Joan eduki nagusira

zoom Joseba de la Torre, liburua aurkezteko ekitaldian

Joseba de la Torre, liburua aurkezteko ekitaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratzen duen Historia Bildumaren azken zenbakian azaltzen da Nafarroak eta Arabak frankismo garaian industria arloan izan zuten arrakastaren arrazoia, beste kokapen-faktore batzuen artean, bi lurraldeetan foru araubide propioa edukitzea zela. Historia Bildumaren 28. alearen izenburua da: “Merkatuaren eta estatuaren bitartean. Garapen planak frankismo garaian”. Hamaika artikulu biltzen ditu, horietako bost orokorrak eta beste sei kasu zehatzei buruzkoak, eta bertan aztertzen da 1959 eta 1975. urteen artean espainiar ekonomiak izan zuen egiturazko aldaketa. Argitalpena salgai dago 16 eurotan.

Liburu honen koordinatzaileak dira Joseba de la Torre, Historia eta Erakunde Ekonomikoak arloan katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sailean, eta Mario García-Zúñiga, Historia eta Erakunde Ekonomikoak arloan irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean. Era berean, beraiek dira “Esku-hartzea eta merkatua Arabako eta Nafarroako industrializazioan” izeneko azterlanaren egileak. Bi lurralde horietan 1950 eta 1975. urteen artean izandako industrializazioaren arrakastaren gakoak aztertzen dira.

Historia Bildumaren 28. alea gaur aurkeztu du Joseba de la Torrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako prentsaurreko batean.

Presio fiskala eta erakundeen zeregina

Nafarroako eta Arabako garapen industrialari buruzko artikuluan, bi ikertzaile hauek defenditzen dute bi probintzia hauen ezberdintasuna Espainiako beste lurralde batzuekin alderatuz, bi foru ogasun hauek bakarrik eduki ahal izan zutelako presio fiskal txikia, Gerra Zibilean emandako laguntzarengatik, diktadura frankistaren ordain gisa. Azterlanean jasotzen denez, horri gehitu zitzaion oso aldeko kokapen geografikoa, komunikazio-azpiegituren stock handia, Bizkaia eta Gipuzkoako industriaren hurbilpena, eskulangile kualifikatuen kopuru nahikoa eta uraren, elektrizitatearen eta zoruaren eskaintza gero eta handiagoa, malgua eta merkea.

Azterlanean, beste probintzia batzuekin alderatuta, nabarmentzen den Nafarroako eta Arabako beste elementu bereizgarrietako bat izan zen erakundeek eta merkatuek elkarlanean jardun zutela eta, horri esker, gobernu frankistaren plangintzan garapen polo izateko hautatutako guneetan baino emaitza hobeak lortu zirela.

Diputazioen eta udalen interesek aurrezki kutxen finantzabideekin bat egiteko prozesu honetan, aldaketa ekonomikorako bidea eman zen eta, ondorioz, sortu ziren giza-kapitala, industriarako lurzoru merkearen eskaintza eta hobari fiskalak onestea, eta lantegiak instalatu ziren sortzen ari ziren negozio aukerei erantzunez, gerraostearen amildegitik ateratzen ari zen gizarte batean. Artikuluan ondorioztatzen den bezala, nolabait, erakundeen erantzun egokiak bideratu eta sustatu zuen merkatuak aldez aurretik zeukan dinamika.

Ekonomia garatzeko planak

Francoren diktadurak, mendebaldeko Europarekin alderatuta atzerapenez, ekonomia eta gizartea garatzeko planak sustatu zituen politika ekonomikoaren beste pieza bat bezala, lurraldeen arteko desoreka zuzentzeko xedez. “Merkatuaren eta estatuaren bitartean. Garapen planak frankismo garaian” liburuak bereizi nahi du garapenaren erantzukizunaren zein zati dagokion ekintza publikoari, eta zein dagokion enpresaburu pribatuek sustatutako zikloaren dinamika hedatzaileari.

Liburuak hurbilpen bat eskaintzen du Estatuaren eta Merkatuaren arteko lankidetzak emandako emaitzei buruz, izaera orokorreko gaiak aztertzen ditu, aurrekontu eskasiatik eratorritako arazoak, Itundutako Ekintzaren onuradunak izan ziren enpresa handien estrategia; espainiar kasua sartzen du europar ikuspegian eta, gobernuak, inbertsioak eta enpresaburuak erakarriz, azpigarapenetik ateratzeko hautatutako herrialdeetan industrializazio berantiarraren adibide nagusiak aztertzen ditu (Galizia, Huelva eta Zaragoza).