• ES
  • EU
  • EN


2018ko urriaren 26a [Argitalpenak]

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Movilidades, trayectorias vitales y sostenibilidad rural” lana argitaratu du

Jesús Oliva Serrano irakasleak koordinatutako liburu horrek Aveiroko, Nafarroako eta Sevillako landa-inguruneak ditu aztergai

zoomArgitalpenaren koordinatzailea, NUPeko beste egileekin batera. Ezkerretik eskuinera, Andoni Iso, Elvira Sanz, Jesús Oliva eta Ion Martínez

Argitalpenaren koordinatzailea, NUPeko beste egileekin batera. Ezkerretik eskuinera, Andoni Iso, Elvira Sanz, Jesús Oliva eta Ion Martínez

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Movilidades, trayectorias vitales y sostenibilidad rural” lana argitaratu du (Mugikortasunak, bizi-ibilbideak eta landako jasangarritasuna), Jesús Oliva Serrano Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak koordinatua. Liburuak landa-munduaren garapenerako, gainbeherarako edo jasangarritasunerako faktoreak aztertzen ditu, bai eta horiei nola eragin dien ere, batetik, prozesu globaletan eta hiri-prozesuetan izan den ekonomien integrazioak eta, bestetik, eguneroko bizitzaren mugikortasun gero eta handiagoak. Lanak, hain zuzen, Aveiroko, Nafarroako eta Sevillako landa-inguruneak ditu ardatz.

Ikerketan aztertu da zer eragin daukaten lurralde-politikek bizi-ibilbideetan, eta nola eragiten dien horien azpiko berrikuntza sozialak familia-estrategiei (lanari, bizitegiari, zainketei eta abarri), aldaketen aurrean ematen diren erantzun gisa. Eguneroko joan-etorriek, IKTen erabilerak edo bizitegi-konbinazioek eta aldi baterako migrazioek “sendotu egiten dituzte lurraldeko kapital soziala, gazteen erroak, tokiko negozioak edo adinekoentzako, haurrentzako eta mendekotasunen bat duten pertsonentzako laguntza, hain zuzen murrizketa-politiken eta atzeraldi ekonomikoaren eraginpean hamar urte baino gehiago daramaten testuinguruetan”, adierazi du Jesús Olivak.

Liburuan I+G+b-ko Plan Nazionaleko “Mugikortasunak, dibertsitate soziala eta jasangarritasuna. Europako agendaren erronkak landa-garapenerako” proiektuaren emaitzak aurkezten ditu. Proiektu hori Espainian eta Portugalen garatu zen 2013 eta 2016 bitartean, soziologiako, arkitekturako eta lurralde-politikako zenbait ikertzaileren eskutik (Aveiroko Unibertsitatetik, Sevillako Unibertsitatetik, Pablo de Olavide Unibertsitatetik, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaletik (UHUN) eta NUPetik etorriak). Koordinatzaileaz gain, NUPeko ikertzaile hauek ere hartu dute parte Nafarroako Pirinioei buruzko ikerketan: Andoni Iso Tinoco, Elvira Sanz Tolosana eta Ion Martínez Lorea, Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailekoak guztiak. Liburua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “online” dendaren bidez eros daiteke.

Mugikortasunak, bizi-ibilbideak eta berrikuntza soziala landa-eremuetan

Elisabete Figueiredo (Aveiroko Unibertsitatea) eta Jonathan Teles ikertzaileek idatzi duten kapituluan itsasertzeko landa-izaera aztertzen da. Kapitulu horrek São Jacinto barrutia du ardatz, hots, Aveiroko itsasadar zabala Ozeano Atlantikotik bereizten duen lurmuturraren bukaeran kokatutako udalerria, Portugaleko kostaren erdialdean. Alkate-auzo hori isolatuta dago mugikortasun handiko eskualde horretan; izan ere, inguruan nagusi dira joan-etorri pendularrak, autopistak eta trenbideak, baita portuko konplexu logistikoa ere. “Kostaldearen kudeaketa integratua, jasangarritasun turistikoa edo hiriko presioa direla-eta hartu izan dira kontuan itsasertzeko lurraldeak, baina arreta txikiagoa eman zaie landako gizarte horiek dauzkaten berezitasunei, nahiz eta garrantzi handikoak izan”, baieztatzen da argitalpenean.      

