Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuak (INAMAT2) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Magnetismo Aplikatuko Institutuak (IMA) akordio bat sinatu dute denen intereseko arlo zientifiko eta teknikoetan lankidetzak ezartzeko eta sustatzeko. Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordeak eta Juan Carlos Doadrio Villarejo UCMko Harreman Instituzionaletako errektoreordeak sinatutako akordioari esker, proiektu akademikoak eta ikerketa zientifikoko proiektuak lankidetzan garatzeko beharrezkoa den jarduera zientifikoaren hainbat alderdi gauzatzen ahalko dira.

zoom Inamat

Ezkerretik eskuinera: Cristina Gómez Polo INAMAT2-ko zuzendaria eta Pilar Marín IMAko zuzendaria.

Proiektu komun horiek garatuta, irakasle eta ikertzaileen arteko truke askea bultzatu eta sustatu nahi da, baita ikasleen artekoa ere. Era berean, informazio akademikoa eta zientifikoa trukatzea bilatzen da, elkarri bisitak eginez, eta material berrien eta haien aplikazioen arloko jardunaldi eta ekitaldi zientifikoak antolatuz eta haietan parte hartuz. Halaber, baterako ikerketa-proiektuak gara daitezela eta lehiaketa-deialdietan teknologia transferi dadila sustatu nahi da.

Sentsoreak, material magnetikoak eta eremu elektromagnetikoak

Zehatzago esanda, Pilar Marín Palacios (IMA) eta Cristina Gómez Polo (INAMAT2) irakasleak zuzendari dituzten bi institutuak lanean ari dira Materialen Zientzia eta Teknologiaren arloko ikerketa-ildo komunei heltzeko beharrezkoak diren ekintzak garatzeko. Hauek dira lantzen ari diren gaiak, besteak beste: sentsore eta eragingailu magnetikoen garapena; interes teknologikoko material magnetiko berrien azterketa, hala nola nanopartikulena, mikrohariena eta konpositeena, eta eremu elektromagnetikoen neurketa eta karakterizazioa.  Testuinguru horretan, IMAko zuzendariak duela gutxi "Wireless Stress Sensor Based on Magnetic Microwires" izeneko mintegia eman zuen, INAMAT2 erakundeak antolatutako ikerketa-mintegien zikloaren barnean.