Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Europako Ikertzaileen Gaua ospatuko du irailaren 24an. Zehazki, jasangarritasunaren eta ingurumenaren inguruko dibulgazio zientifikoko hogei bat jarduera eginen dira Unibertsitateko berrogeita hamar bat zientzialariren gidaritzapean. Jende guztiarentzako moduko jarduerak dira, eta doakoak, baina izena eman behar da aldez aurretik. Jarduera gehienak Civicanen eginen dira, 18:00etatik 21:00etara. 

zoom Ezkerretik eskuinera: Javier Fernández Valdivielso, Gurutze Pérez Artieda eta Idoia Labayen Goñi

Ezkerretik eskuinera: Javier Fernández Valdivielso (Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia), Gurutze Pérez Artieda (NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria) eta Idoia Labayen Goñi (Osasun Zientzien Saileko irakasle)

Ekimenaren helburua NUPek egiten duen ikerketa-lana jendeari ezagutaraztea da, eta gaur aurkeztu dute, irailak 14, asteartea, Gurutze Pérez Artieda NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendariak, Idoia Labayen Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasle eta "Ebaluatu zure egoera fisikoa familian" izeneko lantegiaren arduradunak eta Javier Fernández Valdivielso Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak. Besteak beste, mikrohitzaldiak, esperimentuak, antzezlanak eta ibilaldiak eginen dira, eta egitarau osoa ekimenaren webgunean dago kontsultatzeko moduan, baita izena emateko orria ere. Leku kopurua mugatu da.

Ekimen honetan, Unibertsitateen G9 Taldearekin egin du bat NUPek Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren bidez, eta Oviedoko Unibertsitatea da ekimenaren buru. Partzuergoak, GREEN 9 NIGHT (G9NIGHT) izeneko ekimena aurkeztu zuen EBn, eta Europako Batzordearen finantzabidea lortu zuen, ebaluazioan puntuaziorik handiena eskuratu baitzuen. Europako Ikertzaileen Gaua Europako 30 herrialdetako 300 hiritan eginen da aldi berean. 

Dastaketak, ibilaldiak, zientzia-pintxoak, antzezlanak eta musika

Honako bost bloke handi hauetan multzokatuak daude jarduerak: zientziarekin lotutako dastaketak, ibilaldiak, pintxoak esperimentuak eta zientzia artearekin: murgiltze musika, antzezlana eta burbuilak. Dastaketetan, hamar laguneko taldeak osatu, eta NUP ikertzen ari den zenbait produktu dastatzen ahalko dituzte parte-hartzaileek: Nafarroako sagar barietateak, olioa edo metodo jasangarriekin hazitako aziendaren haragia. Zientzia-ibilaldietan, bestalde, ibilbide gidatuak eginen dira Iruñean barrena, biodibertsitatearekin, geologiarekin eta konpostajearekin lotutako hainbat alderdi azaltzeko. 15-20 laguneko taldeak osatuko dira jarduera-bloke horretarako.

Zientzia-pintxoak giro lasaian eginen diren dibulgazio zientifikoko mikrohitzaldiak dira. Civicaneko kafetegian eginen dira, eta honako hauek dira: “Handitzen naizenean… buruan zer duzun irakurri nahi dut!”, “Pandemia aukera bat al da?”, “Zergatik da garrantzitsua ekologiaz jakitea?”, “Etsaia etxean: kanpoko espezie inbaditzaileak”, “Zein dira hura zaintzeko giltzarriak?” eta “Datuen itzala luzea da”. Mikrohitzaldietarako, dozena bat lagunekoak izanen dira taldeak.

“Zatoz eta probatu” blokean, zenbait lantegi eta proba zientifiko eginen dira: “Biointsektizidak edo nola egin intsektizida ekologikoak”, “Muntatu zerorrek kargagailu fotovoltaiko bat”, “Ebaluatu zure egoera fisikoa eta egoera nutrizionala familian”, “Eginen diegu PCR bat landareei?”, “Argiak ezkutatzen duena” eta “CO2-a bihurtzeko mikroerreaktoreak”. Gainera, Pablo Cotton eta Clobber DJek musika jarriko dute zuzenean NUPen berriki aurkeztutako “Jaulab” instalazioan, “Zientzia xaboi burbuiletan” ikuskizuna eginen ditu eta “Yo quiero ser científica” antzezlanaren emanaldi bat eginen dute 45 lagunentzat.