Joan eduki nagusira

zoom María Luisa Sanz de Acedo, Julio Lafuente errektorearen aldamenean, katedradun postuaz jabetzean.

María Luisa Sanz de Acedo, Julio Lafuente errektorearen aldamenean, katedradun postuaz jabetzean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologiako katedradun postuaz jabetu da María Luisa Sanz de Acedo Lizarraga andrea. Sanz de Acedo andreak Oinarrizko Psikologiaren Arloan lortu du katedra. 1991n hasi zen lanean Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, 1997az geroztik, “Eredu kognitiboak eta beren aplikazioak” izeneko Ikerketa Taldearen arduraduna da.

Bere ikerketa gai hauetan oinarritu da: ulertzeko, sortzeko eta ebaluatzeko pentsamenduaren trebetasunak hobetzea, erabakiak hartzea eta arazoak konpontzea. Halaber, Goi Mailako Hezkuntzan gaitasun kognitibo eta metakognitiboak sustatzen lan egiten du “sormen-inguruetan aktiboki pentsatzea” izeneko metodoaren bidez, sustapen hori laguntzen duten informatika sistema espezifikoak erabiliz. Beste erakunde batzuen artean Nafarroako Gobernuak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak diruz lagundutako hainbat proiektutan gauzatu dira ikerketa-lerro hauek.

María Luisa Sanz de Acedo lau libururen egilekidea da, 60tik gora artikulu argitaratu ditu zientzia-aldizkarietan, eta 80tik gora biltzar-txosten aurkeztu ditu nazioarteko biltzarretan. Horretaz gainera, hainbat doktoretza tesi zuzendu ditu pentsatzeko trebetasunei buruz, helburu psikosozialei buruz, sormenari buruz, erabakiak hartzeari buruz eta espazio trebetasunei buruz.

Bere zientzia ekarpen nagusiak hauek izan dira: pentsatzeko trebetasunen eredu bat sortzea, bere ikerketa eta argitalpenetarako oinarri gisa erabili dena; trebetasun bakoitza aktibatzen laguntzen duten antolatzaile grafikoen diseinua; premia eta adin desberdinetarako ikasten laguntzeko programak egokitzea; euskal curriculumeko ikasten ikastea gaitasuna prestatzea; eta “Nerabeen helburuak” eta “Erabakiak hartzean eragina duten faktoreak” izeneko bi galdera-zerrenda.