Bi kapitulutan, bizi-proiektuetan eskualdea birdefinitzen duten politiken ondorioak erakusten dira lehenbizi (arrantzaren eta ontziolen birmoldaketa industriala, adibidez), eta, jarraian, aditzera ematen da zer bizitegi- eta mugikortasun-estrategia gauzatu dituzten bertakoek industriaren gainbeheraren eta berrantolaketa berriaren ondorioz, São Jacintoko Dunen natura-erreserba babesteko politika berrien eraginpean.

Bestetik, hiri inguruko landa-izaera zertan den jakiteko, Sevillako Gran Vegako eskualdea aztertu du liburuak. Lehenbizi, Sevillako Unibertsitateko ikertzaile talde batek aztertu du kasua, hots, Carmen Guerra, Mariano Pérez eta Carlos Tapia ikertzaileek. Andaluziako hiriburuarekiko harremanak direla-eta etengabean eraldatzen ari den lurralde metropolitano horren planeamendua eta konfigurazioa azaldu dituzte. Eta, bestalde, Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko ikertzaileek garatutako lana ageri da, Manuel T. Gonzálezek eta Inmaculada Monterok garatutakoa, zeinean, argitalpenean ageri denez, “errealitate konplexu bat gauzatzen duten morfologia soziologikoak eta bizi-proiektuak aztertzen baitira, bai metropoliko populazioaren eta industria barreiatzea jasan duten udalerriak, bai erregioaren planeamenduan kaltetuen gertatutakoak ere”.

Mendialdeko landa-izaera: Aezkoa, Erronkaribar eta Zaraitzu

Aztertutako azken tipologiak, hirugarrenak, mendialdeko landa-izaera du aztergai, eta Aezkoa, Erronkaribar eta Zaraitzu hartu ditu azterketarako. Argitalpenak dioenez, landa-izaera erresilientea da, baina berezitasun handikoa han errotzen ahal diren proiektu eta bizi-ibilbideei dagokienez, ezaugarri hauek baititu: populazio zaharra, gazte gutxirekin, eta, proportzioan, emakume eta etorkin asko. “Gainbehera ekonomiko eta demografikoa ez da mendialdeko eskualde guztietan gertatzen, baina urrutienekoetan antzinako prozesuetako ondorio guztiak biltzen dira (jendez hustea, zahartzea, etab.), eta, haiekin batera, joera berriagoak (turismoa, bigarren etxebizitzak). Hori dena, ezaugarri geografikoekin bat, zailtasun handia da eskualde horiek bizirik irauteko eta haien gobernamendurako”, dio Jesús Olivak.

Liburuaren azken partean, zenbait gogoeta daude, baita mugikortasunerako eta hibridazioetarako proposamen batzuk ere, landa-eskualdeetako ongizatea lortzeko beharrezkoak diren baliabide, zerbitzu eta eskuragarritasunak antolatzeko formulak errazteko. “Hiri inguruko eskualdeak, garai batean, landa- edo hiri-eskualde gisara antolatu beharreko anomaliatzat hartzen ziren, baina prozesu horien konplexutasunak eta denboran iraun izanak ondorio batera eraman gaitu: politika berariazkoak behar dituzten errealitate konplexutzat hartu behar ditugu gaur egun”, azaltzen zaigu argitalpenean. “Eta mendialdeko eta kostaldeko landa-populazio askok sekulako paradoxa bizi dute: aski aberatsak dira baliabideetan, baina pobreak zerbitzuetan eta bertaratzeko azpiegituretan. Gizarte horiek ondare natural eta kulturalen aberastasuna dute, baina, aldi berean, bertara iristeko zailtasun handiak, ahuldade demografikoak eta muga ekonomikoak”, ondorioztatzen du testuan.