Joan eduki nagusira

“InpAkta: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact” izeneko aldizkaria Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa Euroeskualdeko eta Ameriketako Estatu Batuetako hogei bat erakunde akademiko eta zientifikotako zenbait ikertzailek sortu dute haien erakundeen babesean, besteak beste Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbaitek (NUP). Atzo aurkeztu zuten argitalpena, 2024ko otsailaren 5ean (astelehena), NUPen. Jakintza-arlo guztiak biltzen dituen aldizkari diziplina anitzekoa da, sarbide irekian eskuratu daiteke, eta eragin sozial handiko eta kalitate oneko ikerlanak argitaratzea du helburua. Aldizkaria aurkezteko ekitaldian, Roldán Jimeno Aranguren NUPeko idazkari nagusia, María Iraburu Elizalde Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Patricia Fanlo Mateo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Diego Garrido Vidal ADItech-eko zuzendari nagusia (SINAI I+G+b-ko Nafarroako Sistemaren koordinatzailea baita ADItech) eta María Napal Fraile aldizkariaren erredakzioburua izan ziren.

Urtean bi ale aterako dituzte, eta bai mundu osoan oro har bai espezifikoki Akitania Berrian, Euskadin eta Nafarroan inpaktu soziala izan dezaketen ikerlanak emanen dituzte ezagutzera. Ingelesez edo euskaraz idatzitako lanak onartuko dituzte. Artikuluak nolakoak diren kontuan izanik, publiko ez-espezializatuarentzako laburpen bat ere izanen du ikerlan bakoitzak. Euroeskualdeko hiru hizkuntza ofizialetan emanen dira laburpenok, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, eta orrialde bakarrean.

zoom Ezkerretik eskuinera: María Napal, aldizkariaren erredakzioburua; María Iraburu, Nafarroako Unibertsitateko errektorea; Roldán Jimeno, NUPeko idazkari nagusia; Patricia Fanlo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; eta Diego Garrido Vidal, ADItech-eko zuzendari nagusia.

Ezkerretik eskuinera: María Napal, aldizkariaren erredakzioburua; María Iraburu, Nafarroako Unibertsitateko errektorea; Roldán Jimeno, NUPeko idazkari nagusia; Patricia Fanlo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; eta Diego Garrido Vidal, ADItech-eko zuzendari nagusia.

"InpAkta" aldizkaria pandemiaren ondorengo gogoetatik sortu zen; izan ere, orduan, agerian gelditu zen eragin sozial handiko gaiak modu zientifikoan jorratu beharra zegoela, eta, herritar guztioi eragiten diguten gaiez gehiago arduratzen hasi ginenez, handitu egin zen gizarteak ikerketan eta zientzian duen interesa. Bada, gizartearen eta ikerketa-munduaren arteko zubi lana egiteko sortu dute, hain zuzen, aldizkaria, eta diziplina guztietako ikerketak eta haien ebidentziak azalduko ditu. Bost jakintza-arlo handi hauek jorratuko ditu: natur zientziak, osasun zientziak, gizarte eta giza zientziak, lurraldearen antolaketa eta teknologia.

Ebidentzia iturri erronka sozialei aurre egiteko

María Napal NUPeko ikertzaileak aurkezpenean azaldu zuenez, gai asko bilduko ditu aldizkariak: ekologia, ekonomia, medikuntza, osasun publikoa, bioetika, antropologia, ingeniaritza, geologia, hidrologia, hezkuntza, komunikazioa, adimen artifiziala, albaitaritza, immigrazioa, soziologia, genero ikerketak, hizkuntza, digitalizazioa, demografia, jasangarritasuna, elikagaiak eta kimika analitikoa besteak beste. Dioenez, aldizkariak helburu argi bat du: “kalitate oneko ebidentzien iturri eta bilduma izatea, gizarte gisa dauzkagun desafioei oinarri sendoekin aurre egin diezaiegun gizarteak oro har, erakundeek zein eragileek”.

Aldizkaria aurkezteko ekitaldian, agintariek nabarmendu zuten aldizkariak ahalmena izan duela entitateak, jakintza-arlo bateko eta besteko taldeak eta erakunde publikoak zein pribatuak batzeko helburu jakin baten alde: ikertzeko tresnak eskaintzea erronka sozialei aurre egiteko.

Zehazki, honako entitate hauen artean sortu dute “InpAkta”: Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Nafarroako Unibertsitatea, ADItech, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA), Deustuko Unibertsitatea, CNRS IKER-UMR 5478, Agirre Lehendakari Centre, Arantzazulab, Telesforo Monzon eLab, Orkestra -Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Université de Bordeaux, Université Bordeaux Montaigne, Basque Research and Technology Alliance, Elhuyar Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Centre for Basque Studies - Reno, Boise State University Basque Studies, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Cenarrusa Foundation for Basque Culture eta Soziolinguistika Klusterra.