Joan eduki nagusira

Marta Rodríguez Fous Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzaileak “Mirar atrás. Memorias y proyecciones de la violencia de ETA” liburua idatzi du. Hartan, ETAren biolentziaren justifikazio sozialaren fenomenoa, haren biktimen memoriaren kudeaketa eta horrek guztiak testuinguru politiko eta sozialean izan duen eragina aztertu ditu. “Los libros de la catarata” etxearen argitalpenak Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren babesa izan du.

Egileak azken 25 urteetan zehar idatzitako testu batzuk biltzen ditu liburuan. Hain justu, galdera hauei erantzuten saiatzen da bere hitzekin: “Zergatik legitimatzen da biolentzia kolektiboa? Nola lortzen du biolentzia horrek aurkari politikoaren jazarpena eta deuseztapena normalizatzen eta justifikatzen duen babes sozial hori? Zer rol betetzen dute biolentziaren legitimazio sozialari buruzko azalpenean irudimenak, biolentziazko iragan baten oroimenak eta etorkizuneko proiekzioek? Nola eutsi eta erantzun haren lilura eta itsutasunaren aurrean eta nola bermatu elkarbizitza baketsua eta pluraltasun politikoa?”. Testu horietan, Marta Rodríguez Fouzen asmoa da ulertzea nola sortzen eta sendotzen den arrazoi politikoengatiko biolentziaren justifikazioa, “eta, era berean, biolentzia horri aurre egiteko eta bizikidetza demokratikoaren balioak babesteko moduak pentsatzea”, adierazi du.

zoom Marta Rodríguez Fouz bere liburuarekin, NUPen.

Marta Rodríguez Fouz bere liburuarekin, NUPen.

Egileak, aipatutako gaiak garatzeko, besteak beste honako alderdi hauen errepasoa egiten du liburuaren kapituluetan: errua eta isiltasuna; memoria; bakearen defentsa; biolentziaren aurreko jarrera morala; biolentziaren amaieraren kudeaketa; artearen erabilera bakearen kulturaren lekukotza eta salaketa gisa; espazio publikoaren aldeko borroka; eta borroka sinbolikoak eta kontakizun historikoaren bertsio desberdinak eta hari buruzko eztabaidak. Horiez gain, hauek ere jorratzen ditu: ETAri eta haren biktimei buruzko memoria partekatua sortzeko dagoen zailtasuna; aitortza instituzionalaren beharra eta ahanzturaren aurkako borroka edo iragan traumatikoaren kontakizunak; eta zenbait kultur ekoizpenetan ETAren testuinguruak izan duen isla. 

Egileak dioenez, bere liburua eta ikerlan akademikoak 1998an argitaraturiko artikulu honekin hasten dira: “Los duelos de la memoria. De la política en tiempos de oscuridad”, non ETAren biolentziaren justifikazio soziala modu xehean aztertu baitzuen. Liburuaren amaieran datozen testuak idatzi zituenerako ETA desegina zegoen, haien erdiak 2018koak baitira, eta biktimen memoria eta kontakizunaren eraikuntza dute ardatz. 

Modu zabalagoan esanda, biolentzia kolektiboa eta haren hainbat testuingurutako justifikazioa izan dira Marta Rodríguez Fouzen ekoizpen zientifikoaren eta haren soziologo lanaren zatirik handiena.

Marta Rodríguez Fouzen CV laburra

Marta Rodríguez Fouz Soziologiako irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzailea. Haren ikerlanen gai nagusia biolentzia kolektiboaren legitimazio-arazoak eta biolentzia horren presentzia historiko eta soziala dira, eta arreta berezia ematen dio ETAri eta gerraren kontzeptualizazioari. Lan hauetan parte hartu du: “Estudio sociológico sobre las extorsiones y amenazas de ETA contra el empresariado navarro” lanean (2019), arduradun moduan (ETAk Nafarroako enpresarien aurka eginiko estortsio eta mehatxuen azterketa); “Encuesta sobre el conocimiento del terrorismo en la población escolar de ESO de Navarra” galdetegian (2021), hura prestatzen eta hari buruzko azterketa egiten (Nafarroako DBHko ikasleek terrorismoaz duten ezagutzari buruzko galdetegia); eta “Terrorismo de ETA y violencia de persecución contra miembros y cargos públicos de partidos democráticos en Navarra (2023)” ikerketan (ETAren terrorismoa eta jazarpen-biolentzia Nafarroako alderdi demokratiko batzuetako kide eta kargu publiko batzuen aurka). 

Hauek dira haren argitalpenik berrienak: “Enfrentando al enemigo” (Anuario de Filosofía del Derecho, 2021); “El ‘nomos’ de la tierra en un mundo global. Carl Schmitt a la luz de la nuevas amenazas” (Jura Gentium, XIX, 2022); “El concepto de enemigo y su transformación en los nuevos escenarios bélicos” (Roger Campione, Filippo Ruschi eta Ana Aldave (koord.); eta “Al borde del abismo. Guerra, derecho y tecnología” (Tirant lo Blanch, 2022). Gaur egun, “Gerra zaharrak eta teknologia berriak: biolentzia politikoa arautzeko saiakuntza-banku kritikoa” proiektuan parte hartzen du, zeina Europar Batasunak finantzatzen baitu “Kontzeptu-probak” programaren bidez.