Joan eduki nagusira

zoom “Producciones Maestras” taldea, ikasgelarako antzerki teknikak irakasten.

“Producciones Maestras” taldea, ikasgelarako antzerki teknikak irakasten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterrean Teknologia espezialitatea egiten duten ikasleek antzerki tekniken inguruko prestakuntza jaso zuten urtarrilean, baliabide pedagogiko gisa. Ekimena master horretako David Benito Pertusa eta Miguel Ángel Gómez Laso irakasleena izan da, zeinak Unibertsitateko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko katedraduna eta irakasle titularra baitira, hurrenez hurren.

Prestakuntza hori “Irakaskuntza Berrikuntza eta Hezkuntzazko Ikerketan Hastea” irakasgaian eman da, masterraren espezializazio moduluaren barruan, “Producciones Maestras” nafar antzerki-taldearen laguntzarekin, hain zuzen Ana Maestrojuán antzerkigile eta zuzendariarenarekin eta Ángel García Moneo antzezlearenarekin.

Zenbait saioz, masterreko ikasleek lan egin dute irakasleak ezagutza ikasleengana hurbiltzeko daukan funtzioaren inguruan, eta, horretarako, ahozko komunikazioaren eta ahozkoa ez denaren zenbait alderdi jorratu dira. Gainera, antzerkia edukiak komunikatzeko sorkuntza-tresna modura aztertu dute, zenbait dinamika praktikan jarriz, ikasgelan taldearen kontzentrazioa lantzeko xedez. Azkenik, lantegiaren hirugarren oinarriak aztergai izan du irakasleak publikoari –ikasleei– zuzentzen zaien antzezle gisa daukan rola. “Producciones Maestras” taldekoek, halaber, DBHko, Batxilergoko eta LHko irakasle izango diren masterreko ikasleei erabilgarri dauzkaten hainbat baliabide azaldu dizkiete, ikastetxeetan antzerkia tresna gisa erabil dezaten.

Ekimena bultzatu duten irakasleak eta masterra

Ekimenaren arduradunak izan diren irakasleek, David Benitok eta Miguel Ángel Gómezek, balioespen oso positiboa eman diote ekimenari, bai edukiengatik bai ikasleen artean izandako harrerarengatik. Horrez gain, adierazi dute antzerkia “lanabes baliagarria dela irakasleen sormena, berrikuntzarako gaitasuna eta komunikaziorako trebezia garatzeko.”.

David Benito telekomunikazio ingeniaria da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko katedraduna eta NUPeko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren (CSIE) zuzendaria. Bera arduratzen da, besteak beste, Unibertsitateko online plataformaz (NireIkasgelategia zerbitzua), irakasleak irakaskuntza-berrikuntzan prestatzeaz eta multimedia zerbitzuez (telebista-platoa, UPNA-TV plataforma, etab.).

Bestalde, Miguel Ángel Gómez telekomunikazio ingeniaria da, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasle titularra eta Mikrouhinak eta Espazioko Aplikazioak taldeko burua. Hainbat urte darama online irakasgai eta titulazioetako irakasle-lana egiten, teknologiaren bidezko hezkuntza-berrikuntzaren arloko zenbait argitalpen eta biltzar egin ditu, eta gai horri buruzko ikerketa-proiektu ugaritan parte hartu du.

NUPek 2010-2011 ikasturteaz geroztik eskaintzen du Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra, eta urtean 100 ikasle inguru izaten ditu, gaur egun 10 espezialitatetan banatuta. Masterraren ikasketa-plana hiru modulutan antolatuta dago: lehenbizikoa komuna da, psiko-sozio-pedagogiaren ingurukoa, eta bertan egiten da Practicum I delakoa; ondoren, espezializazio modulu bat egiten da, Practicum II barne; eta, azkenik, Master Amaierako Lanarekin bukatzen da prestakuntza. Gaur egun, Matematika Saileko Miguel Rodríguez Wilhelmi irakaslea da graduondo horren zuzendaria.