Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Energia Berriztagarrien Katedrak epea zabaldu du ikasturte honetan zenbait enpresak eskainitako master amaierako 32 lanetakoren bat eskatzeko. Zehazki, Siemens-Gamesa Renewable Energy S.A., Ingeteam Power Technology S.A., Centro Nacional de Energías Renovables (Cener), Acciona Generación Renovable S.A., Nordex Energy Spain S.A. eta Soluciones Técnicas Integrales Norland S.L. dira enpresak, eta ikasle hautatuek diru kopuru bat jasoko dute MALa egiteko. Deialdiaren oinarrietan dago zehaztua (NUPen webgunean) zer baldintza zehatz bete behar diren deialdiko lan bakoitzerako. Eskaerak 2021eko azaroaren 4ra bitarte aurkezten ahal dira.

MALa eginen duten ikasleek bi tutore izanen dituzte, enpresakoa bat eta Unibertsitatekoa bestea. Eskaintzen diren 32 lanetatik, bost A motakoak dira (Unibertsitatekoa izanen da tutore prestatzailea), eta gainerako 27ak B motakoak (enpresakoa izanen da tutore prestatzailea). Nolanahi ere, 3.000 eurokoa izanen da zuzkidura ekonomikoa ikasle guztientzat.

Lanaldi osoko master amaierako lanek bost hilabete iraunen dute (2022ko otsailetik ekainera), eta lanaldi partzialekoek, berriz, hamar hilabete (2022ko otsailetik azarora). Entitateek prestatutako lekuetan, Unibertsitateko laborategietan edo Energia Berriztagarrien Katedraren ikasgelan eginen dituzte ikasleek lanak.

zoom Campus UPNA

Arrosadiko campusa, NUP

Espediente akademikoa eta hizkuntzak

Energia Berriztagarrien Katedraren Balorazio Batzordeak kontuan hartuko ditu hautagaien espediente akademikoa (80 puntu gehienez), ingelesaren ezagutza (5 puntu gehienez) eta curriculuma zenbatean egokitzen zaion master amaierako lanaren gaiari (45 puntu gehienez). Hautaketa-prozesua gainditzeko, 75 puntu behar dira gutxienez.

Ingeteam Power Technologyk 7 MAL eskaintzen ditu, Siemens Gamesa Renewable Energyk 3, Centro Nacional de Energías Renovablesek (Cener)  8, STI Norlandek 2, eta Nordex Energy Spainek 12.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko Energia Berriztagarrien Katedraren atala.

Energia Berriztagarrien Katedra

Energia Berriztagarrien Katedra Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta honako enpresa hauen arteko lankidetza zientifiko eta teknologikorako esparru-akordio batean oinarrituta sortu zen: Siemens-Gamesa, Ingeteam, Centro Nacional de Energías Renovables (Cener) , Acciona-Energía, Nordex-Acciona Windpower eta STI Norland.

Katedraren helburua ikerketako eta irakaskuntzako jarduerak elkarrekin egitea da, hala nola master amaierako lanak edo doktoretza-tesiak; ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak; ikerketako programak eta proiektuak; azterlanak, maketak, prototipoak, esperimentuak edo ikerketa-lanak, eta ikerketa zientifikoko eta teknikoko baterako azterlan zehatzak.