Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Ilundain Haritz Berri Fundazioa sustatzaile duen Ilundain Gizarteratze Enpresak zuhaixkak landatzeko jardunaldi bat antolatu zuten berriki. Urtero errepikatu nahi duten ekimen horrek Unibertsitateko komunitateko zenbait kide bildu zituen, eta NUPeko lorezaintza-zerbitzua arduratu zen haiei laguntzeaz, zeina aipatutako gizarteratze enpresako langileek osatzen duten, kontratu publikoaren esleipenduna baita. 

Enpresaren arduradunek azaldu dutenez, urteko lehenbiziko hiruhilekoan bertako 150 zuhaixka landatzeko asmoa dute: hala nola gurbitza, gorostia, legeltxorra, gurbeondoa, elorri beltza, gogortxua, estrepa, salix purpurea, laurus nobilis eta zuhandorra. “Bertako espezieak izateaz gainera, mesedegarriak dira zenbait hegazti intsektiborok elikagaiak lor ditzaten, eta horrek ingurumena orekatzen laguntzen du, baita intsektu izurriak kontrolatzen ere, prozesionariarenak edo ezpel sitsarenak esaterako”, adierazi dute. “Zuhaixkentzako espazio horiek biodibertsitatearen gordailuak dira, eta guztiz bateragarriak apaingarri izateko pentsatutako lorategi batekin. Gainera, ingurumenari dagokionez, campusaren jasangarritasuna hobetzen dute”, nabarmendu dute. 

zoom Plantacion

Enpresaren erabiltzaileak eta entitatearen eta Unibertsitatearen arduradunak. Ezkerretik eskuinera: Juan Mateos eta Andy Herrera, enpresaren erabiltzaileak; Eduardo Sanz, enpresaren zuzendaria; Begoña Pérez Eransus, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Manolo Sanz, Ilundain Fundazioaren Patronatuaren lehendakaria; José Miguel Mateo, NUPeko Jasangarritasunerako Unitateko teknikaria; Santiago Álvarez, NUPeko Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuaren zuzendaria, eta José Luis Cano, enpresako teknikaria.

Gogoan izan beharra dago ezen, 2020an, NUPek Ilundain Gizarteratze Enpresari esleitu ziola irabazi asmorik gabeko edo gizarte ekimeneko enplegu zentro berezietarako eta gizarteratze enpresetarako erreserbatutako lehenbiziko kontratua. Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeak ezartzen duenaren arabera, Foru Komunitateko administrazioek legezko betebeharra dute halako enpresentzako kontratuak erreserbatzeko. Kontratu horien zenbatekoa “aurreko aurrekontu ekitaldian adjudikatutako kontratuen zenbatekoaren % 6 izanen da gutxienez”.

Ilundain Gizarteratze Enpresa NUPen

Ilundain Fundazioak 1999an sortu zuen aipatutako enplegu zentroa, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, eta lana lortzeko zailtasunak dituzten gazteei lanerako aukerak eskaintzea du xede. Parte-hartzaileak gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak dira. Oinarrizko gizarte zerbitzuek edo auzoko unitateek bideratzen dituzte, eta gehienez ere hiru urteko lan kontratua izaten dute. Gaur egun, enpresak 44 pertsona ditu lanean; horietatik 30 gizarteratze prozesuan daude, eta gainerakoak zenbait arlotako profesionalak dira. Ilundain Gizarteratze Enpresak 20 urtetik gorako ibilbidea du, eta batez ere lorezaintzaren sektorean dago espezializatua, nahiz eta beste hainbat zerbitzu ere ematen dituen, besteak beste, arotzeria edo hiriko altzarien diseinua eta instalazioa.

Enpresaren lan metodologia “prestakuntza eta orientazio pertsonalizatuan oinarritzen da, ohitura eta baliabide pertsonalak eskuratzeko aukera ematen duen lan testuinguru batean”, arduradunek adierazi dutenez. Gaur egun, “gizarteratze enpresak zenbait zerbitzu ematen dizkie erakunde publiko eta pribatuei, eta, horiei esker, pertsona horientzako enplegu aukerak lortzen dituzte”, esan dute amaitzeko.