Joan eduki nagusira

Eraikuntzako eta obra zibileko sektoreetako Nafarroako bost enpresak osatzen dute partzuergoa, eta, era berean, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikerketa-talde batek ere. Partzuergoak proiektu batean eginen du lan, zeinak karbono-aztarna murrizten lagunduko duten materialetan oinarritutako eraikuntzen paradigma berri bat proposatzen baitu. Hain justu, eraikuntza horien oinarria propietate fotokatalitikoak dituzten material ekoaktiboak dira. Material horiek gai dira eguzki-argiarekin intzidentzian inguruneko karbono molekulak ezabatzeko, eta, horrela, atmosfera garbitzen laguntzen dute. ENERCON proiektua Nafarroako Gobernuaren proiektu estrategikoak egiteko 2023-2026 aldirako laguntzen deialdiak finantzatua da.

Proiektuan honako enpresa hauek hartzen dute parte: Levenger SL; Seguridad Sistemas Navarra SL; Florencio Suescun Construcciones SL; GEEA Geólogos SL, eta PJS Proyectos; Estudios y Servicios Técnicos de Navarra SA. NUPen izenean, Alberto Córdoba Izaguirre, Jesús Villadangos Alonso, Federico Fariña Figueredo, Almudena Ochoa Lainez eta Stepan Siutyk ikertzaileak ari dira proiektuan lanean. Ikertzaile nagusia José Javier Astrain Escolá da. Aipatutakoetatik, NUPeko ISC ikerketa-institutukoak dira José Javier Astrain eta Jesús Villadangos.

zoom Proiektuko parte-hartzaileak Jerónimo Ayanz zentroan (ikerketa-institutuen egoitza). Ezkerretik eskuinera: Miguel Villanueva (Sistemas Navarra), Ignacio Sainz de los Terreros (Sertecna), Eduardo Arana (GEEA), Jiri Bezdicek (Levenger), José Javier Astrain (NUP), Stepan Siutyk (NUP) eta Thomas Betancour (Sistemas Navarra).

Proiektuko parte-hartzaileak Jerónimo Ayanz zentroan (ikerketa-institutuen egoitza). Ezkerretik eskuinera: Miguel Villanueva (Sistemas Navarra), Ignacio Sainz de los Terreros (Sertecna), Eduardo Arana (GEEA), Jiri Bezdicek (Levenger), José Javier Astrain (NUP), Stepan Siutyk (NUP) eta Thomas Betancour (Sistemas Navarra).

Ekimenaren epe luzerako ikuspegia emisiorik gabeko hiri-espazioak lortzea da, non arkitekturak rol aktiboa izanen duen karbono-aztarna murrizten. Proiektuaren asmoa da modu eraginkorrean sortzea komunitate energetikoki berdeak, gaitasuna dutenak beren ingurune inpaktua deuseztatzeko, eguzki energiaz elikaturiko eraikuntza-paradigma berri horren bitartez. 

Adierazi den bezala, deskarbonizazio-ekintza horren oinarria proiektuan ikertu eta garatuko diren eraikuntza-materialak dira, zeinek propietate fotokatalitikoak baitituzte. Material horiek eguzki energiaz soilik elikatuko dira, eta gai izanen dira modu eraginkorrean aprobetxatzeko energia garbi hori eta energia termikoaren hondarrak –orain arte alferrik galtzen ziren–. Material horiei eta sortzen ari diren soluzio digitalen integrazioari esker, hiriko ekologia banatuaren iturrien kudeaketa adimenduna eginen da, hiri-sareko kutsatzaileak murrizteko nodoak bateratuz eta ekintza ekologikoen kalitatea eta zirkulartasuna bermatuz. 

Eraikuntza-enpresen, fabrikatzaileen, hornitzaileen eta agintarien arteko lankidetza

ENERCON proiektuak eraikuntzaren eta obra zibilaren sektoreko eragileen arteko lankidetza sustatzen du, hala nola eraikuntza-enpresen, materialen fabrikatzaileen, energia-hornitzaileen eta agintari publikoen artekoa. Proiektuaren helburua da azpiegitura ekoaktiboak ezarriz balio bateratua sortzea herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, karbono-isurketak murrizteko eta hiri-inguruneetako jasangarritasuna sustatzeko. Lankidetza horri esker, hainbat eragileren ezagutza eta esperientzia konbinatzen dira eraikuntza jasangarriari lotutako ingurumen- eta gizarte-erronkei erantzun integrala emateko.

Proiektu honen barrenean NUP-ISCri ezarri zaion zeregina plataforma digital bat diseinatzea eta garatzea da, aukera emanen duena kutsatzaileak murrizten dituen ekintza ekologiko bakoitzaren jatorria eta kalitatea baliozkotzeko eta ziurtatzeko, bai eta haren zirkulartasuna baliozkotzeko ere. Horretarako, Hederaren Hashgraph teknologia erabiltzen ari dira. Teknologia horrek aukera ematen du akats bizantziarrekiko tolerantziarik gabeko hashgraph asinkrono bat eraikitzeko, liderrik gabea (aBFT). “Plataforma horren bidez, garbiketa ekologikoaren prozesua egiaztatzen duten token berdeen (karbono-bonuen baliokideak) sortzaile potentzialak harremanetan jartzen ahalko dira eskubide horien erosle potentzialekin. Hori guztia gardentasunaren eta konfiantzaren erabateko bermez egiten ahalko dute, deskontaminazio-ekintzen ziurtapenak eraikuntza jasangarria haztea susta dezan”, adierazi du NUPeko ikertzaile taldeak. Ildo beretik, NUP-ISC sentsore sare bat diseinatzen ari da prozesu ekologiko deskontaminatzaileak monitorizatu, gainbegiratu eta ziurtatzeko. 

Proiektua European Green Deal edo Europako Erronka Berdearen barrenean kokatzen da, zeinak Europar Batasunaren deskarbonizazioari dagozkion helburu eta politikak ezartzen baititu.