen merkaturatzeaz arduratuko dira.
Merkataritzako postariei zuzendua
Elkarkide Enplegu Zentro Bereziak enpresei eskaintzen dizkien zerbitzu profesionaletan publizitate inprimakiak banatzea (postontzietara) da garrantzitsuenetako bat. Ezgaitasuna dutenak merkataritzako postariaren lanpostuan aritu direnean arazoak izan dirtuzte kasu batzuetan orientazioa galdu izan dutelako. Hori dela eta, Elkarkidek Nafarroako Unibertsitate Publikora jo zuen konponbide bat bilatzeko. Horrela, ikerketa proiektu bat jaio zen, CAN Fundazioak (“Zeuk aukeratzen duzu, zeuk erabakitzen duzu” progamaren bidez) emandako dirulaguntzarekin, eta gaur aurkeztu den sistema izan da emaitza.
Sistemaren oinarria diren gailuak kokapenaren xede diren pertsonek eramaten dituzte. Gailuek, aldian behin, GPS koordenadak eskuratzen dituzte eta, telefonia mugikorreko sarearen bidez, oinarrizko basera bidaltzen dituzte. Estazio horretan software berezi batek pertsona horiek eskualdeko planoan kokatzeko aukera ematen du, bai eta Elkarkidek definitutako funtzionalitate batzuk izateko ere (alarmak, segurtasun eremuak, mugimendurik gabeko gehieneko denborak, eta abar). Oinarrizko estazioko informazioa interneten bidez eskura daiteke (dagozkion gakoen bidez), eta horrela erabiltzeko aukera dute bai zuzendaritzak, bai taldeko arduradunek ere, kalean eskatzeko haien ardurapeko pertsonen kokapena.
Sistema hau abian jartzeak ekidin du ezgaitasuna dutenen lanpostuak galtzea, aukera ematen baitie lan autonomoa egiteko.
Proiektua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren diziplina anitzeko ikerketa lerro batean sartzen da, helburua izanik ezgaitasuna dutenen zerbitzuko teknologia garatzea, eta kasu honetan, hain zuzen, lanpostuetarako egokitzapen hobea ahalbidetzea. Orain, garatu eta ezartzeko fasearen ondotik, xedea da sistemak proiektuaren onuradun direnen bizi-kalitatean duen eragina ikertzea.