Joan eduki nagusira

Philip Obaji Jr. Nigeriako kazetari eta aktibistak eta irabazi asmorik gabeko Wassu Fundazioak lortu dute, “ex aquo”, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Giza Eskubideak sustatzeko ematen duen Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Gaur eman dute jakitera epaia (abenduak 9, ostirala), Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan.

zoom Ezkerretik eskuinera: Joaquín Mencos epaimahaiko burua eta Patricio Hernández epaimahaikidea.

Ezkerretik eskuinera: Joaquín Mencos epaimahaiko burua eta Patricio Hernández epaimahaikidea.

Philip Obaji Jr.-en kasuan, epaimahaiak “kazetari gisa egin duen lan ausarta” nabarmendu du; izan ere, besteak beste, “Wagner taldeko mertzenarioek eta Mendebaldeko Afrikako haien aliatuek (bereziki Malikoak eta Afrika Erdiko Errepublikakoak) giza eskubideen aurka egindako ehun abusu kasu baino gehiago dokumentatu ditu, mehatxuak mehatxu, eta arrisku bereziko testuinguru batean, eta Mendebaldeko Afrikako eta Afrika Erdiko desplazatu eta errefuxiatuen historia pertsonalak azalarazi eta bizitasun handiz jaso ditu”. Wassu Fundazioaren kasuan, epaimahaiak azpimarratu du Adriana Kaplan irakasleak 1999an Gambian fundazio hori sortu zuenetik “emakumeen genitalen mutilazioaren kontra egin duen borroka sutsua”. Adriana Kaplan antropologoa da, eta Ezagutzaren Transferentzia Sozialeko katedraduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB).

Sarituen izenak emateko egindako ekitaldian, Joaquín Mencos Doussinague epaimahaiko buru eta Brunet Fundazioko lehendakariordea eta Patricio Hernández Pérez Fundazioko kidea izan dira. Saria 36.000 eurokoa da, eta parte berdinetan banatuko da saritutako pertsonaren eta erakundearen artean, hau da, 18.000na euro.

Bortxaketak, torturak, heriotza-mehatxuak eta emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako borroka

Philip Obaji Jr.-en kasuan, gainera, epaiak nabarmendu du “Boko Haramek Nigerian eragindako biktimei eta Maliko emakumeen aurka egindako gehiegikeriei buruz (Nigerko trafikatzaileei saldu baitzizkieten) hark egin duen informazio estaldura”, baita “trafikatzaileek Kamerungo errefuxiatuak Nigerian esplotatzeko Facebook erabili izana” salatzeko egin duen lana ere; izan ere, lan horrek “gobernuak eta eragile humanitarioak sentsibilizatzen” lagundu du. Kazetari afrikar hori “The Daily Beast” egunkariko korrespontsala da, eta hura baliatzen du giza eskubideen urraketak salatzeko.

Sarirako hautagaitzaren dokumentazioan azaltzen den bezala, kazetari horrek oso testuinguru arriskutsuan garatzen du bere lana. Berak Afrika Erdiko Errepublikan dituen informazio-emaile batzuk erail egin dituzte edo “zirkunstantzia misteriotsuetan” desagertu dira, eta bera ere Boko Haramen bahiketa-saiakera batetik ihes egina da. Gainera, hautagaitzan adierazten den bezala, haren argazkia “troll” errusiarren Interneteko foroetan dabil harat-honat. Horietan “Mendebaldeko agentetzat” daukate, eta esaten dute desagerrarazi egin behar dela Wagner talde paramilitar errusiarraren aurka egindako salaketengatik, zeinak Afrikaz gain Ukrainan ere jarduten duen. Kazetariak bi leku horietan dokumentatu eta salatu ditu mertzenario horiek eginiko bortxaketak, torturak eta hilketak.

Wassu Fundazioari dagokionez, hauek izan dira Gambian izandako lorpen esanguratsuenetako batzuk, epaian adierazten denez: emakumeen genitalen mutilazioaz hitz egitea galarazten zuen betoa kentzea, “mutilaziorik gabeko iniziazio-erritu” alternatibo bat proposatzea, emakumeen genitalen mutilazioak osasunean dituen ondorioen ebidentzia zientifikoa emateko azterketa klinikoak egitea, gai horri ekiteko nazioarteko foroak antolatzea, osasun langileentzako Prestakuntza Programa Nazional bat sortzea, curriculum akademiko bat eta prebentziorako eta arretarako gidaliburu bat garatzea (Gambiako Osasun Zientzietako ikastegi guztietan txertatua), eta, azkenik, Afrikako herrialde horretan emakumeen genitalen mutilazioa debekatzen duen Legea aldarrikatzea 2015ean.

Gambian estimatzen da 12.623 pertsonak izan dituztela Fundazioak martxan jarri dituen sentsibilizaziorako eta prestakuntzarako ekintzen onura zuzenak. Fundazioak etorkizuneko belaunaldietan emakumeen genitalen mutilazioa utz dezatela sustatzen eta bermatzen egiten du lan. Gainera, diseinatu eta ezarri duen metodologia Kenyara, Tanzaniara eta Senegalera ere esportatu dute. Epaiak agerian jarri duen moduan, jarduera horiek guztiek “erantzuna izan dute Espainian, gure herrialdean ere era horretako praktikak egitearen aurkako prebentziozko esku-hartze erabakigarriak zabaldu baitira”.

Jaime Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura-fundazio pribatu bat da, eta bere helburua giza duintasunarekiko, oinarrizko askatasunekiko eta giza eskubideekiko errespetua sustatzea da, bai eta egoera eta tratu anker edo iraingarriak desagerraraztea ere. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sariaren deialdia egiten du, giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakunde baten ibilbidea edo zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat aitortzeko. Osotara, 1998az geroztik Nazioarteko hogeita bi Jaime Brunet Sari eman ditu Fundazioak; azkena, 2021ean, José Luis Azcona monsinoreari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko bertako buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.

Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.

Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duena, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.