Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak dei egin diete herritarrei kleroko kideek egindako sexu-abusuak ikertzeko, Unibertsitateak egindako eta Foru Gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu baten barruan. Halaxe adierazi dute gaur, ekainak 11, ostirala, Rafael Celestino Sainz de Rozas Bedialauneta Justiziako zuzendari nagusiak eta Mikel Lizarraga Rada eta Amaia Alvarez Berastegi NUPeko ikertzaileek, Unibertsitateko Hugo Grocio taldekoek.


Ezkerretik eskuinera, Mikel Lizarraga Rada eta Amaia Alvarez Berastegi (NUPeko ikertzaileak) eta Rafael Celestino Sainz de Rozas Bedialauneta, Nafarroako Gobernuko Justiziako zuzendari nagusia.
Ikerketaren fase honetan, azaldu duten bezala, horrelako abusuen biktimen errolda egin nahi da. Horretarako, egoera hori jasan duenak edo horri buruzko informazio garrantzitsua duenak ikertzaile-taldearekin investigacion.abusosclero@unavarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 699706088 telefonoaren bidez harremanetan jartzeko eskatu dute. “Helburua da kasuak zehatzago aztertzea eta biktimen egia, justizia eta erreparaziorako bidean indarrak batu ahal izatea”, azaldu dute. Proiektuaren fase guztietan bermatuko da konfidentzialtasuna, eta urriaren 1era arte bilduko dituzte ekarpenak.
NUPen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza duela urte eta erdi hasi zen Nafarroako Erlijio Zentroetako Abusuen Biktimen Elkartearekin. Elkarlan horri esker, “Zentro erlijiosoak eta pederastia: egiarantz, justiziarantz eta erreparaziorantz Nafarroatik” izeneko jardunaldiak antolatu ziren, eta, horien ondorioz, bertan azaldutako txostenak biltzen zituen liburu bat argitaratu zen.
Ikerketa herrialde batean baino gehiagotan
Gaur adierazi denez, ezagunak dira gai horri buruz Estatu Batuetan, Irlandan, Belgikan, Alemanian edo Australian egindako txostenak eta ikerketa-batzordeak, “kasu asko azaleratu ziren herrialde horietan, baita Eliza Katolikoaren ezkutatze-kultura interesatua ere”, azaldu dute ikertzaileek. “Berrikiago, 2021. urteko martxoan, Frantziako Elizako pederastia ikertzen duen batzordeak onartu zuen sexu-abusuen 10.000 kasu inguru gertatu zirela 1950etik.
“Nafarroan, Espainiako estatuan bezala, hutsune bat izan da 1950 eta 1980 bitartean elizgizonek egindako sexu-abusuen biktimei buruzko ikerketari eta aitortzari dagokienez. Biktima horiek ez dute ez aitortzarik ez kalte-ordainik jaso, eta ez dute eskuratu egoera hori kontuan hartzen duten politika publikoen onurarik. Gainera, kasu gehienetan, gertaerak ez zituzten ikertu behar ziren legezko bermeekin”, esan dute azkenik ikerketa-taldeko kideek.