Eunate Ortega Erice Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduatu bikoitzak bere gradu amaierako lanen emaitza esanguratsuenak aurkeztu ditu psikologiako prestakuntza jarraituari buruzko nazioarteko II. biltzarrean. Rey Juan Carlos Unibertsitateak eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak batera antolatu eta “online” egin da biltzarra. Bi lanek hamar kalifikazioa lortu dute, eta Esperanza Bausela Herreras NUPeko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasleak zuzendu ditu.
Ikasleak “Eskola inklusibo baterantz lehen urteetatik: Haur Hezkuntzan inklusio planak diseinatzea eta ezartzea” izenburuko komunikazio bat aurkeztu du. Komunikazioak aztergai du hezkuntzaren esparruan gaurkotasun handia duen gai garrantzitsu bat: aniztasunaren inklusioa lehen eskolatze-urteetatik.
Lanaren abiapuntua da haur guztiek dutela beren beharretara egokitutako kalitateko hezkuntza jasotzeko eskubidea, eta proposatzen du inklusio-plan espezifikoak diseinatu eta ezartzea Haur Hezkuntzan (0-6 urte) eta Lehen Hezkuntzan (6-12 urte). Proposamen horiek oinarritzen dira Ikaskuntza Kooperatiboan eta ekitatearen, inklusioaren eta hezkuntza-komunitate osoaren, bereziki familien, parte-hartze aktiboaren printzipioetan oinarritutako ikuspegi metodologikoan.
Proiektuak hezkuntza-inklusioari buruzko berrikuspen teorikoa, hainbat ikastetxetako benetako planen azterketa dokumentala eta tresnen aplikazioa biltzen ditu, hala nola profesionalei egindako elkarrizketak eta behaketa-erregistroak. Ondorioz, bi inklusio-plan diseinatu dira, LOMLOErekin eta Nafarroako Foru Komunitateko araudiarekin lerrokatuta, eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren (DUA) printzipioekin integratuta. Bi planek badituzte ohiko neurriak eta neurri bereziak aniztasuna lantzeko, estrategia pedagogiko inklusiboak eta ebaluazio eta jarraipen mekanismoak. Aipatzekoa da etapen arteko koherentzia metodologikoa, ikasleen trantsizioa erraztu eta ikaskuntzako ekitatea indartzen baitu.
Emaitzek erakusten dute planen ezarpena lagungarri dela beharrak garaiz detektatzeko, eskolako bizikidetza hobetzen duela, ikasleen motibazioa areagotzen duela eta familiaren esku hartzea eta irakasleen koordinazioa handitzen. Arauak betetzetik harago, egileak defendatzen du inklusio-planek tresna praktiko eta eraldatzaileak izan behar dutela, hasierako urteetatik benetan inklusiboa izanen den eskola bat sortzeko gai direnak.