Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Esperientziaren Gelako Ikasleen eta Ikasle Ohien Elkarteak (Aulexna) lankidetzarako esparru-akordio bat sinatu dute datozen lau urteetarako, eta, haren bidez, kooperazio sozial, akademiko eta kulturaleko proiektu bateratuak eginen dituzte. Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektoreak eta Luis María Apesteguía Aulexnako buruak sinatu dute testua. 

zoom NUPen eta Aulexnaren arteko esparru-hitzarmena sinatzeko unea, Esperientziaren Gelako ikasleak bertan direla. Ramón Gonzalo (ezk.) eta Luis María Apesteguía dira sinatzaileak; haien atzean, zutik, Begoña Pérez Eransus errektoreordea dago.

NUPen eta Aulexnaren arteko esparru-hitzarmena sinatzeko unea, Esperientziaren Gelako ikasleak bertan direla. Ramón Gonzalo (ezk.) eta Luis María Apesteguía dira sinatzaileak; haien atzean, zutik, Begoña Pérez Eransus errektoreordea dago.

Hitzarmenak gogorarazten duenez, unibertsitateak etorkizuneko profesionalentzako prestakuntza-guneak izateaz gain, gizarte osoari ere eskaintzen diote zerbitzua, eta, hortaz, adin guztiei zuzendutako bizialdi osoko prestakuntza ematea oinarrizko helburua da. Testuinguru horretan, bi erakundeek konpromisoa hartu dute lankidetzan aritzeko pertsonei trebakuntza ematen eta jarduerak elkarrekin egiten, adinekoen integrazioan eta parte-hartzean lagunduko duten ekimenak bultzatzen haien kulturarako sarbidea errazteko xedez, eta aisialdiko jarduerak sustatzen. Helburu horiek betetzeko, Aulexnak ikastaroak, tailerrak eta jarduerak antolatzeko, kudeatzeko eta finantzatzeko konpromisoa hartu du. NUPek, berriz, behar diren ikasgelak eta espazioak emanen ditu, ahal duen neurrian.

Azkenik, hitzarmenak ezartzen du esparru-akordioaren segimendua, kontrola eta koordinazioa egiteko batzorde misto paritario bat eratuko dela. NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak izendatutako bi pertsonak eta Aulexnako zuzendaritza-batzordeak proposatutako beste bik osatuko dute gutxienez batzorde hori.