Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Nafarroako adineko pertsonek bakardadeaz duten pertzepzioa” izeneko proiektuaren landa-lanari ekin dio. Proiektu horren helburua da Nafarroako adineko pertsonen bakardadearen fenomenoa identifikatzea eta hori arintzeko zein neurri hartu behar diren diseinatzea. Lucía Martínez Virto proiektuaren ikertzaile nagusiak eta NUPeko Soziologia eta Gizarte Laneko irakasleak azaldu duenez, “Nafarroan ikerketa aitzindari hau osatzeko, Nafarroako edozein eskualdetan bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonak elkarrizketatu behar ditugu, garrantzitsua baita lagina askotarikoa izatea sexuari, adin-tarteei eta eremu geografikoari dagokienez”.

zoom Lantaldeko argazkia

Lantaldeko kide batzuk NUPen bildu ziren, orain hasten den landa-fasea koordinatzeko. Ezkerretik eskuinera, Pedro García, Víctor Sánchez, Esther Jiménez, Begoña Elizalde, Amaia Azcona, Marcela Bejarano, Mayte Huertas, Victoria Bogino, Juliana Suárez, Carolina Cortés, Raquel Bernabé eta Lucía Martínez

Inkestan parte hartzeko Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri diren pertsona asko dauden arren, beharrezkoa da kopurua handitzea, azterlanak Nafarroa osoko errealitatea leialki islatzeko eta laginaren adierazgarritasuna bermatzeko. Parte hartzeko interesa dutenak Gurutze Gorriarekin harremanetan jar daitezke 948 20 65 70 telefono zenbakira deituz edo estudiosoledadnavarra@cruzroja.es helbide elektronikora idatzita.

“Azterlan aitzindaria da hau —azaldu du Lucía Martínez Virtok—, eta haren emaitzak funtsezkoak izango dira gizarte-politikak birformulatzeko orduan. Ebidentzia zientifikoaren arabera, 'bakardadeak hil egiten du', bakarrik bizi diren pertsonek fisikoki eta emozionalki sufritzen dute, eta baliteke lehenago hiltzea. Gizarte gisa, ahal dugun guztia egin behar dugu hori gerta ez dadin, eta bakardadeari aurrea hartzen eta arintzen lagunduko duten neurriak hartu”.

Proiektua Gurutze Gorriarekin eta “Innova Social” programaren laguntzarekin garatu da. Programa hori Caixa Banken “La Caixa” Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatu dute. Gainera, Nafarroako Gobernuaren babesa du eta, besteak beste, gizarte zerbitzuen, osasun zentroen eta lanbide elkargoen lankidetza, hala nola Nafarroako botikarien lankidetza.

Populazio kaltetua

Nafarroako Estatistika Institutuaren (NaStat) datuen arabera, bakarrik bizi diren 64 urtetik gorako 29.000 pertsona inguru daude Nafarroan. “Orain arte —azaldu du Martínez Virto ikertzaileak—, adin-tarte horretan bakardadeak dituen arriskuak edo ondorioak identifikatu dituzten azterketak egin dira. Hala ere, ebidentziak eman behar dira ulertzeko bakardadean zer sentitzen den, nola bizi den, hori gainditzeko estrategiak ba ote dauden edo gizarte-politikek eta, oro har, gizarteak nola jokatu behar duten”. Ildo horretatik, uste du “ikerketa-proiektu honek, pisuzko erakunde eta entitateek lagunduta, aukera emango digula pertsona hauengana iristeko, diagnostiko zehatza izateko eta bakardadea jasateko arriskuan daudenen profila zehazteko. Horrela bakarrik planifikatu, neurriak ezarri eta hobetu ahal izango ditugu kolektibo zabal horretara bideratutako gizarte-politikak”.

Orain hasten den inkesten fasean, Nafarroako eskualde guztietara iritsi nahi dute, elkarrizketen eta taldeen fasea etorriko da gero (Gurutze Gorriaren gidaritzapean), eta udazkenean bukatuko da landa-lan guztia; beraz, emaitzak 2021. urtearen hasieran egongo dira argitaratzeko moduan. NUPen aldetik, landa fase hau garatzeko ardura dute Lucía Martínez Virto, Victoria Bogino Larrambebere, Begoña Elizalde San Miguel, Víctor Sánchez Salmerón, Alejandra Hermoso eta Amaia Azcona ikertzaileek; eta Mayte Huertas, Juliana Suárez eta Raquel Bernabé ikasleek. Gurutze Gorriaren aldetik, berriz, Esther Jiménez, Juanjo San Martín, Esther Fernández, Pedro García, Carolina Cortés eta Marcela Bejarano arituko dira.