Armando Rodríguez Rodríguez (Pinar del Río, Kuba, 1993) ingeniariak doktoretza-tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP); lanean, hiri adimendunetako (“smart cities”) azpiegituretan integratutako zuntz optikozko sentsore optikoen erabilera jorratzen du. Teknologia horretatik abiatuta (telekomunikazioei lotuta egon ohi da), ur sareak, ingurumenaren egoera, azpiegiturak eta garraio fluxuak, besteak beste, kable sare konbentzionalen beharrik gabe monitorizatzeko modu berriak planteatzen ditu ikerketan; izan ere, datuak doazen kabletik bertatik transmititzen da energia.
Armando Rodriguezek azaldu duenez, “zuntz optikoan oinarritutako sentsoreek aukera ematen dute zenbait parametro fisiko –hala nola tenperatura, hezetasuna, presioa eta deformazioa– oso modu zehatzean neurtzeko, eta, horretarako, argia transmititzen duten beirazko edo plastikozko hari oso meheak erabiltzen dituzte”. Ingeniariak hiri adimendunen testuinguruan aplikatu ditu sentsore horiek. “Hiri-ingurune horiek teknologia aurreratuak dituzte pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, bai eta zerbitzu publikoak optimizatzeko eta baliabideen erabilera eraginkorragoa egiteko ere”, gaineratu du.
Uholdeak prebenitzea
Ikerketak zuntz optikozko sentsore puntualak izan ditu ardatz, gai baitira puntu jakinetan zenbait aldagai erregistratzeko, hala nola tenperatura, hezetasuna, presioa eta deformazioa, eta hori “ezin hobea da egitura batzuetan monitorizazio lokalak egiteko, adibidez ubideetan, zubietan edo garraio sareetan”. “Adibide bat ematearren, aztertutako kasuetako bat ibai eta kanaletako ur-emaria neurtzea izan zen; izan ere, horretarako erabili diren sentsoreak apur bat deformatu egiten dira jarioarekin kontaktuan jartzen direnean, eta, horrela, datu erabilgarriak lortzen dituzte aldaketa horietatik –hala azaldu du ikertzaileak—. Halaber, sentsore horiek berak ingurumenaren egoera erregistratzeko probatu ziren, bai airean, bai lurrean, hala nola lurreko tenperatura eta hezetasuna neurtzeko, eta hori oso baliagarria izaten ahal da berdeguneak kudeatzeko, uholdeak prebenitzeko edo hirietako mikroklimak kontrolatzeko”.
Tesiaren berrikuntza nabarmenetako bat da Power-over-Fiber izeneko teknologia ere aztertu duela (zuntz optikoaren bidezko elikadura). Ikertzaileak azaldu duenez, “zuntzean dagoen argi-energia energia elektriko bihurtzeko ez ezik, komunikazioetarako informazio erabilgarri gisa aprobetxatzean datza, zuntz optikoko kable bera erabiliz. Sistema horrek urruneko kokapenetan edo sarbide zaileko kokapenetan dauden sentsoreak ohiko instalazio elektrikoetara jo gabe elikatzeko aukera ematen du, eta horrek “instalazioa sinplifikatu eta arriskuak murrizten ditu”. Gainera, doktoretza-tesiaren egileak sentsore optikoak eta sentsore elektronikoak uztartzen dituzten sare hibridoak diseinatzea proposatzen du, horren bidez bien abantailak integratu eta sistemaren malgutasuna eta autonomia handitzeko.
Aldaketa kimikoekiko sentikorrak diren sentsoreak
Tesian zuntz bereziekin eta aldaketa kimikoekiko –esaterako uraren azidotasun mailarekiko (pH delakoa)– sentikorrak diren materialekin garatutako sentsoreak ere aurkeztu ditu; horrek aukera irekitzen du sentsore horiek ingurumen kalitatearen kontrolean edo saneamendu sareetan erabiltzeko. Gainera, egituretan bihurdura edo biratzeak detektatzeko gai den sentsore bat ere diseinatu du Armando Rodriguezek, eta baliteke eraikinetan, azpiegitura zibiletan edo makinerian aplikatzeko modukoa izatea. Gailu guztiak esperimentalki baliozkotu dira, baldintza errealetan, eta Armando Rodriguezen hitzetan, horrek “irtenbideak bideragarriak direla eta haien erabilerak gora egin dezakeela frogatzen du”. Haren tesia NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) bi ikertzailek zuzendu dute: Manuel López-Amo Sainz katedradunak eta Mikel Bravo Achak.
“Telekomunikazioetan duen erabilera tradizionaletik haratago, zuntz optikoa funtsezko tresna bihur daiteke gure hiriak adimentsuagoak, seguruagoak eta iraunkorragoak egiteko”, adierazi du egileak; bestetik, sentsore horiek datuen sareekin konektatzeko aukera nabarmendu du, hala nola Gauzen Internetekin (IoT) eta 5G komunikazioetan oinarritutako etorkizuneko azpiegiturekin. “Azken finean, bere burua argiaren bidez ezagutzen duen hiri baten aldeko apustua egiten duen ikerketa da”, ondorioztatu du ikertzaileak.
Curriculum laburra
Armando Rodríguezek 2017an lortu zuen Telekomunikazio Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Elektronikoko titulua Pinar del Rioko Unibertsitatean (Kuba), eta irakasle lanetan ere aritu da bertan.
Tesia garatu bitartean, Smart Cities Institutuko (ISC) kide izan da doktoratu aurreko ikertzaile gisa. Era berean, nazioarteko prestakuntza-programetan ere hartu du parte, Flandesko (Belgika) Unibertsitatearen eta Kubako Informatika Zientzien Unibertsitatearen arteko VLIR-UOS lankidetza-proiektuaren bidez antolatutako Graduondoko Hezkuntza Eskolako kide izan baita. Bere ikerketaren ibilbideak honako hauek izan ditu ardatz: zuntz optikozko sentsoreak, zuntz optiko mikroegituratuak, Bragg zuntzezko sareak, eta energia-atzitzean eta Power-over-Fiber teknologian oinarritutako sistemak.