Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hamabi ikasle hautatu dituzte Landako Campusa programan praktikak egin ditzaten. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak garatutako ekimena da, Espainiako Unibertsitate Ministerioarekin eta unibertsitate publikoekin lankidetzan egina. Ekimenaren helburua da edozein titulazio ofizialetako ikasleek praktika akademikoak egitea jendebagetze arazoak dituzten landa eremuko 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan.

Gehienez 12 postu eskaini zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoak Landako Campusa programan. Ekimenean parte hartu nahi zuten ikasleak, ordea, 71 izan ziren, eta ikasle horiek 129 inskripzio egin zituzten guztira, ikasle bakoitzak 8 hautaketa-prozesutan har baitezakeen parte. Entitateei dagokienez, 24k eskatu zuten Landako Campusean parte hartzea, eta 27 praktikaldi eskaini zituzten guztira.

zoom UPNA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Landako praktiketarako hautatu dituzten ikasleetatik, 6 zientzien eta ingeniaritzen arlokoak dira; zehazki, gradu hauetakoak: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Industria Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza. Beste seiak giza eta gizarte zientzietako ikasleak dira, eta Historiako eta Ondareko Gradua, Gizarte Lana, Soziologia Aplikatua eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza ari dira ikasten.

Praktikak egiteko herriak Lodosa, Murillo El Fruto, Uharte Arakil, Villatuerta, Getze, Allo, Beriain, Aritzala, Lekunberri, Iraizotz eta Cascante dira.

Espediente akademikoa hartzen da kontuan tutoretzapeko prestakuntza-praktikak esleitzeko. Landa eremuan egiten dituzte ikasleek praktikak, hiru hilabetez, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, eta astean 30-35 orduz. Horretaz gainera, ikasketetarako 1.000 euroko laguntza jasotzen dute hileko. Programaren baldintzen arabera, ikasleek konpromisoa hartzen dute praktikak eginen dituzten herrian bizitzeko, edo antzeko ezaugarriak dituen herri batean, zeinak praktikaldia eginen den lekutik 20 kilometrora egon behar baitu urrutienez.

Entitateak, berriz, udalak, mankomunitateak, elkarteak, merkataritza-ganberak, irabazi asmorik gabeko fundazioak eta enpresak izaten ahal dira, baldin eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan badaude, edo 20.000 biztanle arteko udalerri ez-urbanoak badira eta haietako biztanle-entitate berezi guztiak 5.000 biztanletik beherakoak badira.