Arantxa Bujanda Sainz de Murieta NUPeko irakasle eta erizainak diabetesa dutenek elkarri laguntzeko “online” komunitate bat diseinatu eta ebaluatu du. CompARTE Diabetes da komunitatearen izena. Ikerketak bere doktoretza-tesia osatzen du, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin da Nafarroako Diabetes Elkartearekin (ANADI) lankidetzan. Nely Soto Ruiz, Paula Escalada Hernández eta Leticia San Martín Rodríguez, NUPeko irakasle eta ISC Institutuko ikertzaileek zuzendu dute lana.
Diabetes mellitusa gaixotasun kronikoa da, eta gero eta prebalentzia handiagoa du; dagoeneko 589 milioi pertsonak dute gaitza munduan. “Gaixotasuna dela eta, norberaren burua etengabe zaindu behar da, tratamenduari buruzko erabakiak hartu eta samurrak ez diren ziurgabetasunei buru egin. Beraz, askotan alderdi emozionalean eta sozialean ere badu eragina. Nahitaezkoa da osasun langileek artatzea, baina tesiak agerian jartzen duenez, diabetesa duen norbait hobekien ulertzen duena diabetesa duen beste norbait da. Kontzeptu horri parekoen arteko laguntza deritzo, eta osasun-laguntzaren osagarri izan daiteke”, esan du tesiaren egileak.
18 urtetik 75 urtera bitarteko 103 lagunek parte hartu zuten ikerketan. Gehienek 1 motako diabetesa zuten, eta esperientzia zuten teknologien erabileran.
“Online” komunitatearen diseinua, inplementazioa eta ebaluazioa
Tesia bi fasetan banatu zen: “online” komunitatearen diseinua eta inplementazioa, Bujandak berak moderatua diabetesean espezialista den erizain gisa, alde batetik, eta ebaluazioa bestetik. Komunitatea diseinatu zen erabiltzailean zentratutako ikuspegi batekin, bere beharrak zein ziren zehaztuz, eta lau arlo nagusitan antolatu zen: elkarrizketarako foro tematiko bat, baliabide erabilgarriak, parte-hartzaileen profila eta erabiltzailearentzako gune pertsonala. “Komunitate segurua eta hurbilerraza da, eta diabetesa dutenek esperientziak partekatu eta zalantzak argitzen ahal dituzte eta lagunduta sentitzen dira”, zehaztu du tesiaren egileak.
Ebaluazioari dagokionez, metodo kuantitatiboak eta kualitatiboak baliatu zituzten osasuneko teknologien arrakastan (edo porrotean) eragina duten faktoreak, erabilgarritasuna eta funtzionaltasuna ezagutzeko. Orobat osasun arloko profesionalen iritzia ere aintzat hartu zen, tresna horiei buruz zer iritzi duten eta zainketen bidez laguntzeko zer zeregin izan dezaketen ulertzeko. “Ebaluazioak oso emaitza positiboak izan zituen erabilgarritasunari dagokionez, eta bereziki baloratu zuten erizain moderatzaile bat egotea, elkarrizketetan argitasuna, errespetua eta segurtasuna eman baitzituen”, adierazi du egileak. “Horrela frogatu da osasun arloko profesionalek moderatutako online komunitate batek diabetesarekin bizitzeko esperientzia hobetu dezakeela, eta laguntza emozionala, norberaren buruaren zaintza eta berdinen arteko ikaskuntza bultzatu”, ondorioztatu du.
Proiektuak jarraipena izanen du aplikazio mugikorraren formatuarekin garatuko baita, eta Nafarroako eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargoen aitorpena jaso du. Horrez gain, finalista izan da zaintzako berrikuntzari eta eraldaketa digitalari buruzko Espainiako sarietan.
Arantxa Bujandaren CV laburra
Arantxa Bujanda NUPeko erizain egresatua eta irakaslea da, eta ikertzen dihardu diabetesaren arloan eta osasun digitaleko hezkuntzan. Egun, irakasle laguntzailea da NUPeko Osasun Zientzien Sailean, eta Inno-CARE ikerketa-taldeko kidea da. Bi master egin ditu: Diabetesa duten Pertsonen Arreta eta Hezkuntzarako Oinarrietako Masterra Bartzelonako Unibertsitatean (2019) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako Irakasleen Prestakuntzako Masterra Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean (2021).
2017tik 2022ra bitartean, Nafarroako Diabetes Elkartean (ANADI) eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan lan egin zuen. Diabetesean hezteko hainbat proiektu berritzaile bultzatu ditu, hala nola “Diabescape”, gaixotasunari buruzko escape room bat, Vila Saborit Fundazioaren erizaintzako lehen ikerketa-saria jaso zuena 2019an; “Diabegame”, diabetesa dutenek beren gaixotasunari buruz ikasteko jolasa, edo “Diabenet”, osasun arloko profesionalentzako prestakuntza-ikastaro berritzailea. Gaiari buruzko Espainiako eta nazioarteko zenbait argitalpenen egilea ere bada.
Bere tesiak nazioarteko aipamena du, hiru egonaldi egin baitzituen Herbehereetako, Finlandiako eta Hegoafrikako erreferentziazko zentroetan. Egonaldi bakoitzak hilabeteko iraupena izan zuen.