Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile talde batek eredu aurreratu bat garatu du energia biltegiratzeko sistemen portaera zehaztasunez simulatzeko; sistemak litiozko ioien baterietan oinarritzen dira. Lan hori HYBPLANT proiektu estrategikoaren barruan kokatzen da, eta haren helburua da energia eolikoa eta eguzki energia fotovoltaikoa konbinatzea hidrogeno berdea eta bateria berriak eta berrerabiliak (lehenbiziko eta bigarren bizitza) erabiltzen dituzten biltegiratze sistemekin, instalazio berriztagarriek modu eraginkorragoan eta jarraituagoan funtziona dezaten.

zoom proyecto almacenamiento baterias

Ezkerretik eskuinera: Alberto Berrueta, Ane Pérez Ibarrola, Idoia San Martín, Alfredo Ursúa eta Pablo Sanchis, Arrosadiko campuseko Pinuak eraikinean.

Pablo Sanchis Gúrpide katedradunak zuzentzen duen INGEPER ikerketa taldeak (Ingeniaritza Elektrikoa, Potentziaren Elektronika eta Energia Berriztagarriak) sortutako ereduak aukera ematen du baterien funtzionamendu elektriko eta termikoa eta zehatz-mehatz kopiatzeko, bai eta bateriak bizitza erabilgarrian zehar duten zahartzea ere. Horren aplikazioak biltegiratze sistemek beharko luketen tamaina zehaztasunez kalkulatzen laguntzen du, eta, halaber, aukera ematen du bateria baten osagaien arteko desberdintasun txikiek funtzionamenduan nola eragin dezaketen aztertzeko, zenbait motatako teknologia energetikoak konbinatzeko eta instalazioetan energiaren erabilera kontrolatzen eta optimizatzen duten sistemak garatzeko.

Fidagarritasuna baliozkotzeko, NUPek Arrosadiko campusean dituen azpiegitura propioak erabili ditu ikerketa-taldeak, hala nola Energia Biltegiratzeko eta Mikrosareetako Laborategiko mikrosare esperimentala eta hiri-autobus elektrikoen karga azkarreko geltokia, Ikasgelategiko atarian dagoena. Instalazio horiek ereduaren errendimendua egiaztatzeko balio izan dute, ohiko funtzionamendu baldintzetan eta denbora errealean.

“Eredua hidrogeno berdea ekoizteko instalazioetan duen aplikazio nagusian pentsatuz diseinatu bada ere, haren aldakortasunak eta zehaztasunak tresna erabilgarri eta potentzial handiko bihurtzen dute beste testuinguru batzuetarako ere, hala nola mugikortasun elektrikorako edo energia berriztagarriak sare elektrikoan integratzeko”, azaldu du Alfredo Ursúa Rubio katedradunak, proiektuaren ikertzaile nagusiak.

Proiektuan parte hartu duen NUPeko taldea INGEPER taldeko ikertzaileek osatzen dute, honako hauek zehazki: Ane Pérez Ibarrola, Idoia San Martín Biurrun, Ernesto Barrios Rípodas, Alberto Berrueta Irigoyen eta Eugenio Gubía Villabonak, eta arestian aipatutako Pablo Sanchisek eta Alfredo Ursúak.

Partzuergo estrategiko batean parte hartzea

HYBPLANT proiektua Nordex Energy Spainek koordinatu du, Ingeteam, Beeplanet Factory, CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala) eta NUPen partaidetzarekin, eta 1,29 milioi euroko finantzaketa jaso du Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren aldetik, I+G proiektu estrategikoetarako laguntzen 2022-2025 aldirako deialdian, AERO erronkaren esparruan.

NUPek garatutako baterien ereduaz gain, partzuergoak honako hauetan egin du lan: aerosorgailuei sare elektrikoa beren kabuz egonkortzeko aukera ematen dieten sistemetan (“grid-forming” izenez ezagutzen dira), sortutako elektrizitatea sarearekin bateragarri bihurtzen duten ekipoen (potentzia bihurgailuak) hobekuntzan eta ekoizpen berriztagarriaren aurreikuspenak datu meteorologikoetan oinarritutako teknika aurreratuen bidez fintzean. Garapen horiek guztiak probako ingurune errealetara eraman dira, eta, horri esker, etorkizuneko instalazio komertzialetan duten aplikagarritasuna ebaluatu ahal izan da. 

Aurrera begirako sakontzea eta jarraitutasuna

HYBPLANT proiektua amaitu ondoren, partzuergoak aurrera begira beste sakontze eta balidazio fase batzuekin jarraitzea aurreikusten du, baldintza errealetan, garatutako ereduak doitzeko eta haien jarduera optimizatzeko. Era berean, energia berriztagarrien proiektu berrietan aplikatzea planteatzen da, instalazio hibridoen plangintza eta ezartzea hobetzeko eta energia-biltegiratzean eta hidrogeno berdearen ekoizpenean oinarritutako negozio eredu berriak aztertzeko.