Joan eduki nagusira

Carmen Innerarity Grau, Beatriz Acha Ugarte (Nafarroako Unibertsitate Publikokoak biak, baita I-COMMUNITAS institutukoa ere lehenbizikoa) eta Ana Sancho Martínez (Bilbao Metropoli-30 elkartea) kide dituen ikertzaile taldeak ikerlan bat egin du Iruñeko eta Tuterako udalak hirigintza garatzeko politiketan genero-ikuspegia zer neurritan aplikatzen ari diren aztertzeko. Horren emaitzak “Género y urbanismo: ¿hacia ciudades más sensibles e inclusivas?” artikuluan jaso dira, RIPS aldizkarian argitaratutakoan (Revista de Investigaciones Políticas y Sociológicas). 

zoom CarmenInnerarity

Carmen Innerarity Grau.

Azterlana egiteko, egileek bi hirietako berdintasun- eta hirigintza-planak aztertu dituzte, Nazio Batuen Giza Kokaguneetarako Programa (ONU-HABITAT) oinarri hartuta prestatu dituzten adierazle batzuekin, baita berdintasuneko eta hirigintzako zenbait teknikariri egindako elkarrizketen bidez ere. Programa horren gomendioen artean daude, besteak beste, ingurune segurua sustatzea (espazio ilunak edo gaizki argiztatuak saihestuz), hirian emakumeen ikusgarritasun sinbolikoa bermatzea (kaleen edo plazen izenak), planifikatzeko orduan kontuan hartzea zaintza-lanak nagusiki emakumeei dagozkiela, etxebizitzaren eta garraioaren arloko neurri espezifikoak programatzea (geldialdien maiztasuna handitzea edo geltokiak hobeki argiztatzea) edo hirigintzako eta berdintasuneko teknikarien arteko komunikazioa indartzea, besteak beste.

zoom AnaSancho

Ana Sancho Martínez.

“Aurkikuntzek erakusten dute Habitat programaren gomendioei erantzun desorekatua eman zaiela Iruñean eta Tuteran, baina, aldi berean, jendeak argi duela hirigintza ez dela neutroa generoari dagokionez; zehazki, zainketei balio handiagoa eman zaie politiketan, eta, askotan, horren ondorioz, erantzunkidetasuna bultzatzeko ekintza jakin batzuk bultzatu dira”, erantsi dute ikertzaileek. Ikerketa “la Caixa” Gizarte Ekintzak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta UHUNek finantzatu dute, eta hiriak aztertzeko proiektu zabalago baten barnean dago, Bilbo, Donostia, Zaragoza, Bartzelona eta Málagarekin batera. 

zoom BeatrizAcha

Beatriz Acha Ugarte.

Kritika feminista espazio publikoen eta pribatuen arteko bereizketari

Ikerketak ideia bat hartu du abiapuntu gisara: hiriak espazio publiko eta pribatuen bereizketaren arabera diseinatu ziren, “eta espazio horiek gizonei eta emakumeei esleitu zitzaizkien hurrenez hurren, ustez eta batzuek lan egiten dutela eta besteak zainketez arduratzen direla, leku batzuetan lan egiten dela eta besteetan zainketak egiten direla”, adierazi du Carmen Innerarityk. “Horregatik, nahiz eta hiria erabiltzeko berdintasun formala egon, espazioen banaketak eragotzi egiten du zaintza-lanez arduratu ohi direnen benetako berdintasuna, emakumeena alegia, adibidez denbora inbertitu behar izaten dutelako zaintzan aritzen diren lekutik lantokira joateko eta handik itzultzeko”, erantsi du. Alde horretatik, irakasle horrek adierazi duenez, “hiriak lagungarriak izan daitezke zaintza-lanetan erantzunkidetasuna lortzeko, espazio batetik besterako bidea erraztuz”.

Genero-ikuspegia kontuan hartzen duten hirigintzaren alderdirik tradizionalenak alde batera utzi gabe, segurtasuna edo ikusgarritasuna kasu, analisiak bi alderdi ditu ardatz. Lehenik eta behin, emakumeen baldintza espezifikoei erantzun behar zaie (batez ere zaintza-lanei dagokienez), eta horrek esan nahi du partaidetzarako bideak ezarri behar direla edo datuak generoaren arabera banakatu behar direla.  

Bigarrenik, espazio publikoaren eta zaintza-espazioen arteko batasuna sustatu behar da. Azterlanean jasotzen den bezala, “ikuspegi hori neurri jakin batzuetan islatzen da: denbora-bankuak, baliabideak esleitzea zaintza-premiak asetzeko, kontziliazioaren aldeko itun lokal bat sinatzea, zaintzak eta kontziliazio arduratsua baloratzeko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak, edo zerbitzuen ordutegiak zabaltzea eta malguagoak izatea”. Genero-ikuspegia modu tradizionalean txertatzen duen hirigintzaren aurrean, “desberdintasuna sortzen duten balioen aldaketa sakonago baten aldeko apustua egiten da kasu honetan, baita publikoaren eta pribatuaren arteko mugak porotsuagoak eginen dituzten neurrien aldekoa ere, hor baitago gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren arrazoi nagusietako bat”, esan dute ikertzaileek.