Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Gustav Henningsen ikertzaile daniarraren liburu bat editatu eta argitaratu berri du: “En busca de la verdad sobre la brujería. Los memoriales del inquisidor Salazar y otros documentos relevantes sobre el auto de fe de 1610”. Sorginen fenomeno historiko eta antropologikoaz mundu mailan gehien dakien adituetako bat da Henningsen, eta bere liburuki hau Unibertsitatearen “online” dendan erosten ahal da, 30 euroan paperean (azal gogorra) eta 20an pdf formatuan.

zoom Roldán Jimeno eta Ignacio Panizo

Ezkerretik eskuinera: Roldán Jimeno eta Ignacio Panizo

Liburua gaur aurkeztu dute, urtarrilak 4 (asteartea), eta Roldán Jimeno Aranguren Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako irakasle titularra eta Juan Ignacio Panizo Santos Espainiako Liburutegi Nazionaleko Artxiboaren Ataleko burua egon dira aurkezpenean. Liburu hau ingelesez baizik ez zegoen eskuragarri orain arte, eta duela gutxi ikertzaileak bere artxiboa eta liburutegi pertsonala NUPi dohaintzan ematearen ondorioz prestatu dute gaztelaniazko edizioa. Gogoan izan behar da ezen Unibertsitateak, liburu hau argitaratzeaz gain, Nafarroako Gobernuarekin batera omenaldi bat egin ziela azaroan ikertzaileari eta bere emazte Marisa Rey-Henningseni.

“En busca de la verdad sobre la brujería” liburuak ikuspuntu psikologikotik, soziologikotik eta antropologikotik aztertzen du fenomenoa, eta arreta berezia jartzen dio Alonso de Salazar Frías inkisidoreari, haren eginkizuna erabakigarria izan baitzen jazarpena deuseztatzeko. Liburuaren lehen partean, xeheki aztertzen da sorginen fenomenoak ekarri zuen histeria kolektiboa edo amets-irudien epidemia, herrietako haurrek gaueko bahiketen eta akelarreen berri ematen zutenekoa, eta, bigarrenean, lekukoek ikusitakoetatik abiatuta inkisidoreak idatzi zituen txostenen transkripzioa jasotzen da, aldez aurretik sarrera moduko azalpen bat emanda.

Sorginen abokatua

Liburuan aditzera ematen denez, Nafarroako historiaren pasarteen artetik Zugarramurdiko, Urdazubiko eta Baztango beste herri batzuetako sorgin ustezkoei buruzkoa da nazioartean ezagunenetakoa, hau da, 1610ean Logroñon emandako autofede sonatuaren bidez kondenatu zituzten sorginei buruzkoa. Prozesu hartan, ehunka susmagarrietatik dozenaka lagun atxilotu zituzten, baita hamaika erre ere (sei bizirik eta bost modu sinbolikoan). Haatik, egoera hura bat-batean aldatzen hasi zen 1609ko ekainean beste inkisidore bat sartu zenean Logroñoko Auzitegian: Alonso de Salazar Frías.

Burgosko apaiz eta inkisidoreari ez zitzaion egokia iruditu beste inkisidoreek prozesua nola gauzatu zuten eta nolako epaiak eman zituzten. Salazarrek 11.000 orrialdetik gorako txosten batzuk idatzi zituen eskuz, eta zinez erabakigarriak izan ziren Inkisizioaren Kontseiluak jarraibide berri batzuk eman zitzan sorginkeria delituari buruz 1614ko abuztuan; izan ere, desberdindu egin zuen zer ziren sineskeriazko auziak eta zer gertaera frogatuak. Txostenak arras garrantzitsuak izan ziren, halaber, zenbait urte geroago onar zitzan Ofizio Santuak sorginen kontrako prozesuan egindako hutsak, eta inor sorgin zelako aitortza eta akusazio publikoak debeka zitzan 1620ko Isiltasun Ediktuan. Inkisidore horrek jakin-mina piztu zion Gustav Henningsen daniar historialari eta antropologoari, eta “sorginen abokatu” hura luze eta zabal ikertu zuen 60ko hamarkadaren erdialdean egindako doktoretza-tesian.

Zehazki, NUPek argitaratutako liburuak 2004ko ingelesezko beste lan bat du oinarri, “The Salazar documents: Inquisitor Alonso de Salazar Frías and others on the Basque Witch Persecution” izenekoa, alegia, zeinaren parte bat gaztelaniara itzuli baitzuen Marisa Rey-Hennigsenek. Lan hori, halaber, Gustav Henningsenen lan klasikoaren garapena da: “The witches’ advocate. Basque witchcraft and the Spanish Inquisition” (1980).

Gustav Henningsenen biografia

Gustav Henningsen Folkloristika Nordikoko “Magister artium” da Kopenhageko Unibertsitatean (1962), eta Filosofian doktorea unibertsitate berean, “The Witches’ Advocate” doktoretza-tesiarekin. Hortik, “El abogado de las brujas. Brujería vasca eta Inquisición española” liburua sortu zen, 1980an ingelesez eta 1983an gaztelaniaz argitaratua.

Danish Folklore Archives-en ikerketako zuzendaria izan da 1965etik 2002ra bitarte. Sorginei eta Inkisizioari buruz egin dituen ikerketei esker, gai horietan munduan den espezialista hoberena da. Bere emazte Marisa Rey-Henningsenek itzuli ditu bere lanetako batzuk gaztelaniara.