Joan eduki nagusira

Mar Rubio-Varas Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Saileko katedradun eta Enpresari eta Ekonomiari buruzko Ikerketa Aurreraturako Institutuko (INARBE)  ikertzailea da, eta hitzaldi magistral bat eman du Historia Ekonomikoari buruzko Mundu mailako XV. Biltzarrean (WEHC 2025 , ingelesezko sigletan). Biltzarra aste honetan egiten ari dira Lunden (Suedia). Lehenengo aldia da Espainiako Historia Ekonomikoaren Elkarteko kide batek nazioarteko foro horretan hizlari nagusi gisa parte hartzen duena. Diziplina horretako ekitaldi garrantzitsuena da biltzar hori.

zoom Mar Rubio-Varas, NUPeko katedraduna, hitzaldia ematen.

Mar Rubio-Varas, NUPeko katedraduna, hitzaldia ematen.

Rubio-Varasen hitzaldi magistralak “Greening the Past, Informing the Future: Economic History 's Dual Role in Sustainability Challenges” du izenburua, eta biltzarraren gai nagusiarekin lotuta dago: “Berdintasunaren eta jasangarritasunaren erronkak”.

Energiaren historian espezialista

Mar Rubio-Varas, London School of Economics-eko (Erresuma Batua) doktore eta masterduna eta Ekonomian lizentziaduna Madrilgo Carlos III Unibertsitatean, energiaren historiako eta trantsizio jasangarrietako ospe handiko espezialista da. Ikerketa-ibilbide luzea egin du energia-sistemen eta haien bilakaeraren analisi historikoan zentratuta. Bere lanak lagungarri izan dira iraganeko energia-trantsizioak eta horiek klima-aldaketaren egungo erronkei heltzeko duten garrantzia ulertzeko.

zoom Lundeko WEHC 2025 biltzarrean izan diren NUPeko historialari ekonomikoak.  Ezkerretik eskuinera: Cristian Ducoing, Joseba De la Torre, Mar Rubio-Varas, Sara Torregrosa, José Miguel Lana eta Alejandro Ayuso.

Lundeko WEHC 2025 biltzarrean izan diren NUPeko historialari ekonomikoak. Ezkerretik eskuinera: Cristian Ducoing, Joseba De la Torre, Mar Rubio-Varas, Sara Torregrosa, José Miguel Lana eta Alejandro Ayuso.

NUPeko katedradunak Historia Ekonomikoari buruzko Mundu mailako Biltzarreko edizio guztietan parte hartu du 2002tik, eta 2025eko edizioan, Joseba de la Torre Campo NUPeko katedradun eta INARBE Institutuko ikertzailearekin batera, honako saio hau antolatu du: “Garapen ekonomikoaren dinamikak aztertzea teknologia berdeen bidez: arrakastak, porrotak eta eskualdeen arteko diferentziak”.

Bilera zientifiko horretan, NUPeko Historia eta Erakunde Ekonomikoen arloko beste lau ikertzailek parte hartu dute beste saio batzuetan: José Miguel Lana Berasain, Alejandro Ayuso Díaz, Sara Torregrosa Hetland eta Cristian Ducoing Ruiz.

Erreferentziazko nazioarteko hitzordua

Historia Ekonomikoari buruzko Mundu mailako Biltzarra hiru urtean behin egiten da, eta diziplina horretako nazioarteko hitzaldi zientifiko nagusia da. Mundu osoko 1.500-2.000 parte-hartzaile biltzen ditu normalean. Izan ere, biltzarra interesgarria da ez bakarrik historia ekonomikoan aritzen direnentzat, baita historian, zientzia politikoan, enpresen kudeaketan, soziologian, demografian, geografian, antropologian, etnografian, psikologian, filosofian, zientziaren eta teknologiaren historian eta are natur zientzietan eta bizitzaren zientzietan lan egiten dutenentzat ere.

Lundeko 2025eko edizioa uztailaren 28an, astelehena, hasi zen eta gaur, abuztuak 1, amaituko da. Aurtengo edizioa jasangarritasunaren eta berdintasunaren erronka garaikideetan zentratu da. Ekitaldia zuzenean ematen ari dira YouTube-n  edonork izan dezan hitzaldi magistraletarako eta saio nagusietarako sarbidea.