Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko 220 ikaspostu eskainiko ditu osotara Espainiako ia berrogei unibertsitate publikorekin ikasleak trukatzeko programa batean 2015-16 ikasturtean. Ikasleen mugikortasun programa honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea martxoaren 8tik 20ra programatu da, eta Unibertsitateko Erregistroan egin behar da. Emandako ikaspostuen behin-behineko zerrenda martxoaren 30ean ezagutaraziko da. Programa honetan parte hartzeko baldintzak eta dauden unibertsitateetan eskaintzen diren ikaspostuak kontsultatzeko daude NUPen webgunean.

Espainiako Unibertsitate Zentroen arteko Truke Sistema (SICUE) programa 2000. urtean jarri zuen abian Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia (CRUE) erakundeak. Helburua du ikasleei aukera ematea ikasketen parte bat beraiena ez den unibertsitate batean egiteko. Programak bermatzen du beren ikasketen balioa onartuko zaiela eta ikasketak baliatuko dituztela eta, halaber, beraien curriculum profilarekin egokituko zaizkiela. Ekimen honen helburua da ikasleak beste unibertsitate batzuetako irakaskuntza sistemetan prestakuntza hartzea, eta beste komunitate batzuetako gizartea eta kultura ezagutzea.

Programa graduko ikasleei zuzendua dago. Ikasle horiei eskatzen zaie 60 kreditu, gutxienez ere, gainditurik izatea, eta beste 30etan matrikulaturik egotea, eskaera aurkezten denean. Bost hilabetetik bederatzi hilabetera bitarteko egonaldia egingo dute unibertsitate hartzailean. Lehenengo kasuan, ikasleak 24 kreditu, gutxienez ere, egin behar ditu, eta bigarrenean 45 izan behar dira, gutxienez.

Ikasketen konpromisoan ezin dira sartu gainditu gabeko irakasgaiak, baina bai ikasleek matrikulatutako irakasgaiak, betiere irakasgai horietara aurkeztu ez badira. Izangaiak aukeratzeko ikasketa-espedientea hartzen da kontuan eta lehentasuna daukate beste mugikortasun programa batean parte hartu ez duten ikasleek.