Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) epea ireki du “Europar Proiektuen Sustapena eta Kudeaketa” ikastaroan izena emateko. Formatu presentzialean eginen da, irailetik abendura bitartean, ostegun eta ostiral arratsaldeetan. Ikastaroa 60 ordukoa da (7,5 ECTS kredituren baliokidea), eta haren helburua da enpresa eta beste erakunde batzuetako langileen kualifikazioa hobetzea Europar Batasuneko (EB) programetan parte har dezaten. Nafarroako Gobernuak finantzaturiko ikastaro honetan interesa dutenek online eman beharko dute izena, NUP Fundazioaren bidez, abuztuaren 29ra arte.


Sario eraikina, bertan eginen baitira “Europar Proiektuen Sustapena eta Kudeaketa” ikastaroko eskolak.
Sara Marcelino Sádaba irakasleak zuzenduriko ikastaro honen helburu nagusia da parte-hartzaileei gaitasuna ematea beren erakunderako egokienak diren Europako programak identifikatzeko, dirulaguntzak lortzeko aukera handiak dituzten ideiak sor ditzaten sustatzea, eta 2021-2027 denboraldiko Urte Anitzeko Finantza Esparruko lehiaketa bidezko programetan proposamenek arrakasta izateko aukerak areagotzeko teknikak irakastea.
Ikastaroa egiteko, beharrezkoa izanen da unibertsitateko titulua izatea; halaber, lehentasuna emanen zaie ingeleseko B2 maila egiaztatua dutenei. Enpresa bereko gehienez ere lau lagunek parte hartzen ahalko dute.
Orain arte egin diren edizioetan, osotara 190 lagunek lortu dute diploma.