Erori eta garezurreko traumatismo larriak sufritzen dituzten adineko pertsonak gero eta gehiago dira, eta, beraz, lesio hori osasun publikoko premiazko arazo bilakatu da, datozen urteetan larriagotu daitekeena. Hala adierazi du Carlos Gradín ekonomialariak “Atención al paciente politraumatizado en Navarra: cambios epidemiológicos y evaluación económica” tesian (“Politraumatizatutako pazientearen arreta Nafarroan: aldaketa epidemiologikoak eta ebaluazio ekonomikoa”). Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri du tesia (NUP), eta Juan Cabasés Hita katedraduna (Ekonomia Saila) eta Tomás Belzunegui Otano irakaslea (Osasun Zientzien Saila) izan ditu zuzendari.
Tesiaren egileak azaldu duenez, politraumatizatutako pertsonen profila aldatu egin da azken urteotan: “Ibilgailuen trafikoan hartu diren neurri egokien ondorioz, hamar urtean erdira jaitsi da politraumatizatuen intzidentzia-tasa, eta bereziki deigarria da nola egin duen behera zirkulazio-istripuen ondoriozko zauritu larrien kopuruak. Bestalde, gero eta gehiago dira erori eta larri zauritu diren adineko pazienteak”, azaldu du. “Etorkizunean, biztanleria zahartzearen ondorioz, beharrezkoa dirudi ariketa fisikoa sustatzeko kanpainak abiaraztea adineko pertsonen hauskortasuna eta erorikoak prebenitzeko, bai eta ospitaleetako eta errehabilitazioko baliabideak birbanatzea ere”, adierazi du Carlos Gradínek.
Tesia hiru fasetan garatu zen, eta honako helburu hauek izan zituen: trauma larriren batek eragindako heriotzen aldagai garrantzitsuak ezagutzea (azterlanaren 1. fasea), politraumatizatutako pazienteen profil epidemiologikoaren bilakaera aztertzea bi alditan, haien morbimortalitate- eta biziraupen-tasak alderatuz (2. fasea), eta, azkenik, pazienteok ospitalean artatzearen kostua ekonomikoki ebaluatzea eta Bizitzako Urte Potentzial Galduak eta Lan Bizitzako Urte Potentzial Galduak zenbatestea, bi aldietan lortutako emaitzak alderatuz (3. fasea).
Aztertutako datuak eta ondorio garrantzitsuenak
Tesian, Nafarroan trauma larria diagnostikatu zitzaien pazienteen datuak aztertu dira, bi alditan lortutakoak: lehenbizikoa, 2002-2003 biurtekoan, eta bigarrena, 2010-2012 aldian. Ospitalera iristean bizirik zeuden paziente politraumatizatuen heriotza iragartzen duten faktoreak zehazteko (1. fasea), lesio anizkoitzak zituzten 378 paziente traumatizaturen datuak jaso ziren, 2011-2012 aldian Larrialdietarako Zerbitzu Medikoek artatutako pazienteenak hain zuzen.
Profil epidemiologikoaren bilakaera (2. fasea) istripua izan zuten pazienteen bi kohorteren behaketa analitikoaren bidez egin zen; zehazki, 2002-2003 aldian artatutako trauma larriko 651 paziente eta 2010-2012 aldiko 626 alderatu ziren.
Ospitaleko asistentzia-kostuen estimazioari dagokionez (3. fasea), “funtsezkoa da Diagnostikoarengatik Erlazionatutako Taldeak erabiltzea (DET)”, adierazi du tesiaren egileak. Kostuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren baliabideen eta kostuen egozpenaren arabera kalkulatu ziren DET bakoitzaren kasuan. Bizitzako Urte Potentzial Galduak eta Lan Bizitzako Urte Potentzial Galduak kalkulatzeko, Nafarroako biztanleriaren hilkortasun-taulak erabili ziren.
Esan bezala, tesian ikusten da jaitsi egin dela trafiko-istripua izan dutenen kopurua (% 44tik % 24ra) eta areagotu egin direla adinekoen arteko altuera txikiko erorikoak (lehen azterraldiko % 9tik bigarreneko % 26ra). Bestalde, paziente bakoitzeko ospitaleko asistentzia-kostua 16.504,39 €-koa izan zen 2002-2003 aldian, eta 24.309,13 €-koa 2010-2012 aldian (% 47,22ko igoera). Bestelako ondorioen artean, egiaztatu da adina edota harekin lotutako komorbilitatea traumatismo larri baten osteko heriotzaren iragarle esanguratsuak direla. “Ez dirudi, ordea, istripuaren eta ospitalera iristearen arteko denbora tarteak, ospitalera iristearen eta lehen eskanerra egin arteko denborak edo urgentziazko lehen ebakuntza egin artekoak hiltzeko arriskuan eragiten duenik”, adierazi du tesiaren egileak.
Carlos Gradínen CV laburra
Carlos Gradín Purroy Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta, gaur egun, Matematika eta Ekonomia irakasgaia ematen du Batxilergoan, Iruñeko Claret Larraona ikastetxean.
NUPen Osasun Zientzien arloko bi ikerketa-proiekturen garapenean hartu du parte; horietako bat Nafarroako Larrialdi Sistemari buruzkoa (Tomás Belzunegi Otano NUPeko Osasun Saileko irakasleak eta Medikuntza Graduko dekanordeak gidatua), eta bestea, berriz, Nafarroan gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen osasunarekin lotutako bizi-kalitateari buruzkoa (Juan Cabasés Hita NUPeko Ekonomia Saileko katedradunak gidatua). Carlos Gradínek, gainera, hamar bat argitalpen zientifiko egin ditu Espainiako eta nazioarteko aldizkarietan.