Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIBGMET) Unibertsitateen Kontseiluaren akreditazio instituzionala lortu du. Unibertsitateen Kontseilua Estatuan irakaskuntza koordinatzeko ardura duen ministerio-organoa da. Hala, Unibertsitateak bere ikastegi guztien kalitatea egiaztatzeko prozesua amaitu du (lau fakultate eta bi eskola), 2020-2023ko Plan Estrategikoaren konpromisoetan jasota zegoen bezala.

zoom NUP.

NUP.

Akreditazio instituzional horrek egiaztatzen du Kalitatearen Barne Bermerako Sistema bat ezarri dela (KBBS), ikasleei eskaintzen zaien prestakuntza etengabe hobetzera bideratua, eta, gainera, berekin dakar ikastegi horiei atxikitako graduko eta unibertsitate masterreko titulu guztien akreditazioa sei urterako berritzea, banakako kanpoko kontrolik egin beharrik gabe.

Akreditazio hori lortzeko, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) egindako ikuskaritza gainditu behar da. Prozesu hori AUDIT programaren bidez garatzen da, bi fasetan. Lehenik eta behin, KBBSaren diseinua egiaztatzen da unibertsitatea kudeatzeko sistema gisa, eta, gero, sistema horren ezarpena unibertsitateko ikastegietako bakoitzean.

“NUPeko ikastetxe guztietan akreditazio instituzionala lortzeak esan nahi du Unibertsitateen Kontseiluak bikaintasuna aitortu digula graduko eta masterreko ikasketen kalitatearen kudeaketan. Pertsona askoren ahaleginaren eta dedikazioaren ondoriozko lorpen esanguratsu hori heldutasun unibertsitarioaren adierazle da, eta Espainiako hezkuntzaren arloko agintariek NUPi ematen dioten konfiantzaren erakusle”, adierazi du Inmaculada Farran Blanch NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak.

ANECA eta AUDIT programa

ANECA Unibertsitateen Ministerioari atxikitako erakunde autonomoa da. Unibertsitateko sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea du xede, ikasketen, irakasleen eta erakundeen ebaluazioaren, egiaztapenaren eta akreditazioaren bitartez. Hala, Europako Unibertsitate Eremua sendotzen eta gizarteari behar den erantzuna ematen laguntzen du.

AUDIT programa, bestalde, 2007an ezarri zen, eta bat dator Europako Unibertsitate Eremuko kalitatea ziurtatzeko irizpide eta jarraibideekin. Unibertsitateetako ikastegietan kalitatearen barne bermerako sistemak garatzera eta ezartzera dago bideratua, bai eta haietako prozesuak etengabe hobetzera ere.