Joan eduki nagusira

Navarra LAN Party topaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen da irailaren 5etik 8ra. Topaketan, teknologiazaleak elkartzen dira, eta aukera izaten dute lau egunez etenik gabe ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta teknologiaren inguruko mota guztietako jarduerak egiteko. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) antolatzen du topaketa hori, Unibertsitatearekin lankidetzan. Zazpigarren edizioa duen aurtengo hau Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioan eginen da.

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babesten dute.
Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioak bi eremu izanen ditu. “Party Place” izenekoan, 450 ordenagailu instalatuko dituzte, abiadura handiko Interneteko konexiodunak; hor, e-sportseko lehiaketak egin eta Twitch bidez emanen dira, eta beste lehiaketa batzuk ere antolatu dituzte, zeinetan 3.000 euro banatuko baitituzte sarietan. “Open Space” eremuan, edonor sartzen ahalko da, dohainik, eta ostegunetik larunbatera egonen da irekia (hilak 5ean, 6an eta 7an), 10:00etatik 20:00etara; han, aukera egonen da kontsolak probatzeko, gidatzeko simulagailuetan ibiltzeko eta errealitate birtualeko esperientziak edukitzeko, eta hiru dimentsiotan inprimatzeko eta teknologiari buruzko hitzaldiak entzuteko gune bat ere izanen du.

zoom Iazko Navarra LAN Partyko argazki bat (Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioa).

Iazko Navarra LAN Partyko argazki bat (Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioa).

Ekitaldian izena emateko epea apirilaren 21ean hasiko da (igandea), 12:00etan. Gogoan izan 3.000 euro baino gehiago banatuko dituztela sarietan. Parte hartu nahi dutenek dagoeneko sortzen ahal dute kontu bat topaketaren webgunean (https://navarralanparty.org/) aurten zer nobedade izanen diren jakiteko eta sarrera “online” erreserbatzeko. 

IKTen aldeko elkartea

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago Navarra LAN Party ren webgunean eta Twitterreko eta Instagrameko @navarralanparty kontuetan.