Joan eduki nagusira

Nafarroako Bigarren Hezkuntzako institutuetako ikasleek eta irakasleek Bigarren Hezkuntzako lehen Ikerketa Jardunaldietan hartu dute parte. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu ditu Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailaren bidez. Helburua izan zen ikerketa-prozesuari buruzko oinarrizko prestakuntza eskaintzea eta ikerketa-esperientziak trukatzeko foro bat prestatzea, erakusteko Batxilergoko modalitate horiek egiten dituzten ikasleek dagoeneko egin dituzten lan batzuk.

zoom parte-hartzaileak

Lehen jardunaldi hauetako parte-hartzaileak

Halaber, jardunaldiak aukera eman zuen Ikerketa Batxilergoko lan-metodologia ezagutzera emateko, irakasleen arteko interesa sustatzeko eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko geletan lan-metodologia berriak ezartzeko. María Victoria López Pérez NUPeko irakasle eta jardunaldiaren koordinatzaileak azaldu duenez, “Nafarroako Unibertsitate Publikoak lideratu egin nahi izan du batxilergo horietako ikasleen ikerketako prestakuntza, eta, hala, gure beste xede bat bete: unibertsitaterako proiekzioa, ezagutzen transmisioa eta kultura zientifikoaren dibulgazioa”.

Ikerketa Batxilergoetan (Bi+), ikasleek ikerketa akademiko formala egiten dute Batxilergoko bi ikasturteetan, eta, ondoren, idatziz ematen eta azaltzen dute. Berariazko prestakuntza jasotzen dute Ikerketarako Hastapena irakasgaiaren bidez, eta irakasle bat izaten dute tutore. Bestalde, Nazioarteko Batxilergoaren Erakundearen (OIB) bidez ezartzen dira nazioarteko batxilergoak. Bi urteko programa da, eta titulazio bikoitza lortzeko aukera ematen du, ikasleek LOMCE Batxilergoarekin batera egiten baitute.

Gaur egun, Nafarroan, Ikerketa Batxilergoko programa Valle del Ebro BHIk egiten du (Tutera), eta Nazioarteko Batxilergoa Iruñeko Navarro Villoslada BHIn, San Cernin ikastetxean eta Irabia ikastetxean eskaintzen da.

zoom mahai-inguruaren irudia

Batxilergoko modalitate horiek ematen diren institutuetako zuzendariek parte hartu zuten mahai-inguruaren irudia

Esperientzia partekatuak

Francisco Javier Arregui NUPeko Ikerketa errektoreordeak inauguratu zituen jardunaldiak, eta 16:00etatik 20:30era egin ziren. María Victoria López irakasleak aurkezpen labur bat egin eta gero, mahai-ingurua egin zen Bigarren Hezkuntzako institutu hauetako zuzendariekin: Navarro Villoslada (Iruñea) —Ikerketa Batxilergoa eman zuen lehen zentroa—, Valle del Ebro (Tutera) eta Ribera del Arga (Azkoien). Joaquín Sevilla Moroder NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendariak eman zuen hasierako ikasgaia.

Lantegiak egiteaz aparte, Batxilergoko ikasleek egindako lanen komunikazioak aurkeztu zituzten, bai Zientzien, bai Gizarte Zientzien, bai Giza Zientzien arloetakoak. Zehazki, Magdalena Romera Ciria (Espainierako irakasle titularra) eta María Napal Fraile (Zientzia Esperimentalen Didaktikako irakaslea) unibertsitateko ikertzaileek ikerketari buruzko lantegi bana eman zuten: ikerketa-galderak, metodologiak eta formatuak. Horretaz gainera, NUPeko liburutegiko langileek lantegiak egin zituzten bai arlo zientifiko-teknikoko bai Gizarte Zientzien eta Giza Zientzien arloetako iturri bibliografikoei buruz.

Poster zientifikoen lehiaketa bat ere egin zen, eta, horren ondorioz, saria "ex aequo" eman zitzaien honako lan hauei: “Factores de riesgo y factores pronóstico en el cáncer colorrectal del AST”, Ainara Pérez Casajúsena, Celia Jordán Bienzobasena eta Maider Borja Vitasena; eta “Cobertura vacunal infantil del Área de Salud de Tudela”, María Sanz Celayarena. Guztiak ere Tuterako Valle del Ebro BHIko ikasleak dira.