Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak Arrosadiko campuseko 09. gelan, lehen azterketaren hasieran

Ikasleak Arrosadiko campuseko 09. gelan, lehen azterketaren hasieran

Guztira, 2.244 ikasle nafarrek hasi dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan, gaur asteazkenean, ekainaren 9an, Unibertsitatean Sartzeko probak, Hautaprobak izenarekin ezagutzen direnak, eta ikasturte honetan formatu berria estreinatzen dutenak. Iaz baino 140 pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.104 ikasle matrikulatu baitziren. Matrikulatutako ikasle kopuru osotik, 1.349 emakumeak dira; hau da, % 60,1, iaz baino bi puntu gutxiago (% 58,69). Matrikulatu diren gainerako 895 pertsonak gizonak dira (% 41,31). Kopuru hori 2009ko Hautaprobetakoa baino zertxobait txikiagoa da.

Gainera, 1.945 ikasle (% 86,68) aurkeztu da borondatezko fase espezifiko berrira; izan ere, urte honetako berrikuntzetako bat da eta nota igotzeko aukera ematen du. Hizkuntza ereduka sailkatuz, 1.742 ikaslek G eta A ereduan egin dituzte ikasketak, eta iaz, aldiz, 1.672 ikasle izan ziren. Horrez gain, euskarazko D ereduko 502 ikasle aurkezten dira aurten sartzeko probetara, iazko 432ak baino kopuru handiagoa. Azkenik, aipatu behar da hautaprobak aurreko deialdiren batean gainditu dituzten 25 ikasle matrikulatu direla nota igotzeko asmoz, eta horietatik 19 soilik aurkeztu dira fase espezifikora.

zoom Azterketa baten irudia Tuterako campusean

Azterketa baten irudia Tuterako campusean

Azterketak goizeko 9:30ean hasi dira Arrosadiko eta Tuterako campusetan, eta goiz eta arratsaldez izango dira heldu den ostiralera, ekainaren 11ra, arte.


Fase orokorra eta espezifikoa


Aurten indarra hartu duten aldaketen iturburua 1892/ 2008 Errege Dekretua da, zeinak arautzen baitu Unibertsitatean Sartzeko Proba berria. Arautegi honen arabera, probek nahitaezko fase orokor bat eta borondatezko fase espezifiko bat izango dituzte, zeinak fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko aukera eskainiko baitie ikasleei eta xedetzat baitauka jakintzak balioestea egin nahi den jakintza-adarreko unibertsitate-ikasketekin lotutako diziplina-esparruetan.

Hezkuntza Departamentuaren 164/2009 Foru Aginduak arautzen du arau honen aplikazioa Nafarroan. Foru Agindu horrek ezartzen du ikasleek fase espezifikoan Batxilergoko bigarren ikasmailako hiru modalidate-irakasgaitako azterketak egin ahalko dituztela gehienez ere. Azterketa bakoitzean lortutako emaitza haztatuko da irakasgaiaren eta unibertsitateak eskainitako titulazio bakoitzaren artean dagoen loturaren arabera. Aldi berean, titulazio horiek bost jakintza-arlotan multzokatuta daude: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Osasun Zientziak eta Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak.

Oraingo Hautaproben beste berritasun bat da proba uztailean egingo dela eta ez irailean. Nafarroan, uztailaren 1, 2 eta 3an egingo dira azterketak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du Unibertsitatean Sartzeko Probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak sei epaimahaitan banatu dira, eta horietatik bost Iruñeko Arrosadiko Campusean egongo dira, eta seigarrena, Tuterako Campusean. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak Unibertsitatearen web-orrialdean kontsulta daitezke (www.unavarra.es).