• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikerketa batek aztergai du armada frankistaren gatibuek egiten zuten lan behartuaren sistema.

Juan Carlos García-Funes historialariak kontzentrazio-esparru frankistetatik antolatutako lanak lokalizatu, zenbatu eta azaldu ditu

zoomJuan Carlos García-Funes, NUPeko doktore berria.

Juan Carlos García-Funes, NUPeko doktore berria.

Matxinatuek Gerra Zibilean eta gerraostean (1937-1945) antolatutako lan behartuaren batailoiak “gatibutzan egindako lanen sistema handiena izan ziren Espainia garaikidean”. Kontzentrazio esparruetako preso kopuru handia zela eta, parte bat batailoi horietara bideratu zen, eta altxamendu militarraren aurkako jarrera frogatua edo zalantzazkoa zutenak aukeratu zituzten batailoietako kide izateko. Dozenaka mila pertsona izan zituzten (1939an 100.000 inguru), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Juan Carlos García-Funes historialariak (Segovia, 1986) defendatutako doktoretza-tesiaren arabera. Horien artean, Gerra Zibileko presoak ez ezik, gerra amaitu ondoren esplotazio modu horretara behartuak izan ziren gazteak ere bazeuden (erregimen berriaren "aurkakoak" esaten zitzaien), zerbitzu militarra egin behar zutenak eta Tasen Fiskaltzak zigortutakoen parte bat. Fiskaltza horrek estraperloaren aurkako borrokaren ardura zuen.

Emilio Majuelo Gil eta Fernando Mendiola Gonzalo Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleek zuzendu dute ikerketa, eta bertan ikertzaileak aztergai izan du kontzentrazio esparruen sistemako lan behartua, 1937an esparru horien sorreraren bultzatzaile nagusia izan zen erakundea sortu zenetik (Gerrako Presoen Kontzentrazio Esparruen Ikuskaritza) 40ko hamarkadaren lehen erdian pixkanaka desegin zen arte. Lan behartuaren antolaketa, lokalizazioa, alderdi ekonomikoak eta presoen bizipenak aztertu ditu.

Lan behartuen sistemak ukitutako pertsona kopurua ezagutzeko erronka korapilatsua geratzen bada ere, 1937tik 1945era bitarteko eskulanaren kopuruak jasotzen ditu tesiak. Hala, 1939 hasieran, 250.000 gatibu inguru zeuden kontzentrazio esparruetan preso (horietatik 100.000 inguruk lan behartua egiten zuten). Gatibu langileen kopurua ez zen 30.000tik jaitsi 1942 arte, eta 50.000tik gertu egon zen data horretara arte.  Gutxienez lan behartuko 291 batailoiren arrastoa aztertu du ikertzaileak. Horiei gehitu behar zaizkie dozenaka unitate, batailoi egitura izan gabe, zenbait eginkizun bete zituztenak gerran, armadako gorputzen, erregimentuen, komandantzia militarren eta beste erakunde militarren zerbitzura, bai eta lantegi militarren eta militarizatuen zerbitzura ere.

Lan militarrak eta zibilak

Lan behartuak bideratuta zeuden, kasu batzuetan, logistika arloko behar hertsiki belikoetara (gotorlekuak, lubakiak egitea, materiala berreskuratzea, intendentzia...), eta, behin gerra bukatutakoan, erabilera zibilera bideratu ziren, edo zuzenean "lan zibilak" izan ziren (nekazaritza lanak, basotzeak, urtegiak...).

Estatua izan zen lan sistema horren onuraduna, armada izan baitzen enplegatzaile handienetariko bat. Haren atzetik datoz agintari zibilak, eta, neurri txikiagoan, enpresak, elizgizonak eta partikularrak. Baliabide mugatua zenez, ez zen arinki uzten, ezta doan ere, eta Francisco Francok erabakitzen zuen Generalísimoaren Kuartel Nagusian non erabiliko zituzten gatibuak eta zein baldintzatan. “Agintari zibilek, partikularrek, enpresek eta elizgizonek ordaindu egin behar zioten Estatuari gatibuak erabiltzeagatik, eta, horretaz gainera, ostatua eman eta zaindu egin behar zituzten. Nolanahi ere, onuradunak ziren, eskulan —urria baitzen orduan — merkeagoa, eskarmentuduna, diziplinatua lortzen baitzuten eta ofiziodun profesionalak ”, azaldu du García-Funesek.

Tesiak “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta esplotazio hori pairatu zutenen oroitzapenetan eta autobiografian oinarritutako lan behartuaren esperientzia subjektiboan ere sakondu du. Haietan, García-Funesek lekukotasunak aurkitu ditu hainbat gairi buruzkoak, hala nola ustelkeria, zigor fisiko eta psikologikoak, harremanak populazio zibilarekin eta gatibuen egoera, “batzuek gerran ere izan ez zituzten klima eta giza baldintzetan lanaldi luzeetan lan egitera behartuak, zeinetan hezetasunak, hotzak, istripuek, gaixotasunek eta eraso fisikoek beren gorputzei eragiten baitzien”.

Curriculum laburra

Juan Carlos García-Funes Historian lizentziatu zen 2010ean Unibertsitate Konplutentsean (UCM) eta Historia Garaikideko Ikerketako Unibertsitatearteko Masterra egin zuen UCM-n eta Zaragoza Unibertsitatean (2011-2012), NUPen doktoretza titulua lortu baino lehen, non 2012tik 2015era Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Funtseko ikertzailea izan baitzen.

Bere ikerketa-lerroak hauek dira: indarkeria frankista Gerra Zibilean eta lehen frankismoan, eta katolizismo soziala eta haren propaganda-alderdia. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Espetxearen eta Zigor Erakundeen Historiari buruzko Ikerketa Taldeko eta Historia Sozialaren Gelako kidea da. “A recoger bombas: batallones de trabajo forzado en Castilla y León (1937-1942)” liburuaren egilea da.

Proiektu eta erakusketa hauetan parte hartu du: “Tras las rejas franquistas” ( Foro por la Memoria de Segovia 2008 elkartearen dokumentu liburua eta erakusketa), Gerra Zibileko eta Diktadurako indarkeriari buruzko beste dibulgazio-erakusketa batzuk (“La dictadura de Franco: cuarenta años de represión” eta “España en guerra: violencia en las retaguardias”).