Joan eduki nagusira

Labrit Ondare Immateriala enpresak modu ez-esklusiboan lagako dio Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) bere sorreratik (2009tik) gaur egun arte filmatutako ikus-entzunezko material etnografiko guztia, dokumental osoak eta lekukotasunak biltzen dituena, Nafarroako ondare materiagabearen webgunean (Navarchivo) ikusi ahal izan dadin

Horretarako, enpresak eta erakundeak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute berriki, eta, ekitaldi hartan, honako hauek hartu zuten parte: Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordeak, Alfredo Asiáin Ansorena Navarchivoko eta NUPeko Ondare Immaterialaren Katedrako zuzendariak eta Gaizka Aranguren Urroz Labrit Ondare Immaterialeko zuzendariak. Labrit Ondareak eta NUPek 2014an sinatutako esparru-akordioaren parte da sinatutako hitzarmena.

zoom Labriten materiala NUPi lagatzeko hitzarmenaren sinadura-ekitaldia. Ezkerretik eskuinera: Gaizka Aranguren Urroz (Labrit Ondare Immaterialeko zuzendaria), Francisco Javier Arregui San Martín (NUPeko Ikerketako errektoreordea) eta Alfredo Asiáin Ansorena (Navarchivoko eta NUPeko Ondare Immaterialaren Katedrako zuzendaria).

Labriten materiala NUPi lagatzeko hitzarmenaren sinadura-ekitaldia. Ezkerretik eskuinera: Gaizka Aranguren Urroz (Labrit Ondare Immaterialeko zuzendaria), Francisco Javier Arregui San Martín (NUPeko Ikerketako errektoreordea) eta Alfredo Asiáin Ansorena (Navarchivoko eta NUPeko Ondare Immaterialaren Katedrako zuzendaria).

Lagako diren ikus-entzunezko materialen artean, badira Nafarroako herrietako Ahozko Memoria Biltzeko Proiektuaren esparruan jaso diren bizitzako historien lekukotasunak, dagoeneko jendaurrean jarri dituzten udalerrien kasuan. Esan bezala, material hori guztia (dokumentalak eta bizitzako historiak) “online” kontsultatzen ahalko da Navarchivon. Dokumentalen bilduma, gainera, NUPeko Liburutegian gordailutua gelditu da. 

Era berean, hitzarmenean jasotzen da urtero jendaurrean jarriko direla Labritek NUPi lagatako ikus-entzunezko funtsak.

Herritarren bizitzari buruzko 3.000 istorio bildu dira 205 udalerritan

Labrit Ondareako taldeak, Euskokultur fundazioarekin eta Euskal Kultur Erakundearekin batera (EKE), Nafarroako eta Nafarroa Behereko herri gehienetako biztanleen % 1en bizitzako istorioak bildu ditu azken urteotan. 

Parte hartzeko proiektua da, eta, beraz, herri bakoitza ezaugarritzeko prozesua eta bizitzako istorioen galdetegiak berariaz sortutako tokiko batzordearen bidez egiten dira. Orain arte, Navarchivok herritarren bizitzari buruzko 3.000 istorio baino gehiago bildu ditu 205 udalerritan, eta 2009az geroztik lan horretaz arduratu den taldeak, Labritek, 2.300 bildu ditu guztira.

Navarchivo

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) Kultura Ondare Immateriala babesteko definitzen dituen ezinbesteko ekintzetan laguntzeko sortu zen Navarchivo, honako hauetan hain zuzen: identifikazioa eta dokumentazioa; zaintza eta kontserbazioa; sustapena eta hedapena; eta babesa eta biziberritzea.

32. bileraz geroztik (Paris, 2003ko urria), UNESCOk honela definitzen du ondare immateriala: “komunitateek, taldeek eta abarrek beren ondare kulturalaren parte gisa aitortzen dituzten erabilerak, irudikapenak, adierazpenak, ezagutzak eta teknikak”. Espainiako Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionalak (2011), bestalde, honela deskribatzen du: “esanahi kolektibo partekatuekin lotua eta komunitate batean errotua dagoen adierazpen kultural bizi oro”.

Nafarroako Gobernuak eta NUPek finantzatua, Navarchivo proiektuak funts dinamiko bat sortu du, Nafarroako kultura tradizionalarekin zerikusia duten multimedia, soinu, ikus-entzunezko eta testu artxiboz osatua. Artxibo horietarako sarbidea doakoa eta mugagabea da.