Joan eduki nagusira

Gaur, azaroak 2, asteartea, omenaldia egin zaio Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) sorginen fenomeno historiko eta antropologikoaren arloan aditu nagusia den Gustav Henningsen ikertzaileari, baita bere emazte Marisa-Rey Henningseni ere, Nafarroako sorginkeria eta inkisizioa ikertzen egindako ekarpena eskertzeko. Bikotearen ordezkri Mariah Rey Markvig alaba egon da ekitaldi instituzionalean, eta beren funts dokumental eta bibliografikoa eman dio NUPi.

Ekitaldi instituzionala goizeko 10:00etan hasi da, eta Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorea eta Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kulturako kontseilaria izan ditu buru.  Henningsen-en beraren liburua, NUPek ekitaldirako editatutakoa, eman zaio Mariah Rey Markvigi. Honako hau da liburuaren izenburua: En busca de la verdad sobre la brujería. Los memoriales del inquisidor Salazar y otros documentos relevantes sobre el auto de fe de 1610. Horretaz gainera Vianako printzea aldizkariaren bi zenbaki monografiko  eman zaizkio, Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendaritza Orokorrak editatuak eta ikertzaile daniarrari eskainiak. 

zoom Entrega ejemplares

Ikertzaileen alaba, Mariah Rey Markvig (argazkiaren erdian). Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektoreak eta Rebeca Esnaola Kulturako kontseilariak “Príncipe de Viana” aldizkariaren eta “En busca de la verdad sobre la brujería” liburuaren ale bana eman diote (Nafarroako Gobernuak eta NUPek argitaratu dituzte, hurrenez hurren).

Ramón Gonzalok Henningsen Rey sendiaren funtsen gordailuzaina izateak NUPentzat dakarren “ohorea” eta ekintza instituzionalaren zentzua nabarmendu ditu: “merezitako omenaldia egiten diogu sorginkeriaren eta inkisizioaren historia unibertsalari, eta, bereziki, Nafarroako historiari hainbesteko ekarpena egin dioten senar-emazte hauei”, adierazi du. Esnaola kontseilariak, berriz, honako hau nabarmendu du: “Nafarroako Gobernuak gure historiako ikerlariekin eta, bereziki, Gustav Henningsenekin eta Marisa Rey-Henningsenekin duen konpromisoa; azken horiei hainbeste zor diegu gure historiako gertaera berezi eta unibertsalenetako bat zabaltzeko”.

Mariah Rey Markvigek, senar-emazteen alabak, amaren izenean, etorkizuneko ikertzaileak animatu ditu “egia bilatzera”. Jaime Contreras Contreras Alcalako Unibertsitateko Historiako katedradun emerituak ere parte hartu du ekitaldi instituzionalean; Henningsenen ikaslea da, eta eskerrak eman dizkio NUPi, ikertzailearen izenean, emandako artxibo eta liburu legatua gordetzeko izan duen interesagatik.

Bisitak erakusketetara eta dohaintzan emandako funtsera

Omenaldia zenbait jarduerarekin osatuko da, dohaintzan emandako funts dokumentala eta bibliografikoa ezagutzera emateko. Hala, inaugurazioaren ondoren, bisita gidatua egin da bi erakusketatara: “Gustav Henningsenen eta Marisa Rey-Henningsenen legatua NUPen”, zeina Liburutegian baitago, eta “Europar sorginkeria. Gertaerak eta mitoak”, Gustav Henningsen-ena, zeina Ikasgelategiko beheko solairuan baitago. 

Ondoren, 12:00etan, “Gustav Henningsenen eta Marisa Rey-Henningsenen funts dokumental eta bibliografikoa NUPen” erakusketaren aurkezpena egin da, Soforak eraikineko batzar aretoan. Bertan parte hartu dute Roldán Jimeno Aranguren Unibertsitateko idazkari nagusiak, Ignacio Panizo Santosek (Liburutegi Nazionaleko Artxibo Ataleko burua eta Artxibo Historiko Nazionaleko Inkisizio Ataleko buru ohia); Iñaki Montoya Ortigosa NUPeko Agirien Kudeaketaren eta Artxibo Nagusiaren Ataleko buruak eta Carmen Echeverría Arambillet NUPeko Liburutegiko zuzendariak. Azkenik, bisita gidatua egin da funts dokumentalera, eta Liburutegian amaitu da.

zoom Visita exposición

Omenaldiaren ondoren, “Gustav Henningsenen eta Marisa Rey-Henningsenen legatua NUPen” erakusketa inauguratu da Liburutegian, eta bisita gidatu bat izan da gero.

Henningsen-Rey funts dokumental eta bibliografikoa Gustav Henningsenen ikerketa-proiektuetarako sortutako, jasotako edo bildutako dokumentuek eta liburuek osatzen dute, bereziki Espainiako sorginkeriaren eta Inkisizioaren azterketarekin lotutakoek eta nazioarteko komunitate zientifikoan eragin nabarmena izan dutenek. Bere artxibo pribatuaren parte bat ere badago, ikerketa horiek ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntzen duena. 

Gustav Henningsenen biografia

Gustav Henningsen Folklore Nordikoko Magister artium da Kopenhageko Unibertsitatean (1962), eta Filosofian doktore unibertsitate berean, The Witches’ Advocate doktore-tesiarekin. Handik sortu zen El abogado de las brujas. Brujería vasca e Inquisición española, 1980an ingelesez argitaratua eta 1983an gaztelaniaz. Tesi horren bigarren partea, gaztelaniaz argitaratu gabea, NUP prestatzen ari den argitalpen baten xede izanen da.

Danish Folklore Archives-en ikerketako zuzendaria izan da 1965etik 2002ra bitarte. Sorginei eta Inkisizioari buruz egin dituen ikerketei esker, gai horietan munduan den espezialista hoberena da. Bere emazte Marisa Rey-Henningsenek itzuli ditu lanak gaztelaniara.