Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hamasei ikertzaileri eman die Irakasleen 2022ko Bikaintasun Saria. Sariketa horren bidez, NUPeko jakintza-arlo eta sailetako zenbait irakaslek 2022an egindako lan bikaina aintzatesten da. Ekitaldi instituzionala asteazkenean egin zen, Olibondoak eraikineko Nicolás García de los Salmones aretoan, Arrosadiko campusean, eta Ramón Gonzalo errektorea aritu zen ekitaldiaren buru.

zoom Aintzatetsitako irakasleen argazkia, Ramón Gonzalo errektorearekin eta Inés Olaizola Irakasleen Gaietarako errektoreordearekin batera.

Aintzatetsitako irakasleen argazkia, Ramón Gonzalo errektorearekin eta Inés Olaizola Irakasleen Gaietarako errektoreordearekin batera.

Irakasleen Gaietarako errektoreorde Inés Olaizola Nogales ere izan zen sari banaketan, eta Ricardo San Martín Murugarren Fisika Aplikatuko irakaslea mintzatu zen saridunen izenean. Hitzaldian, irakaskuntzaren jardunaz eta irakasteko modu egokia aurkitu beharraz aritu zen: “Ez dira metodologia tradizionalak gutxietsi behar zaharrak izate hutsagatik, eta, aldi berean, ez dira metodologia berriak baldintzarik gabe onartu behar modan egoteagatik edo berritzaileak izateagatik”. Bere ustez, “hezkuntzaren arloko ikerketa hutsik gabeko errezetarik ez dagoela erakusten ari da: izan ere, ez dago beti, ikasle guztientzat, helburu guztietarako eta testuinguru guztietan eraginkorra izanen den hezkuntza-metodorik”.

Halaber, irakaskuntzaren arrakasta baldintzatzen ahal duten antolakuntza- eta ekonomia-faktoreak daudela adierazi zuen. Esan zuenez, “askotan planteatzen da curriculuma edukiz hustea pedagogiaren mesedetan, baina bi elementuak osagarriak eta ezinbestekoak dira”. Azkenik, irakasleei zuzenduta, esan zuen “ezinezkoa dela ikasten laguntzea baldin eta ez bada ongi ezagutzen zer ikasi behar den”, eta, ondorioz, “ongi irakasteko modua bilatzen jarraitzera” animatu zituen irakasle guztiak.

zoom Ricardo San Martín saridunen izenean mintzatzen.

Ricardo San Martín saridunen izenean mintzatzen.

Aintzatetsitako pertsonak

Inés Olaizola Irakasleen Gaietarako errektoreordeak Bikaintasun Sarien ebazpena irakurri zuen eta, ondoren, diplomak banatu zizkieten aintzatetsitako hamasei pertsonei. Saria 1.000 eurokoa da.

Alfabetikoki, hauek izan dira saridunak: Roberto Aguado Jiménez (Fisiologia), Álvaro Baraibar Echeverría (Historia Modernoa), Miguel Ángel Barajas Vélez (Biokimika eta Biologia Molekularra), Unai Belintxon Martín (Nazioarteko Zuzenbide Pribatua), Alejandro Federico Bello Pintado (Enpresen Antolaketa), Javier Casalí Sarasibar (Nekazaritza eta Baso Ingeniaritza), César Elosúa Aguado (Teknologia Elektronikoa), María González de Audicana Amenábar (Nekazaritza eta Baso Ingeniaritza), Leticia Jericó Ojer (Zuzenbide Penala), José Javier López Goñi (Nortasuna, Ebaluazioa eta Tratamendu Psikologikoa), Andrea Ollo López (Enpresen Antolaketa), Teodoro Roldán Marrodán (Matematika Aplikatua), Ricardo Andrés San Martín Murugarren (Fisika Aplikatua), María Teresa Sanz de Acedo Baquedano (Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia), Miren Sarasibar Iriarte (Administrazio Zuzenbidea) eta María Isabel Zudaire Ripa (Zientzia Esperimentalen Didaktika).

Ramón Gonzalo errektorearen hitzaldiak eman zion amaiera ekitaldiari.

zoom Aintzatespen ekitaldiaren irudi bat.

Aintzatespen ekitaldiaren irudi bat.

Ebaluatzeko sistema

Eskaerak ebaluatzeaz arduratzen den batzordea honako hauek osatzen dute: NUPetik kanpoko unibertsitateko irakasle bat, Gizarte Kontseiluak izendatua; Irakasleen Gaietarako errektoreordea; ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten zenbait irakasle; Unibertsitateko ikasleen ordezkari bat; eta beste unibertsitate bateko irakasle bat, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak izendatua (ANECA).

Irakasleek ebalua ditzaten eskatzen ahal dute nahi izanez gero, eta hiru alderdi hartzen dira kontuan: egokitasuna (irakasleak emandako edukiak zenbateraino datozen bat Unibertsitatearen, ikastegiaren eta titulazioaren eskakizunekin, plan estrategikoetan eta ikasketa-planetan jasota dagoenaren arabera), gogobetetzea (ikasleek eta arduradun akademikoek iritzi ona ote duten irakaslearen jardunaz) eta irakasleak berak bere jardunari buruz zer gogoeta egin duen eta zer hobekuntza aplikatu dituen (batzordeetan eta bileretan parte hartuz, eta irakasgaiari eta irakaskuntza-estrategiei buruzko prestakuntza jasoz).