Joan eduki nagusira

Thomson Reuters Aranzadik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak liburu bat argitaratu berri dute elkarrekin: “Análisis de la Directiva UE 2019/1937 “Whistelblower” desde las perspectivas penal, procesal, laboral y administrativo-financiera”. 2021eko irailean, Unibertsitatean nazioarteko biltzar bat egin zen Zuzenbidearen esparruko hogei bat aditurekin, eta haien ekarpenak bilduz egin dute orain liburu hori. Inés Olaizola Nogales, Elisa Sierra Hernaiz eta Hugo López López izan dira lanaren zuzendariak, eta koordinazio lanetan, berriz, Inés Molina Álvarez eta Lorena Alemán Aróstegui aritu dira, guztiak ere NUPeko Zuzenbide Sailekoak.

zoom Ezkerretik eskuinera, Inés Molina, Elisa Sierra, Inés Olaizola, Hugo López eta Lorena Alemán

Ezkerretik eskuinera, Inés Molina, Elisa Sierra, Inés Olaizola, Hugo López eta Lorena Alemán

Liburuak Miguel Díaz y García Conlledo Leongo Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedradunaren aurkezpen bat dauka, eta hiru parte eta 16 kapitulutan dago egituratua. Horretaz gainera, formatu elektronikoan ere argitaratu da.

Laburbilduz, lanak aztergai du nolako garrantzia duen salatzaileak ustelkeriaren aurka borrokatzeko, salaketarako bideen konfidentzialtasuna eta babesa bermatzen zaizkion aldi berean; kontu publikoak azpimarratzen ditu, eta genero ikuspegia jaso; eta lan araudirako transposizioa aztertzen du, arreta berezia jarriz datuen eta langile salatzailearen babesari, baita enpresa publikoen kasuan ere. Halaber, liburuak zuzentarauaren aplikazio esparruak, berme sistema eta horrek gastu publikoaren kontrolean duen eragina aztertzen ditu. Azkenik, zuzentarauak tresna gisa eta zuzenbide administratiboko gardentasun printzipioaren berme-emaile gisa duen garrantzia analizatzen da.

Miguel Díaz y García Conlledok aurkezpenean aipatu duenez, zuzentarau horren helburua “salatzaileen babesa bateratzea da —zeina egun zatikatua baitago Europar Batasuneko estatu kideetan eta desberdina baita esparru batetik bestera—, eta “whistleblowers” direlakoei (literalki, txistu jotzen dutenak, txilibitua jotzen dutenak) eginkizun erabakigarria esleitzen die bai arau-hausteak aurkitzeko, bai horiei aurrea hartzeko eta bai gizartearen ongizatea babesteko”. Alde horretatik, erantsi duenez, “salatzaileek egindako salaketak eta jendaurrean ezagutzera emandako informazioak Europar Batasuneko Zuzenbidea eta politikak betetzeko oinarrian dauden osagaietako bat dira”.

Edukiak

Lanaren hiru parteetako lehena Zuzenbide Penalari eta Prozesalari buruzkoa da, eta zazpi kapitulu ditu: “Salatzaileen babesa: Zuzentarauaren gabezia batzuk”, “Jakinarazlearen babesa eta esparru penalean ukitutako pertsonen eskubideak”, “Erantzukizun penala informazio konfidentziala lortzeagatik eta ezagutzera emateagatik: 2019/1937 Zuzentarauak ezartzen dituen bermeak jakinarazleentzat, eta Espainian horri buruz hartutako erabaki jurisprudentzialak”, “Kontu publikoen faltsutasunaren prebentzioa eta Zuzentarauaren xedapenak”. “Muga asko eta aukera batzuk; whistleblowinga eta prozesu penala: berme prozesalen ikuspegitik egindako irakurketa”, “2019/1937 Zuzentaraua Italiako Zuzenbide Penalaren ikuspegitik”, eta “Whistleblowinga eta Zuzenbide Penala: zenbait ohar jakinarazleak Europar Batasuneko 2019/1937 Zuzentarauaren aurrean duen erantzukizun penalari buruz”.

Bigarren parteko bost kapituluak Lan Zuzenbidearekin daude lotuta: “Zuzentarauaren transposizioa Espainiako laneko ordenamendu juridikora”, “Salatzeko bidea enpresan eta datuen babesa”, “Langile salatzailearen babesa 2019/1937 Zuzentarauan, Europar Batasuneko zuzenbidearen arau-hausteen berri ematen duten pertsonen babesari buruzkoan: giltzarriak”, “Salatzeko bidearen garapena administrazio publikoan, enplegu-emaileare rola duen aldetik”, eta “Salatzeko bideak eta whistleblower delakoaren babesa Zuzentarauan eta genero ikuspegia: gogoeta integrala eta integratua LNEk indarkeriari eta lantokiko jazarpenari buruz sinatutako 190. hitzarmenarekin”.

Hirugarren parteak Administrazio eta Finantza Zuzenbideari buruzko hiru kapituluak biltzen ditu: “Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 Zuzentaraua zergen arloan”, “Whistleblowing arauketa eta kontu epaitegiak: ereduak eta jardueran parte hartzea”, eta “Salaketa eta salatzailearen babesa: 2019/1937 Zuzentarauaren eta Espainiako Administrazio Zuzenbidearen arteko aldeak”.